“Autismoaren mundua beste mundu bat da, eta hara hurbiltzen jakin behar da”

Nafarroako Autismo Elkartea iaz sortu zen, sindrome hori duten umeei laguntzeko asmoz. Umeek kurtsoan egindako lana garatzeko eta geldialdirik ez izateko, udako eskola martxan jarri dute bigarrenez. Elkarteko gizarte langilea da Paula Rodriguez (Iruñea, 1986), eta beharrezkotzat jo du errutina mantentzea.

Zer-nolako harrera izaten ari da udako eskola?

Arrakasta izan dugu bai umeen artean eta bai boluntarioen artean ere. Uda aurrera joan ahala gero eta ume gehiago azalduko diren arren, oraingoz berrogei ume inguru daude apuntatuta. Boluntarioei dagokienez, ehun baino gehiago ditugu jadanik. Gutxienez, bi aste egoten da boluntario bakoitza, eta, ondoren, norberak erabakitzen du lanaldia luzatu edo ez.

Zer egiten dute boluntarioek?

Elkarteko psikologoek uda hasieran prestatu eta trebatu zituzten boluntarioak. Prestakuntza ikastaroak astean bitan egiten ziren, egun bakoitzean hiru orduko eskolak jasoz. Bertan, elkarteak zein metodoren bidez lan egiten duen erakutsi zitzaien, jarraibide edo eredu batzuk emanez. Eskolaren barruan, boluntarioak umeen parte-hartze planean sartzen dira. Azken finean, autismoaren mundua asko aldatzen da kasu batetik bestera, eta guztiak hartu behar dira kontuan.

Nola dago osatuta eskola?

Sei ikasgela egongo dira uda guztian. Bakoitzean, autismoan espezializatutako tutore psikologo bat dago, zaintzaile batekin batera. Horrez gain, ume bakoitzak bere boluntarioa dauka. Tutoreak esku-hartze plana egiten du, plan bakoitza pertsonalizatua izanik, umearen araberakoa. Boluntarioaren eginbeharra plan hori behar bezala gauzatzen laguntzea da, ezarritako helburuak bete ahal izateko.

Zein izaten da umeen egunerokoa?

Eskola 09:00etatik 14:00etara egoten da, astelehenetik ostiralera. Goizean tutoreak, zaintzaileak eta boluntarioak umeen bila jaisten dira, eta ikasgelara joaten dira. Boluntario bakoitzak ume batekin lan egiten du, eta haurren autonomia lortzen saiatzen dira. Iritsi bezain pronto, guztiak borobilean jarri, eta elkarrekin abesten dute, ongietorria emateko. Horren ondoren, ume bakoitza bere lan mahaian jartzen da, eta hor bakoitzak bere eginbeharrak izaten ditu. Horrez gain, aurten soinketa sartu dugu, ume batzuek mugitzeko arazoak baitituzte. Umeen garapenera bideratutako jolas orduak ere badituzte.

Umeen urrats txikiek poztasun handia sortuko dute, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Iaz, esaterako, bazeuden ume batzuk hasieran irribarrerik egiten ez zutenak, eta irribarretsu atera zirenak udako eskolatik; beste batzuek, berriz, ez zuten inolako produkzio fonologikorik, eta hotsak egiten ikasi zuten. Azken finean, ume horien egunerokotasunean ikusten diren urratsak zoragarriak dira denontzat. Lan handia egin behar da, baina lortutako emaitzek indarrez eta ilusioz betetzen gaituzte. Autismoaren mundua beste mundu bat da, eta hara hurbiltzen jakin behar da. Behin barruan egonik, oso aberasgarria da umeen garapena eta egindako lana ikustea.

Eskolaz gain, piktogramen inguruko proiektu bat duzue esku artean.

