“Eskaintza musikala askoz zabalagoa da”

Klabezina eta pianoa dira haren bi afizioak. Eta afizioa ofizio bihurtu du. Musikaria da Eloi Orzaiz (Iruñea, 1983), eta sei urte daramatza atzerrian bere ibilbidea egiten. Egun, Basilean (Suitza) bizi da; klabezin masterra ari da egiten, baina, horretaz gain, Herbehereetan eskolak ematen ditu.

Txikia zela hasi zen musikarekin, eta, ordutik, tarte handia eskaini dio bere bizitzan. Iruñean du sorburu haren karrera guztiak. Anaia hasi zen Iruñeko Joaquin Maya kontserbatorioan, eta Orzaizek, "naturalki", anaiak egindako bideari jarraitu zion. 7 urte zituen orduan, eta harpa eta biolina gustuko zituen. Hala ere, azkenean pianoa hautatu zuen. Aitortu duenez, ikasle gehienek hautatzen dute instrumentu hori. Musika barrokoa interpretatzea gustatzen zaio, eta horrek piztu zion garai hartako instrumentuekiko interesa. "13 urte nituela Bachen Brandenburgoko kontzertuen grabazio bat erosi nuen, eta musikariek instrumentu historikoekin jotzen zuten, klabezina tartean. Niretzat epifania antzeko bat izan zen". Horregatik hasi zen klabezina jotzen ikasten, eta, egun, masterra ari da egiten. "Bachek idatzitako obra bakoitza maisulan bat da, bai pianoan, bai klabezinean, baita organoan ere".

Atzerrian izan du horretan guztian sakontzeko aukera. Baina kanpora joan aurretik goi mailako piano ikasketak egin zituen Musikenen (Donostia). Herbehereetara joan zen ondoren, Hagako kontserbatorioan piano interpretazioan masterra egiteko. Lau urtez egon zen Hagan, urtebetez Alemanian eta duela urte eta erdi iritsi zela Suitzara. Azaldu duenez, ingelesarekin moldatzen da leku guztietan, baina bertako hizkuntzak ere ikasi ditu. "Nederlandera ikasi nuen, baina orain alemanarekin nahasten dut, eta Basilean alemanez hitz egiten dute, baina ez da Alemaniako aleman bera".

Dena den, ez da batere erraza goi mailako musika ikasketak aurrera eramatea atzerrian, eta beken laguntza izan du Orzaizek. Nafarroako Gobernuak eman zion lehenengo beka ikasketak kanpoan jarraitzeko, baina "arriskuan" egon ziren bekak. "Urte horretan bertan gobernuak bertan behera utzi zituen diru laguntzak, eta, era berean, Osasunari 4,5 milioi euro eman zizkion futbol zelaiaren izena aldatzeko", gogora ekarri du.

Zenbait talde eta komunikabideren presioari esker lortu zuten azken momentuan gobernuak bekak berriro ezartzea. Urte hauetan guztietan beste beka eta sari batzuk jaso ditu. Harentzat bekak "erabat ezinbestekoak" dira ikasteko. Bizimodu gogorra darama: "Karrera honek energia, denbora eta lan handia eskatzen du, eta, horretaz gain, inbertsio ekonomikoa". Zortea izan du Orzaizek, gurasoen sostengua eduki duelako beti. "Tamalez, musikari guztiek ezin dute gauza bera esan".

Orkestra askorekin jo du Orzaizek, eta joan den urtean Europako Batasuneko Orkestra Barrokoan aritu zen. Esperientzia "ahaztezina" izan zen, eta musikalki "oso aberasgarria". Europa osoan bidaiatu zuen, eta, oso nekagarria izan arren, "xarma" handiko urte gisa gogoratzen du. Orzaizek dioenez, Europan ezagutu dituen herrialdeetan —batez ere Suitzan— eskaintza kulturala askoz zabalagoa da, eta "bereziki eskaintza musikala". Ez du zerikusirik Euskal Herriko ikuspegiarekin. Nonahi eta noiznahi kontzertu batez gozatzeko aukera dago, eta, gainera, "kontzertuek jendea erakartzen dute".

