2012ko otsailean onartutako Gizarteratzeko Errentaren Legeak ez diela egungo gizartearen beharrei erantzuten salatu du Beatriz Villahizanek, Oinarrizko Errenta Jasotzeko Eskubidearen Aldeko Plataformako kideak (Burgos, Espainia, 1982). Gainera, oharta...
@sarean
Landa eremuko eskolen inguruan informazioa lantzen duten zenbait webgune.
• http://www.hikhasi.com/artikulua/1937. Artikulu honetan Hik Hasi hezkuntza aldizkarian Nafarroako landa eremuko eskolen kasua lantzen du.
• www.escuelarural.net .Gaiaren inguruko zenbait artikulu daude.
Baztan inguruko landa eskoletan ikasten duten ikasleak.
Zugarramurdi, Urdazubi eta Baztanen hamaika landa eremuko eskola edo eskola txiki daude. Orotara, 55 irakasle aritzen dira ikastetxe horietan lanean 368 ikasleri eskolak ematen.
Bi burutazio
Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen —gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso—, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.
Billabesena. Garai batean, Cotup izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko Billabesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.
Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hori, ezartzekotan, "oso ongi" aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina billabesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta billabesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?
Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean, papera eta kartoia; eta laugarrenean, materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hori dela eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.
Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?
3Blai aisialdi programan izena emateko epea ireki dute
Gazteentzako aisialdi programa da 3Blai. Ikasturtean zehar aisialdirako talde egonkorra sortzea da ekinaldiaren helburua. Oraingoz, taldeak Aranguren ibarrean, Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Olatzagutian, Bakainkun, Iturmendin eta Urdiainen daude...
Txikitasunean dago aldea
Ez dira asko, baina bai nahikoak. Duela zenbait urte ixtekotan izan ziren, baina aurrera jarraitzeko moduan izan ziren. Hemeretzi ikaslek ikasten dute egun Arraiozko eskolan. Ikastetxe berezia da, landa eremuan dagoelako. Baztanen, Zugarramurdin eta Urdazubin dauden hamaika eskola txikietako bat da, hortaz, Arraiozkoa.
Bi ikasgela besterik ez daude. Junkal Iparragirre aritzen da 3 eta 6 urte arteko ikasleekin eskolaren egoitzaren goiko solairuan irakasle lanetan. Zuzendaria ere bada. Behekoan, berriz, Miren Goñi aritzen da Lehen Hezkuntzakoekin. Igandean, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen festaren ospatuko dute seigarren aldiz Arraiozen bertan.
09:30ean hasten dute jarduna Arraiozko eskolako haurrek. Iparragirrek goxo egiten die harrera haurrei. Aurten 3 urteko bost ikasle berrik hasi dute ikasturtea; tartean, Igor eta Uxue anai-arreba bikiek. Oraindik negarti dabiltza, baina irakasleak laster goxatzen ditu. Hamahiru urte daramatza Arraiozko eskolan lanean Iparragirrek, eta agerikoa da denbora horretan pilatu duen esperientzia. Datozen urteetarako eskolaren iraupena ziurtatuta dagoela jakinarazi du pozik, herrian haurrak jaiotzen ari direlako.
Iparragirreren gelan 3 eta 6 urte bitarteko haurrek ikasten dute. Guztiak gela berean. Hiri handietako eskoletako ereduarekin alderatuta, oso ezberdina da. Adin aniztasunari onura asko ikusten dizkio Arraiozko eskolako zuzendariak. "Adin ezberdinak gela berean izatea abantaila handia da, eta hagitz egoera aberatsa da. Gehienetan, handiak eredu arrunt onak dira txikientzat, elkar imitatzen dutelako".
Hezkuntza aldetik ona den arren, noiz edo noiz zailtasunen bat ere sortzen da beste ikastetxeetan bezala. Izan ere, handiek beren handitasuna baliatzen dute txikiak mendean hartzeko. Hala ere, irakasleak, joera horren jakitun, ez ditu ikasleak bistatik galtzen.
Lehen Hezkuntzako gela eskolaren beheko solairuan dago. Duela lau urtetik hona, Goñi da irakaslea. Ikasgela bakarra duten arren, kurtso bakoitzak bere txokoa du. Azkar batean egiten du salto Goñik lehenengo mailan daudenei geometriaren inguruko zalantza bat argitzetik batuketak nola egin behar diren esplikatzera. Bera ere, eskola txiki batean ikasitakoa da, Oronozko eskolan ikasi baitzuen.