Bai, Iruñea osoan zehar seinaleak jartzeko asmoa dugu, ume autistek hiriko eraikinak identifika ditzaten. Normalean, eraikina zein den esanda ez dute ulertzen, baina, eraikin horren irudi bat ikusiz gero, berehala identifikatzen dute. Egia esan, proiektu horrek oso harrera ona izan du orain arte. Dagoeneko 80 bat eraikin pribatuk eman digute baiezkoa. Hasiera batean, egitasmoa Iruñera mugatzea pentsatu genuen, baina, Nafarroako Gobernuan aurkeztu genuenean, Nafarroa osora zabaltzeko proposamena egin ziguten. Hasieran zaila egiten ari zaigu, baina pixkanaka bere fruituak ematen ari da. Areago, uste genuen baino emaitza hobeak izan ditu gure asmoak.

Hamabost bakarra dira

Baztango herrien besta. Horixe da Baztandarren Biltzarra. Bat egiteko eguna. Hamabost herriak bakarra izateko ospakizuna. Jendetza hartzen du, urtero, Elizondok, jai horren lekuko eta protagonista izateko. Igandean ez dute hutsik egin nahi izanen ibar...

IRUÑEA BIZIMODU NORMALERA ITZULI DA

Bederatzi egun luzez umeentzat desio eta gurasoentzat zoramena izan da Runako parkea. Astelehenean, prezioak merkatu zituzten, eta hori izan zen barrakez disfrutatu ahal izateko azken eguna. Izan ere, asteartean bertan hasi ziren jolasak desmuntatzen. Barraken gunea, beraz, betiko Runako parkea da berriro. Horrez gain, apurka-apurka Iruñea guztia eguneroko bizimodu normalera itzultzen ari da, sanferminek utzitako biharamunetik bere oneratuz.

@sarean

Baztandarren Biltzarra elkarteari buruzkoak jakiteko helbidea:

www.baztandarrenbiltzarra.com Igandeko bestari buruzkoak eta Baztandarren Biltzarra elkartearen ingurukoak ezagutzeko aukera ematen du helbideak. Parte hartu nahi duenak hor ditu jakin beharreko xehetasunak.

Mercaderes 17

Gauza bat aitortu behar dut. Zutabeetan ez dut beti egia esaten. Konparazione, Mugalari-n, Gara-ko gehigarrian, Bach Donalds izeneko idatzian, Bilbon hiru orduz Johann Sebastian Bachen San Mateoren araberako Pasioa entzun ondoren, Iruñera itzuli aurretik, sublimetasuna gainetik astintzeko eta itzuliko bidaia tripako zorririk gabe egiteko, Euskalduna jauregi ondoko merkataritza gunean sartu eta hanburgesa bat jan nuela adierazi nuen. Bada, ez zen egia izan. Triputsik itzuli nintzen etxera, baina pozik —pentsatu nahi dut— burutazioak berak zertaz idatzi emango zidalako hurrengoan.

Antzeko egoera bizi dut pasa den txupinazo egunean. Hamaiketakoa non hartuko genukeen ni arduratu behar eta, nigan ohitura denez, tokia hartzeko ardura egun batetik bestera luzatuz joan nintzen. Hainbat tabernatan hiruzpalau ezezko jaso eta bururatu zitzaidan iruindar bati baino gehiagori txantxa moduan bururatutako gauza bera benetan egin genezakeela, Mercaderes kalean ireki berri duten fast food-eko jatetxean tokia har genezakeela, almuercicoa bertan egiteko. Uste baino errazagoa izan zen dena, eta, orduan, burutazioaz (eta balizko zutabe batez) gozatzeaz gain, jateko eta edatekoa ere izan nuen oraingoan. Inoiz bizi izan dudan sanfermin hasierarik ironikoena.

Ironia zurruntasunaren kontrako mendeku bat da.