Baina ezin dira konparatu bi herrialdeak. Suitza Nafarroa baino askoz herrialde garestiagoa da, eta biztanleek ere erosteko ahalmen handiagoa dute. Dena den, Orzaizek ez du harreman handirik bertako biztanleekin, eta onartu du "burbuila" moduko batean bizi dela. "Egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera". Kontserbatorioan ikasten duten gehienak antzera ibiltzen direla azaldu du, ahalegin handia eskatzen duelako eskolak. Gainera, kontserbatorioan gehienak atzerritarrak dira, eta Suitzako ikasle gutxi daude. "Eskolako lagunekin ibiltzen naiz gehien; gehiago ezagutu beharko nituzke suitzarrak".

Harreman handia du Nafarroarekin, hemen baititu familia eta lagunak, eta, gainera, gaurkotasuna gertutik aztertzen du. "Egunero irakurtzen ditut egunkariak, eta familiak eta lagunek hango albisteak kontatzen dizkidate. Aitortu behar dut lotsa sentitzen dudala. Ziur nago suitzarrek ere edukiko dituztela kontu lotsagarriak, baina Españistan-en ematen du ustelkeria eta telebistako Gandia's shore programaren izpiritua nagusi direla. Ematen du inozo nahi gaituztela". Hala ere, Nafarroara itzultzea edo Nafarrotatik gertu bizitzea gustatuko litzaioke Orzaizi, baina gaur egun zaila ikusten du, eta, oraingoz, han jarraituko du.

‘Allo’

Gaurko kolaborazio hau ikasturte honetako azken aurrekoa izango dut. Nafarroako Hitza-tik hilean behin zutabe bat idazten animatuko ote nintzatekeen hots egin zidatenetik, oker ez banago, hauxe izango da nire deiturak daramatzan hamazazpigarrena. Bete beharreko baldintza bat Nafarroako kontuez aritzea da, alegia, Nafarroako gaurkotasunez, eta, egia esateko, gure Nafarroa maite honek ematen du, bai, zer pentsatu eta zer esan. Dena den, ez dakit lerro hauetan ezarritako kondizioa beteko ote dudan, ez baitakit hemengo kontua ote den soilik.

Urte asko dira gure etxean bazegoela telefonogune bat. Nire memoriak huts egiten ez badit —batzuetan deserrira joaten zait-eta— kaxa modukoa zen, egurrezkoa, handi samarra. Telefono-linea desberdinak konektatzeko balio zuen larako moduko batzuk kalkatuz kutxako eskuin aldean zegoen biraderari eragin bitartean, behin baino gehiagotan eragin ere, bestela ez omen zuen nahiko indarrik hartzen. Operazio horrek bazuen zailtasun apur bat, ez ezazue pentsa; esku batek larako bat sakatzearekin batera beste eskuak biraderari eragin behar zion, baina orduan telefonoa? Telefonoa eseki gabe utzi egin behar, jakina, eta atzera ere agudo hartu behar deia alferrik galduko ez bazen!

Atzerrira deitzeko erabiltzen zen askotan telefonogunea, hain zuzen ere, urrutiko deiak egiteko. Emakumezko ahotsa izaten zuen telefonistari norako deia zen eskatu, telefono zenbakia eman eta hark lotura egiten zuen unetxo bat pasa eta gero. Orduan, telefono-hari luzeen beste aldetik ailegatzen zen: Allo? Allo?

Allo-k erantzuna ematen zuen beti, beste aldean norbait zegoela adierazten zuen erantzuna.

Nola aldatu diren gauzak, e? Urte hauetan guztietan teknologia berriek sekulako aurrerapenak lortu dituzte. Ordu batzuetan munduko beste muturrera ailega gaitezke, eta, denborarik beharko ez balu bezala, gure mezu bat istantean irakur dezakete munduko edozein tokitan. Garai bateko zentralita zen egurrezko kutxa erako tramankulu handi hura, gaur egun, ordea, gure bakeroen poltsiko estuetan sartzen den gailu bat da, deitzeko ez ezik, hamaika funtzio gehiago betetzeko balio duena.

