1917. urtera arte Tecenderias izena zuen gaur egun Ansoleaga den kaleak. Izan ere, urte horretan Iruñeko Udalak karrikari Florencio Ansoleagaren izena jartzea erabaki zuen haren omenez, aurreko urtean hil baitzen. Iruñeko arkitektoak bizitoki izan zuen Alde Zaharreko kalea, eta Nafarroako ondasun historiko eta artistikoaren aldeko lanean nabarmendu zen. Kulturaz jantzitako gizona izan zen Ansoleaga. Izen zaharra, Tecenderias, ehuleek jarri zioten. Izan ere, 1100. urte inguruan jantzi fineko ehuleek Iruñeko San Zerningo elizaren inguruko lursailak aukeratu zituzten bizitzeko. Zabala zen Tecenderias auzoa bere garaian, baina txiroa, hainbat historiagilek azpimarratzen dutenez.
“Nahiz eta antzezlana ero xamarra izan, ikusten da gogoetarako haria dagoela”
BERRIAren hamargarren urteurrenaren harira, Zertarako hegoak antzezlana prestatu du Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Oier Guillan (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) arduratu da testuaz. Orain arte, antzezlanak harrera ona izan duela adierazi du Guillanek....
AZALPEN ESKE, KANPOAN ETA BARRUAN
CAN Nafarroako Kutxaren fundazioaren estatutu berriak aurkeztu zituen ostiralean Yolanda Barcina presidenteak Nafarroako Parlamentuan. Besteak beste, parlamentuak CANen fundazioaren gainean kontrol handiago izango duela jakinarazi zuen. Oposizioak ez ...
Iruñeko lekurik garaiena, Ansoleaga karrikan
Ansoleaga eta Campana kaleek bat egiten duten tokia Iruñeko lekurik garaiena da. Xafla biribil bat jarrita dago bertan, bitxikeria ezagutzera emateko. Horrez gain, Kontuen Ganberaren parean dagoen plaza Iruñeko plazarik txikiena da. 1965. urtean sortu zen, lekuan zeuden etxe batzuk eraistean.
Eguraldiaz mintzo
Denak eguraldiaz ari dira, gu ez", zioen hasieran ferrokarril-kanpaina batek, gero ezkerreko ikasleen sindikatu batek, azkenik Hedoi Etxartek. Eguraldiaz mintzatzearen kontrako jarrera lehenagotik dator, dena den. Oscar Wildek Fidel izan beharraz antzezlanean Gwendolen pertsonaia azkar, distirant eta eskarmentudunari atera eta lehen esaldian zera esanarazten dio: "Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr. Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau".
Niri gero eta gehiago gustatzen zait eguraldiaz hitz egitea, zahartzearen albo-ondorioetako bat izango dela susmatzen dut. Auzokideekin atarian edo igogailuan elkartzeari gehienetan ihes egiten diedan arren —oraindik ez naiz hainbeste ere zahartu—, haiekin edo ezezagunekin suertatzen naizenetan, jada ez naiz —hain— deseroso egoten eta lotsagabe ekiten diot atmosferako gertakariei, lehen, orain edota gerokoei, errepasatzeari. Hizkuntzaren funtzio fatikoa delakoaren garrantziaz jabetzea izan daiteke adinak ematen duen irakaspenetarik bakarra. Nik batzuetan esperimentuak egiten ditut hitz aspertu hauen mugekin. Luzera neurtuz, esaterako, halako solasa bat luzatu eta luzatuz bestea deseroso sentiarazi arte. Edo edukiak aztertuz. Esaterako, norbaitek "ba, ematen du freskatzen hasi dela" bota, eta nik baieztatzeko tonuarekin justu kontrakoa esan sistematikoki: "Bai, orain beroago dago", edo ustez zerbait desegokiaz erantzun: "Bai, eta badirudi Palestinari berriz eraso diola Israelek", edo bestearen esaldiarekin errimatzen duena zerbait bota nik "bai, ezin egokiagoa orain franela". Egiaztatu dut ia berdin duela zer diozun.
