“Auzolanetik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira”

Udazkeneko arratsalde epel batean, Iruñeko Alde Zaharrean pasieran ibiltzea beti da gozagarria. Ezer berezirik egin behar ez den egun horietako batean, San Gregorio kalean dagoen Auzolan liburu dendarekin topo egitea plazer txiki bat izan daiteke literaturzalearentzat. 1977ko maiatzean sortu zen, eta euskal literaturak Iruñean behar zuen lehen erakusleihoa izan zen. "Garai hartan, Iruñean bi liburu denda zeuden: Gomez eta Parnasillo. Horien aurrean alternatiba bat eskaintzeko sortu zuten Mertxe Zufiak eta Jon Mujikak Auzolan liburu denda. Euskal literatura zabaltzeko, baina baita literatura unibertsala, gizarte zientziak, artea eta beste hainbat gai lantzeko ere", horrela azaldu du Unai Pascual Loiartek, Auzolaneko langileak (Iruñea, 1976). Auzolan ireki zutenetik, 36 urte igaro dira. Pascual Loiarteren arabera, hasierako proiektuak aldaketa asko izan ditu urte horietan, baina gaur egun hasierako ideiara bueltatu dira. Gizarte mugimendu txikiekin eta liburuaren munduarekin lan egin nahi dute. Auzolan ez da liburu denda soila, gaur egun hiru proiektu baitaude liburu dendan bertan: denda bera, Denonartean argitaletxea eta formakuntza tailerrak.

"Liburu denda honetatik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira: Parnasillokoak, Hormigako Atomikakoak, Elkarrekoak...", azaldu du Pascual Loiartek. Horrek erakusten du liburu dendak duen erreferentzialtasuna. Iruñeko Elkar —Zabaltzen zena— eta Pamiela argitaletxeak ere Auzolaneko biltegian hasi ziren. Urte hauetan guztietan aldaketa ugari izan ditu Auzolan liburu dendak. 1997an salto handi bat egin zuten, eta Tutera kalean —autobus geltoki zaharraren parean— ireki zuten denda handi bat. Lokal berrian paper denda bat jarri zuten, eta material pedagogikoan espezializatutako banatzaile batekin lanean hasi ziren. San Gregorio kaleko dendan, aukerako liburuak saltzen zituzten bitartean.

Garai horretan liburuaren mundua boom batean zegoela dio Pascual Loiartek. "Asko saltzen zen, liburuaren mundua burbuila batean zegoen, eta noizbait eztanda egin behar zuen". Eztanda 2007an gertatu zen; salmentak ikaragarri jaitsi ziren hainbat arrazoiengatik: testu liburuak urtero berritu beharrean lau urtean behin aldatzen hasi ziren; liburu digitala agertu zen; aukerako liburuak saltoki handietan saltzen hasi ziren; eta, nola ez, krisialdi ekonomikoak ere eragin du horretan guztian. Krisialdiak proiektuaren inguruko gogoeta eskatu zuen. Beraz, San Gregorio kaleko denda indartzea erabaki zuten, eta Tutera kaleko denda joan den urtarrilean itxi zuten. "Orain, hasierako tokian gaude berriz ere, liburuaren munduak duen prekarietatean, handik eta hemendik gauzak egiten, aurrera jarraitzen dugu".

XXI. mendeko liburugintza

Mende berriak aldaketa asko eragin ditu liburugintzan. Internetek eta liburu digitalaren agerpenak liburuak doan izateko ahalbidetu dute. Horrek salmentak nabarmen jaitsi ditu. Baina gauza onak ere sortu ditu: "Liburu dendara etortzen den jendea liburuak maite dituen jendea da. Gaur egun, Interneten dena aurki dezakezu dohainik; beraz, interesik ez duen jendeak ez du zertan dendara etorri behar". Pascual Loiarteren ustez, Auzolan liburuak erosteko toki bat baino askoz gehiago da. "Guk nahi duguna da jendea hona etortzea eta lasai asko ordubete edo bi ordu pasatzea".

Konpetentzia handia dago liburu denden artean; orduan, bakoitzak zerbait berezia eskaini nahi du. Auzolanen kalitatea eskaini nahi dute. Horretarako, liburu dendaz gain, kultura eskaintza ere badute hainbat ekinaldirekin: irakurle kluba, filosofia tailerra eta zenbait foro.