Eta konturatuta nengoen gai honetan talibantxo bihurtzeko bidean nengoela. Iruñeko ostalaritza da kezkatzen nauten gaietako bat. Hitzaldi bat eman nezake, horretara jarriz gero, Foruak aipatu eta guzti. Badaude taberna batzuk idazki txukun batean kaligrafia huts baten moduan min ematen didatenak. Nire ustez, "gauza bakoitzak bere tokia" da Jainkoaren lege urbanistikoa. San Nikolas karrikako taberna bat Nabarreria plazan paratzea bekatua da. Ni guztietara sartuko naiz baina ordena jakin batean.

Jon Lizarraga izeneko batek Mercaderes kaleko bazkari azkarreko jatetxeaz mintzo, Vatikanon sex shop bat irekitzearen pare zela bota zuen Twitterren. Ni metaforen trenera igo eta solarium bat oasi baten erdian kokatu nahi izatea bezalakoa edo Justin Bieber Bayreutheko jaialdi wagnerdarrean ikustea bezalakoa zela gehitu nuen.

Guztiarekin, neure kontraesanekin mahaira eserita, aitortu behar dut oso ongi (alegia, oso gaizki) eman zigutela jateko eta bikain pasa genuela, ez balitz izan zerbitzatu gintuenetako neska bati nik eskola eman niola (tempus fuckit) eta beste bat nire irakaslea izana zela aspaldian.

1.787

Ertzillako ur araztegi berriak hornituko dituen biztanleak. Ertzillako ur araztegi berriak (ETAP) Larraungo eta Lekunberriko 1.787 biztanle edateko urez hornituko ditu. Ura tratatzeko estazio berriak segundoko 30 ur litro edateko moduko bihurtzeko ahalmena du.

Astelehenenean hasiko dira UEUren udako ikastaroak, Iruñeko Jaso ikastolan

Heldu den astelehenetik aurrera, UEU Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean eskaintzen dituen ikastaroak izango dira. Aurten ere, iaz bezala, Iruñeko Jaso ikastolan izango dute egoitza. Hiru egunez, ezagutzak garatzeko aukera izango da. Orotara, eremu anitzetako 11 ikastaro antolatu dituzte.

Denera, udako ikastaroen 41. edizioan, bost jakintza arlotan banatutako ikastaroak eskainiko dituzte: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientzia aplikatuak eta gizarte zientziak. Irati Iziar UEUko udako ikastaroetako arduradunaren arabera, "ahalik eta jende gehienarengana iristen" saiatu dira.

UEUn euskararen eta unibertsitatearen alde lan egiten dute. Arrazoi horrengatik, gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiak prestatu dituzte. Gainera, Iziarrek jakinarazi duenez, "ikastaroen edukien eta adituen kalitatearen maila ona" mantendu dituzte.

Arazoak gainditzen

Iazkoa urte zaila izan zen UEUko arduradunentzat. Horregatik aukeratu dute 40+1 leloa aurtengo ikastaroetarako. Izan ere, bertan behera gelditu zen azken hamabost urtean Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza. Horrek proiektua bera kolokan jarri zuen neurri batean. Iziarrek azaldu duenez, diru laguntza hori bertan behera gelditu izanak kolokan jarri zuen UEUk erakunde gisa duen egitura.

Arazoak arazo, zenbait murrizketa egin ostean, azken urteetako egiturari eustea lortu dute UEUko kideek. Hala, Eibarren eta Baionan ikastaroak eskaini ostean, Iruñekoen txanda izango da astelehenetik aurrera. Gainera, aurten, Nafarroako Gobernuak 11 ikastarotatik bi homologatu ditu. Lehenengoak Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak du izenburua. Bigarrena, berriz, Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra da. Bi ikastaro horietan parte hartzea meritu gisa aitortuko du, hortaz.

1.050

Obra publikoak jasandako murrizketa, milioi eurotan. Nafarroako obra publikoak lau urtean 1.050 milioi euroko murrizketa izan du; 1.150 milioi eurotik 100 milioitara jaitsi da. Ordutik, 29 enpresa desegin dira.