Bada, haatik, besterik aldatzen ari dena: orain, askotan, gehienetan, apika, ez dugu Allo-rik entzuten, hots, tresnaren beste aldetik ez da arraposturik ailegatzen: ez da erantzunik egoten. Ez dakit zure esperientzian, irakurle, nirean behintzat gero eta ohikoagoa zait arraposturik ez jasotzea lagunei bidalitako SMS edo whatsapp mezuak direla. Egia da, galderarik egiten ez bada, behinik behin, batzuetan ez dela behar izaten, tira, ez dakit. Baina, adibidez, pentsa dezagun kiroldegian hain poliki jarritako Iradokizunak postontzian sarturiko sujerentzia dela-eta ez dizutela erantzun, non eta, gainera, orrian bertan Erantzuna jaso nahi dut agertzen den laukitxoa markatu duzun; edo, esaterako, udaletxean sarturiko zenbakidun eskaera formal baten inguruan ere ez dizutela erantzun. Halere, nago jarrera nagi hori kutsakorra dela.

Nik Allo entzuten jarraitu nahi dut.

“Egileen zinema erakusten dugu, eta hausnarketarako bide izatea nahi dugu”

Bi astez emakumeek egindako filmak izan dira protagonista Iruñean. Hogeita zazpigarren aldia izan du aurten Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiak; atzo bukatu zen, eta denera, zortzi film eta hainbat film labur eman dituzte Iruñeko Golem zinemetan. IPES elkarteak antolatzen du urtero, eta koordinatzaile lanetan aritu da Elena San Julian (Iruñea, 1955).

Atzo bukatu zen jaialdia. Zer iruditu zaizu?

Zortzi egunez eman ditugu filmak. Urte honetan erakustaldia luzeagoa izan da, film luzeak dokumentalekin tartekatu ditugulako. Hobeto joan zaigu horrela, eta publikoak ongi erantzun du. Lehenengo astean, adibidez, film guztien saioak bete ziren, eta jendea kanpoan geratu zen, toki faltagatik. Egia da dokumentalak ikustera pertsona gutxiago etortzen direla, baina, hala ere, harrera ona izan dute. Gai ezberdinak landu ditugu, oso bestelakoak, baina oinarri komun batekin: emakumeek egindako filmak dira. Gainera, filmen zuzendariak eta adituak etorri dira aurkeztera, eta filmaren ondotik debatea egon da.

Zeintzuk dira erakustaldiaren helburuak?

Gure helburua gaur egun emakumeek egiten duten zinema ikusaraztea da. Aztertzea emakumeek zineman dituzten estereotipoak, eta salatzea bidegabekeriak. Hemengo zinema ikusten dugu, hurbilekoa, baina baita ere kanpokoa, atzerrikoa, eta beste errealitate batzuk ezagutzeko balio digu. Eztabaidetan askotarikoak dira gaiak, aberasgarriak eta film bakoitzak ematen digu zerbaitetan sakontzeko aukera.

Nola aukeratzen dituzue filmak?

Nafarroan estreinatu gabeko filmak aukeratzen ditugu. Hemen inoiz estreinatuko ez diren filmak daude, ez dutelako banatzailerik, eta, hortaz, erakustaldi hau edo beste jaialdi batzuk dira aukera bakarrak film horiek ikusteko. Saiatzen gara mundu osoko filmak ekartzen, jatorria desberdina izaten, eta, horrekin batera, gaiak ez errepikatzen. Egileen zinema da guk erakusten duguna. Filmek zerbait esatea nahi dugu, hausnarketarako bide izatea. Golem zinemen laguntza dugu: haiek banatzaileak dira, eta, jaialdietan ibiltzen direnez gero, aholkuak ematen dizkigute.

27 urte bete ditu aurten erakustaldiak. Nola hasi zen?

IPES elkarteak beti izan du emakumeen departamentua, eta beti interesatu zaigu Iruñera adituak —feministak, ikertzaileak...— gonbidatzea. Era berean, liburutegi handia dugu gaiaren inguruan, eta ikastaroak egiten ditugu. Zinema oso tresna garrantzitsua dela uste dugu, interesgarria emakumeen inguruko gaiak mahai gainean jartzeko. Golem zinemekin harremanetan jarri ginen, ideia ona iruditu zitzaien, eta horrela hasi ginen, 1986an. Espainiako eta Hego Euskal Herriko erakustaldi zaharrena da Iruñekoa, urtero-urtero antolatu dugu. Dena den, ez da jaialdi handia, eta gure aurrekontua txikia da.