Auzolanari lotu zaion beste proiektu bat Denonartean argitaletxea da. "Argitaletxea dendatik kanpo hasi zen, baina denborarekin lotu egin dira", azaldu du Pascual Loiartek. Argitaletxearekin idazle hasiberriei publikatzeko aukera eman nahi diete. Genero aldetik denetarik lantzen dute: poesia, saiakera, narratiba... Baina indar berezia eman diote haur eta gazte literaturari. Pascual Loiartek dio gaur egun euskaraz dagoen haur eta gazte literatura gehiena itzulia dela. Egoera horri buelta emateko lanean dabiltza. Denonartean "haur eta gazte literatura harribitxi bat da, eta oso idazle finak ditugu gure artean".

Liburu digitalak merkatua irauli du. Hala ere, Pascual Loiartek ez du mundu horretan sartu nahi. "Amazon, Apple eta Googlek munduko liburu digitalaren negozioaren %85 kontrolatzen dute, %10 dohainik eta legalak diren webguneek mugitzen dute, eta soberan dagoen %5 munduko beste saltzaile guztien artean banatzen da; ez gara borroka horretan sartuko". Pascual Loiarterentzat, gainera, liburu digitala "kalitate gutxiko liburua" da. Berak betiko liburua maite du, eta horrekin jarraituko du lanean, etengabeko berritze era sormenean.

Heldu den hilabetean hasiko da Musiketan zikloa

Urrian hasi eta maiatzera arte izango da Musiketan musika jaialdia. Iruñeko Baluarteko Ganbera aretoan emango dituzte kontzertu guztiak. Nazioarteko zortzi talde eta bakarlarik parte hartuko dute aurtengo jaialdian. Musiketan Bilbon jaio zen, 1994an eta, iaz, Iruñean ere hainbat saio egitea pentsatu zuten antolatzaileek. Javier Lakunza Baluarteko zuzendariak dioenez, Musiketan formatu txikiko kontzertuen jaialdia da, eta Baluarten ez dituzte horrelako ikuskizun asko eman.

Jose Angel Serrano Musiketan jaialdiko sustatzaileak, berriz, azaldu du Musiketan jaialdiaren bitartez Nafarroan horren ezagunak ez diren, baina kalitate handikoak diren nazioarteko musikariak ekartzen saiatzen direla.

Musikari eta estilo ugari

Nazioarteko zortzi talde arituko dira Baluarteko Ganbera aretoko agertokian. Lehena Alice Francis abeslari errumaniarra izango da, urriaren 19an. "Francis neo-swing, charlestone eta jazz estiloak nahasten dituen artista ezohikoa da", azaldu du Serranok.

Dena Derosek, bestalde, azaroaren 29an joko du. 2003. urtean www.allaboutjazz.com webgunean urteko jazz artistarik onena izendatu zuten piano jotzaile eta abeslari estatubatuarra.

Baina artista nagusia Elliot Murphy izango da beste urte batez, iaz Baluarteko Ganbera aretoa bete ostean. Oraingoan, urtarrilaren 17an joko du. New Yorkeko artista beteranoa, mundu osoko rock musikagilerik errespetatuenetarikoa da.

@sarean

Landa eremuko eskolen inguruan informazioa lantzen duten zenbait webgune.

http://www.hikhasi.com/artikulua/1937. Artikulu honetan Hik Hasi hezkuntza aldizkarian Nafarroako landa eremuko eskolen kasua lantzen du.

www.escuelarural.net .Gaiaren inguruko zenbait artikulu daude.

Bi burutazio

Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen —gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso—, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.

Billabesena. Garai batean, Cotup izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko Billabesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.

Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hori, ezartzekotan, "oso ongi" aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina billabesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta billabesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?

Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean, papera eta kartoia; eta laugarrenean, materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hori dela eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.

Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?

7.974

Errenta aitorpeneko dirua itzuli ez dieten lagunak. 2012ko errenta aitorpena egiteko epea joan den ekainean amaitu zen. Aitorpena egin, eta administrazioak dirua itzuli zain daude 7.974 lagun.

Txikitasunean dago aldea

Ez dira asko, baina bai nahikoak. Duela zenbait urte ixtekotan izan ziren, baina aurrera jarraitzeko moduan izan ziren. Hemeretzi ikaslek ikasten dute egun Arraiozko eskolan. Ikastetxe berezia da, landa eremuan dagoelako. Baztanen, Zugarramurdin eta Urdazubin dauden hamaika eskola txikietako bat da, hortaz, Arraiozkoa.