Eskolen arteko elkarlana
Hamabi urte betetzean, eskualdeko eskola txikietako haurrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastera Lekarozko institutura joaten dira. Gainontzeko eskoletako ikasleekin harremanak sendotzeko asmoz, asteazkenero 6 urtetik gorako ikasleak Iruritako erreboteko eskolan izaten dira, ingelesa, gorputz hezkuntza eta musika lantzeko. "Iruritan elkartzen dira hamar eskoletako lehenengo mailatik seigarren mailako ikasleak. Arrunt antolatua dago eta arrunt esperientzia aberasgarria da". Adin bereko hogei bat ikasle izaten dira gela bakoitzeko Iruritako eskolako saioetan.
Asteazkenak profitatzen dituzte eskualdeko ikasleen arteko harremanak sendotzeko. Horrez gain, irakasleak astero biltzen dira, besteak beste, ingurumenarekin lotutako gaiak proiektuen bidez lantzeko. Hala ere, hartu-eman horietan gurasoen artekoak indartzea falta zela ohartu ziren.
Horregatik, duela sei urte Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskolen festa antolatzen hasi ziren. "Irakasleak, haurrak, gurasoak denak batera egoteko modua da", dio Iparragirrek. Amaiur, Zugarramurdi, Irurita, Oronoz eta Erratzuren ondotik iritsi da Arraiozen garaia. Beste behin, igandean, txiki izatearen handitasuna aldarrikatuko dute.
Donapeako lurren jabetza gobernuaren esku utzi du Iruñeko Udalak itun bidez
Iruñeko Udalak Donapeako institutuko orubearen jabetzari uko egin dio Nafarroako Gobernuarekin sinatu duen hitzarmenean. Ondorioz, Nafarroako Gobernua da orubearen jabea, eta Ikerkuntza Mediko Aplikaturako Fundazioari saltzeko asmoa du. Fundazioa Nafarroako Unibertsitateak sortua da, eta Nafarroako campusean hiru ikerketa zentro eraikiko dituzte. Horrela adostu baitzuten gobernuak, unibertsitateak eta fundazioak 2011n sinatutako protokolo batean.
Asteartean adostutako hitzarmenaren arabera, gobernuak udalari Etxabakoitzen duen orube bat emango dio, Donapeako lurren ordainetan. Eta udalak Lanbide Heziketako campus bat eraikiko du. Hitzarmena oposizioko talde gehienek kritikatu dute. Euren ustez, baliabide publikoak erabiltzen ari dira erakunde pribatu baten alde egiteko, kasu honetan Nafarroako Unibertsitatearen alde.
Oposizioaren kritikak
Donapeako proiektua aspalditik dago Nafarroako politikarien agendan. Udaleko zein parlamentuko oposizioko talderik gehienak operazioaren aurka agertu dira hasieratik. PSNk, ordea, jarrera aldakorra izan du azken hilabeteetan.
Iruñeko Udaleko Nafarroa Baik salatu du Donapeako hitzarmenarekin Iruñea ondarea galtzen ari dela. Gogoratu dute hitzarmena udalbatzak baztertutako hirigintza planaren aldaketa batean oinarrituta dagoela.Gainera, NaBairen iritziz, hitzarmena ez da ona Iruñearentzat, ezta Nafarroarentzat ere. PSNk izan duen jarreraren harira, Uxue Barkosen alderdiak uste du PSNren ahuldadea agerian gelditu dela Donapeako eta bestelako proiektuetan izan duen jarrera aldakorra dela eta.
Bilduk ere hitzarmena kritikatu du. Euren ustez, gobernuak alor publikoan murrizketak egiten dituen bitartean, entitate pribatu bati lurrak eta eraikinak "oparitzen" ari da. Horri aurre egiteko, lanean jarraituko duela esan du Bilduk, "UPNren kudeaketa ereduaren ondorio negargarriak amaitzeko eta alternatiban oinarritutako aldaketa lortzeko".
Aralarrek, berriz, esan du Donapeako proiektua "trikimailu juridiko" bat baino ez dela izan. UPNren politika ondasun publikoaren eta lanbide hezkuntza publikoaren kontra doala uste du.
LAB sindikatuaren aburuz, "hitzarmenak UPNren hezkuntza politika agerian uzten du". Sindikatuaren ustez, hezkuntza sistema publikoa deuseztatu, hezkuntza katolikoa ezarri eta hezkuntza sistema bereizia bultzatu nahi du UPNk.
“Landa eremuko eskolak hemen gaudela aldarrikatuko dugu igandean”
Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskola txikietan irakasle gisa aritzen da lanean Emma Sanzberro (Etxalar, 1965). Bi seme ditu, eta biek Arraiozko eskolan ikasten dute. Irakasle izateaz gain, Arraiozko Guraso Elkarteko kidea da. Igandean egingo dut...