Aurten arazo gehiago izan dituzue krisia dela eta?

Aurten krisiak gogor jo du erakustaldia. Beti jaso ditugu diru laguntzak, adibidez, Nafarroako Berdintasun Institutuarenak, baina aurten ez da egon deialdirik. Aurrera ateratzea lortu dugu, baina beti gaude ziurgabetasun horrekin. Azken momentura arte ez dakigu antolatzeko dirurik izanen dugun ala ez.

Urte hauetan guztietan zer-nolako bilakaera ikusi duzu zineman emakumeen inguruan?

Ez da eman aurrerapauso handirik. Industria honetan oso motel doa berdintasunaren gaia, eta oraindik ere jarraitzen dute bidegabekeriek. Adibidez, orain dela lau urteko ikerketa baten arabera, Espainian egiten diren filmen %7,4 bakarrik dira emakumeek egindakoak. Oro har, kultura ez dago batere ongi, baina uste dugu hau bezalako erakustaldi bat antolatzea funtsezkoa dela desberdintasunei aurre egiteko. Oraindik zentzua duela uste dugu.

5,48

Arga ibaia asteburuan iritsi zen altuera, metrotan. Arga eta Aragoi ibaiek gainezka egin zuten joan den asteburuan. Arga ibaia 5,48 metroko altuerara iritsi zen, eta Ebroko Ur Konfederazioak Iruñean inoiz neurtu gabeko ur maila neurtu zuen: 550 metro kubiko segundoko.

Dirurik gabe utzi dute Oteiza katedra, eta bertan behera geratu da

Bertan behera geratu da Oteiza katedra, Nafarroako Gobernuak finantzaketarik gabe utzi duelako. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zuten hitzarmena ezeztatu dute, eta ez dute inolako jarduerarik eginen. Unibertsitateak esan du katedra "oso garrantzitsua" dela, baina adierazi du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamenduak ezin dituela ordaindu katedrako gastuak.

Urte honetarako aurreikusia zegoen Jorge Oteiza katedrak 120.000 euro jasotzea —2012. urteko aurrekontuak luzatu zirelako—, baina bakarrik 10.000 euro jaso ditu joan den urtean hasitako bi argitalpen bukatzeko. Miquel Barcelo sortzaileak eta Javier Goma filosofoak eman zituzten hitzaldiei buruzko argitalpenak dira. Madrilgo Mapfre fundazioak beste 10.000 euro eman ditu proiektuak gauzatzeko.

Martxoan utzi zuen gobernuak bertan behera Oteiza katedra. Hilaren 31n katedraz arduratzen zen langilea kaleratu zuten. Bi argitalpen horiez gain, katedrak ez du deus antolatuko, eta hemendik aurrera ez du inolako zerbitzurik eskainiko. Eloisa Ramirez NUPeko Kultura eta Gizarte Proiekzioko errektoreordeak heldu den urterako "zalantza eta ziurtasunik eza" dagoela jakinarazi du. "Gobernuak esan digu nahi duela berriro ezarri katedra, baina ezin du ziurtatu noiz izanen den hori. Horretarako dirua egonik". Erakunde kultural eta akademikoa 2002. urtean sortu zen, Nafarroako Gobernuaren eta NUPeko hitzarmen baten bidez.

Bizikletaren aitortza jomuga

Bizikletaren Eguna ospatuko dute igandean, Iruñean. XVIII. aldia izango da aurtengoa. Frantziako Tourra Nafarroatik 1996ko uztailaren 17an igaro zen lehenengoz. Okzitaniako Argelers de Gasost herrian hasi zen etapa, eta Bjarne Riis txirrindulariak irabazi zuen etapa hura. Txirrindularitzaren bira garrantzitsu horien karietara antolatu zuen lehenengoz El Gesto bizikleta peñak Bizikletaren Eguna. Igandeko saioan, bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindulariak omenduko dituzte.

Jaiegunak izan duen bilakaerarekin pozik agertu da Jesus Mari Gurpegi El Gesto peñako kidea: "Bizikleta ibilgailu osasungarria eta iraunkorra da, eta sustatu beharra dagoela iruditzen zaigu". Hala, jakinarazi du urtetik urtera gero eta gehiagok erabiltzen dutela bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko. Iganderako 17 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta izena emateko epea irekita dago. Bi euroren truke, ibilbide horretan parte hartu ahalko da. Besteak beste, txirrindulariak Iruñeko Udaletxeko plazatik eta Mendillorriko ur biltegitik pasako dira.