Bi ikasgela besterik ez daude. Junkal Iparragirre aritzen da 3 eta 6 urte arteko ikasleekin eskolaren egoitzaren goiko solairuan irakasle lanetan. Zuzendaria ere bada. Behekoan, berriz, Miren Goñi aritzen da Lehen Hezkuntzakoekin. Igandean, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen festaren ospatuko dute seigarren aldiz Arraiozen bertan.

09:30ean hasten dute jarduna Arraiozko eskolako haurrek. Iparragirrek goxo egiten die harrera haurrei. Aurten 3 urteko bost ikasle berrik hasi dute ikasturtea; tartean, Igor eta Uxue anai-arreba bikiek. Oraindik negarti dabiltza, baina irakasleak laster goxatzen ditu. Hamahiru urte daramatza Arraiozko eskolan lanean Iparragirrek, eta agerikoa da denbora horretan pilatu duen esperientzia. Datozen urteetarako eskolaren iraupena ziurtatuta dagoela jakinarazi du pozik, herrian haurrak jaiotzen ari direlako.

Iparragirreren gelan 3 eta 6 urte bitarteko haurrek ikasten dute. Guztiak gela berean. Hiri handietako eskoletako ereduarekin alderatuta, oso ezberdina da. Adin aniztasunari onura asko ikusten dizkio Arraiozko eskolako zuzendariak. "Adin ezberdinak gela berean izatea abantaila handia da, eta hagitz egoera aberatsa da. Gehienetan, handiak eredu arrunt onak dira txikientzat, elkar imitatzen dutelako".

Hezkuntza aldetik ona den arren, noiz edo noiz zailtasunen bat ere sortzen da beste ikastetxeetan bezala. Izan ere, handiek beren handitasuna baliatzen dute txikiak mendean hartzeko. Hala ere, irakasleak, joera horren jakitun, ez ditu ikasleak bistatik galtzen.

Lehen Hezkuntzako gela eskolaren beheko solairuan dago. Duela lau urtetik hona, Goñi da irakaslea. Ikasgela bakarra duten arren, kurtso bakoitzak bere txokoa du. Azkar batean egiten du salto Goñik lehenengo mailan daudenei geometriaren inguruko zalantza bat argitzetik batuketak nola egin behar diren esplikatzera. Bera ere, eskola txiki batean ikasitakoa da, Oronozko eskolan ikasi baitzuen.

Eskolen arteko elkarlana

Hamabi urte betetzean, eskualdeko eskola txikietako haurrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastera Lekarozko institutura joaten dira. Gainontzeko eskoletako ikasleekin harremanak sendotzeko asmoz, asteazkenero 6 urtetik gorako ikasleak Iruritako erreboteko eskolan izaten dira, ingelesa, gorputz hezkuntza eta musika lantzeko. "Iruritan elkartzen dira hamar eskoletako lehenengo mailatik seigarren mailako ikasleak. Arrunt antolatua dago eta arrunt esperientzia aberasgarria da". Adin bereko hogei bat ikasle izaten dira gela bakoitzeko Iruritako eskolako saioetan.

Asteazkenak profitatzen dituzte eskualdeko ikasleen arteko harremanak sendotzeko. Horrez gain, irakasleak astero biltzen dira, besteak beste, ingurumenarekin lotutako gaiak proiektuen bidez lantzeko. Hala ere, hartu-eman horietan gurasoen artekoak indartzea falta zela ohartu ziren.

Horregatik, duela sei urte Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskolen festa antolatzen hasi ziren. "Irakasleak, haurrak, gurasoak denak batera egoteko modua da", dio Iparragirrek. Amaiur, Zugarramurdi, Irurita, Oronoz eta Erratzuren ondotik iritsi da Arraiozen garaia. Beste behin, igandean, txiki izatearen handitasuna aldarrikatuko dute.

102

2008tik 2012ra Nafarroan itxi dituzten banku bulegoak. Aurrezki kutxak dira bulego gehien itxi dutenak. Herrialde osoan itxi diren 102 bulegoetatik 73 aurrezki kutxetakoak dira, finantza erakunde horiek orotara dituzten bulegoen laurdenak, hain justu.