Nafarroan, bidegorri sare eraturik ez dago oraindik. Herri bakoitzeko udalaren esku egon da garraio politika. Azken urteetan, Iruñerriko hainbat tokitan bizikletentzako bereziki prestatutako bideak egin dituzte, Soto Lezkairun eta Sarrigurenen esaterako. Horrez gain, badira bizikletan joateko beste bide batzuk Nafarroan, Plazaolako bidea eta Mugairitik Behobiara doana esaterako. Gurpegiren irudiko, bidegorri sarea ona da, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Alde horretatik, Iruñerriko Mankomunitateak bizikletaren erabileraren alde egin duen lana goraipatu du, besteak beste, bidegorriak eraikitzeko egin duen "ahaleginagatik".

Ez da iritzi berekoa, ordea, Eneko Astigarraga. Hirian bizikletazaleek nola ibili behar duten azaltzeko aholkularia da. Iruñerrian txirrindulariek egoera "lotsagarria" dutela dio. Gainera, igandekoaren moduko jaiek "aurpegia zuritzeko" balio dutela uste du. Iruñeko kasuan, krisi ekonomikoaren eraginez, zirkulazioa %10 murriztu da azken urteetan. Astigarragaren aburuz, aukera hori profitatu beharra dago bizikletaren eta autoaren elkarbizitza sustatzeko. "Bizikletak eta autoak errepide berean elkarrekin bizitzeko bidea eman behar da". Azaldu du Iruñeko bidegorriak ez direla egokiak: "Udalak erabaki zuen espaloietan marra bat eginda txirrindularien arazoa ebatziko zuela; txirrindularioi irri egin ziguten".

Astigarraga txirrindulariak errepidetik joatearen alde dago. "Administrazioak eta hedabideek sinetsarazi digute errepidetik bizikletan joatea arriskutsua dela, eta hori gezurra da". Hala ere, autoen abiadura moteltzea ezinbestekoa dela dio, elkarbizitza hori modu hobean gauzatzeko.

Hala, salatu du Nafarroan autoa "babesteko" joera handia dagoela. Iritzi berekoa da Patxi Uharte txirrindularia ere. Bizikletan ibiltzen da ia egunero. Nafarroan alor horretan dagoen politika salatu du. "Ezjakin eta ezgai asko dago. Ez dute osatu Bizikletaren Plan Orokorra. Mugikortasun Plana ere egin gabe dago. Azken hamar urteetan kobratu bai baina ez dute plan bakar bat ere idatzi", esan du.

Bizikleten, autoen eta oinezkoen harremana konplikatua izan da beti. Errealitate hori nola kudeatu, horretan dago gakoa. Astigarragak eta Uhartek nabarmendu dute bizikletak errepideko beste ibilgailu bat izan behar duela. Bestelako iritzia du Gurpegik. Halere, ibilgailu guztiak elkarrekin bizitzera kondenatuta daude.

Hamar euroko zerga berria ezarri nahi du Iruñerriko Mankomunitateak

Iruñerriko garraio publikoaren zorra kitatzeko asmoz, Iruñerriko Mankomunitateak hamar euroko zerga berri bat ezarri nahi du. Etxebizitza bakoitzak hamar euro ordainduko lituzke. Dena den, Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi du neurria ezartzen badute arazo ekonomikoak dituzten pertsonek ez dutela zerga berria ordaindu beharko. Iruñerriko Mankomunitatean parte hartzen duten alderdiek oraindik ez dute inolako jarrerarik hartu, eta neurria aztertuko dutela adierazi dute guztiek.

Izan ere, uste dute Iruñerriko garraioari "lehenbailehen" irtenbide bat bilatu behar zaiola finantzatzeko. "Finantzaketa egonkorra" izan behar du, Itziar Gomez NaBaiko kidearen ustez. Hortaz, zerga berria aztertuko dutela adierazi du, baina esan du NaBaik nahiago duela mugikortasunari eta ingurumenari loturiko zerga bat, eta errentaren arabera ezartzen dena. Berdin mintzatu da PSNko Jorge Mori, eta finantzaketak "bermatuta" egon behar duela azpimarratu du.

Horretaz gain, Iruñerriko Mankomunitateko teknikariak autobus zerbitzuan txartel berri bat egitea aztertzen ari dira. Txartel horrek hilabete osoko iraupena luke, eta bidaiak mugagabeak lirateke. 2014. urteko bigarren lau hilekoan ezarriko lukete.

Autobus hibridoa

Joan den astelehenetik autobus hibrido bat probatzen ari dira Iruñerrian. Zehazki, 5 eta 6 lineatan arituko dira autobusa probatzen. Autobusaren fabrikatzaileek esan dutenez, garraio mota horrek erregaia aurrezten du, eta askoz gutxiago kutsatzen du. Izan ere, motorra diesela eta elektrikoa du. Joan den urteko abenduan beste autobus hibrido batekin egin zituen probak.

“Nire etorkizunerako inbertsioa izan da Shanghaira etortzea”

Atzerrian ibilbide luzea egin du Leire Jimenezek (Iruñea, 1980). Ikasketak sakontzeko edo lan egiteko ibili da urte hauetan guztietan herrialdez herrialde. Beti izan du atzerrira joateko interesa, eta izan dituen aukera guztiak baliatu ditu. Egun, Shanghain (Txina) bizi da Jimenez.

Hamar urte zituenetik udak kanpoan igaro ditu, ikasten edo lan egiten, eta unibertsitate ikasketak —Humanitateak eta Enpresa— bukatuta, Australiara joan zen nazioarteko harremanetan master bat egitera. Ordutik etenik gabe bidaiatu du. Mapfre enpresan hasi zen lanean, eta Espainian eta Miamin (Ameriketako Estatu Batuak) aritu zen denbora batez. Londresen egon zen zazpi urtez enpresa berarekin, eta Frantzian sei hilabetez aritu ostean, duela bederatzi hilabete iritsi zen Shanghaira. "Beti nahi izan dut nazioarteko giroan lan egin; atzerriak erakartzen nau".

Erronka moduan hartzen ditu bidaiak. Izan ere, kultura eta giro berri batean bizitzea eta lan egitea ez da batere erraza, baina horregatik gustatzen zaio: "Ingalaterran nengoenean egoera guztiz erosoa izatea lortu nuen, baina erosotasun hori utzi nahi nuen, erronkak izan, eta Shanghain nago orain". Jimenezen ustez, Txina oraindik ez da norako guztiz "ezaguna" Ameriketako Estatu Batuekin konparatuz. Lanean eskaini zioten Shangaiko postua, eta baiezkoa eman zuen azkar. Mapfreko asistentziako kudeatzailea da.

Beti interesatu zaio Asia, eta bereziki Txina. Duela urte asko hasi zen txinera ikasten, eta, Jimenezen iritziko, Txinan lan egiteak eta txineraz hitz egiteak munduko ateak zabaltzen dizkio. "Nire etorkizunerako inbertsioa izan da hona etortzea". Aitortzen du, egun, askoz gehiago kostatuko litzaiokeela Nafarroan lana aurkitzea Txinan beste lan bat topatzea baino. "Eta ez da krisi ekonomikoarengatik".

Han eta hemen ibili da. "Herrialde askotan lan egitean, ohitzea erraza da, eta dinamika horretan murgiltzea askoz gehiago". Gainera, enpresak bidaiatzeko prest dagoela jakitean, aukerak nonahi daudela uste du Jimenezek. "Eta gaizki ateratzen bada, beti itzultzeko aukera dago".

Hazkunde handia du Txinak. Gero eta gehiago. Diotenez, 2020. urterako munduko lehenengo potentzia izanen da. Herrialde komunista da, baina Europan askotan kolokan jarritako eredua da, eta komunismo kapitalista dela diote askok. Argi du Jimenezek: "Bere erara ulertzen dute komunismoa; hau da, alderdiak komunismoa dela esaten badu, hala da". Atzerrian harridura sortzen duen gaia da, baina, Jimenezek adierazi duenez, Txinako Alderdi Komunista kritikatzen duten txinatarrek ez diote garrantzi handirik ematen gaiari.

Txinera gutxi gorabehera menperatzen du. Ez da ezinezko hizkuntza, baina ahalegin handia eskatzen duela aitortu du. Hark egunero ikasten du: "Lanera joan aurretik eskola partikularrak jasotzen ditut, eta gauean nire kabuz ikasten saiatzen naiz". Idazten ez daki oraindik, baina zertxobait irakurtzen bai, eta eguneroko gauzak eskatzeko aise moldatzen da. Lanean ingelesez mintzatzen da, baina enpresako langile guztiak txinatarrak dira, baita bezero gehienak ere. Hortaz, ahalegina egiten du, behintzat, ulertzeko. "Hemengoek asko lagundu naute, eta beti prest daude edozertarako. Oso adeitsuak dira".

Behin gaixo jarri zen Jimenez bulegoan, eta bat-batean lankide guztiak gerturatu zitzaizkion. "Momentu batean mahai gainean hamaika sendagai nituen, baina katarroa baino ez zen nik nuena. Horrelakoak dira". Txinatarren lan egiteko era, gainera, guztiz desberdina dela uste du. Esaterako, bezeroekin dituzten bilerak "oso formalak" dira. "Ohitu behar duzu, egokitu, beste herrialde batean zaudelako. Azken finean, kodeak baino ez dira, mendebaldeko ikuspuntutik begiratzen ditugulako".

Shanghai da Txinako motor ekonomikoa eta komertziala. Hiria oso handia da. "Erraldoia". Huangpu ibaiak erdibitzen du: Puxi, erdigunea eta hiri "zaharra", eta Pudong, finantza gunea eta luxuzko hotelen eremua. "Hiri oso dinamikoa da".

Hala ere, alde handia dago Txinako hiri eta herrien artean. Landa guneak "pobreak" dira, eta osasun eta hezkuntza arloetan badute zer hobetu. Gobernuak ahaleginak egiten ditu oreka lortzeko, baina erronka oso handia da. Gainera, herrietatik Shanghaira joaten diren herritarrek ez dute hezkuntza publikorik ezta osasun publikoan arretarik ere.

Tradizioek indar handia dute herrietan. Festen ohitura azaldu du Jimenezek. Izan ere, ohitura handia dute edozer gauza ospatzeko: txerri baten jaiotza edota uzta bilketa. Eta horrek ondorioak ditu: "Gonbidatuek opari moduan dirua eman behar diote familiari, eta, ondorioz, herritar asko dirurik gabe gelditzen dira. Izan ere, nahiago dute dirurik gabe geratzea festara ez joatea baino. Lotsarengatik".

Ezkabako espetxea Nafarroarena izatea nahi du Geroa Baik

Ezkaba mendiko gotorlekua berriro Nafarroarena izan dadin, Espainiako Diputatuen Kongresuan proposamena aurkeztu du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak. Eskaera zehatza egin du: Espainiako Gobernuak prozedura bat abiaraz dezala Nafarroako Gobernuari ahalik eta lasterren Ezkabako gotorlekua eta bere lurrak itzultzeko. Izan ere, Madrilgo Defentsa Ministerioarena da Ezkaba mendiko Alfontso XII. gotorlekua.

Uxue Barkosen ustez, Espainiako Defentsa Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak ez dute agertu "inolako interesik" urte hauetan guztietan. Bai, ordea, Ezkaba mendiaren inguruan dauden herriek. Izan ere, inguruko zazpi udalek gune natural bat egin nahi dute eremu horretan. "Aisialdirako eta kirola egiteko leku ezin hobea izan daiteke", esan du Barkosek. Gainera, diputatuak gogora ekarri du 2011ko azaroan gotorlekua kultur interesa duen ondare izendatu zutela, eta, gainera, Nafarroako historiako pasarte askoren lekuko izan dela —1938ko ihesaldia, kasu—.

"XX. mendeko amaieran Espainiako armadak bazterrean utzi zuen toki hau, inguruan zeuden zaintalde guztiak kenduz. Hortaz, gaur egun, gotorlekuak ez du inolako erabilerarik Espainiako Defentsa Ministerioari ez zaiolako interesatzen", dio Barkosek Madrilen aurkeztutako proposamenak.