Agian gurekin ere holako esperimentu bat egiten ari dira komunikabideetako arduradunak. Eguraldiaren espazioa handituz doa, denbora batetik hona. Eguraldia teleberrietatik independizatu zuten —antza, iragarkiak tartean sartu ahal izateko—, baina ezkutuan informatiboetara itzuli da. Diskrezioz hasieran, lotsagabe azkenaldian. Bero sapak ireki dezake informatibo bat, elurte bat iritsi daiteke egunkariko portadara —argazkiak batzuetan zinez dira ederrak—, eskuineko orrialdetako notizia zabal bat eguraldiaren iragarpena izan daiteke "hurrengo asteartetik aurrera 24 gradura jaitsiko da tenperatura".
Lagunartean ere udaberria iristen ez delako kexua maiz erabiltzen dute. Whatssapera maiz bidaltzen dituzte, oraingoz bromazko tonuan, Iruñea eta Mordor lotzen dituzten irudi manipulatuak. "Euskal uda" instalatzen ezin den ordenagailuko programa dela iradokitzen duen txiste irudizkoa zehazki zazpi aldiz bidali didate, baita beren burua euskalduntzat ez daukaten lagun nafarrek ere. Kezkatzen hasita nago.
Zaharren txirotzeaz ohartarazi du CCOOk
Krisi ekonomikoaren eraginez, gero eta zailagoa da familien iraupena. Hala, Nafarroan gero eta etxe gehiagotan erretiratutako pertsona baten erretiro soldata da diru iturri bakarra. Denera, CCOO sindikatuak egindako ikerketa baten arabera, 3.596 famil...
Udal mapen aldaketaren aurka agertu dira 124 udalerri eta kontzeju
Une honetan udal mapa aldatzeko bi proiektu daude martxan, bata Nafarroako Gobernuak abian jarritakoa —atzo hasi ziren eztabaidatzen parlamentuan— eta bestea Espainiako Gobernuak abian jarri nahi duena. Bi proiektuen aurka agertu dira Nafarroako 63 udal eta 61 kontzeju, eta ezohiko bilera bat egiteko eskatu dute Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioan. Gainera, salatu dute orain arte ez dela izan bi proiektuetan parte hartzeko aukerarik.
Joan den urrian aurkeztu zuen gobernuak Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legea. Denbora batez proiektua aurkeztu ostean, atzo hasi ziren eztabaidatzen Nafarroako Parlamentuan.
Pedro Gastearena Atarrabiako alkatearen hitzetan, "Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko zuzendaritzak udalerri guztien izenean onartu zuen udal mapa aldatzea, baina guk ez dugu ez eztabaidatu ezta onartu ere". Arrazoi horregatik, eztabaida abiatzeko, federazioaren ezohiko bilera egiteko eskatu dute. Gainera, 124 udalerri eta kontzejuetako ordezkariak ziur agertu dira bi proposamen berriek ez dutela herritarren errealitatea hobetuko.
Hamaika istorioko etxea
Kale lasaia eta isila da Iruñeko Alde Zaharreko Ansoleaga. Ia mugimendurik gabekoa, eta ia merkataritzarik gabekoa. Kaleko etxeek, hala ere, hamaika istorio eta bitxikeria gordetzen dituzte barruan. Horren adibidea da Ansoleagako 10. zenbakia. Iruñeko etxerik zaharrena da, eta zein urtekoa den jakin ezin den arren, XIII. mendekoa dela diote. Han du egoitza Nafarroako Kontuen Ganberak 1995. urteaz geroztik, baina lehenago ere han izana da —1524tik 1837ra—.
Izan ere, istorio eta erabilera anitzeko eraikina izan da Ansoleaga karrikakoa. Haren hormek gordetzen dutena karrikaratu du orain Fermin Erbiti Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduradunak liburu batean: Kontuen Ganbera, Iruñeko etxe zaharrenaren eta ingurukoen istorioak. "Gezurra dirudi eraikin honek hainbeste erakunde eta hainbeste jende hartu izana mende hauetan guztietan", esan du Erbitik. Istorio horiek guztiak bildu ditu, eta argazki zaharrekin kontakizun ilustratua osatu du.
Ansoleagako etxearen historia, beraz, XIII. mendean hasten da. Pedro de Berio Otazu sendiaren jauregia zen, eta han bizi izan ziren Gaztelako errege Karlos I.ak 1524an etxea erosi zien arte. Erregeak Kontuen Ganbera izateko egokitu zuen, eta bertan aritu ziren aditzaileak —egungo kontu ikuskariak— 1836an erakundea desagertu zen arte. Besteak beste, zergak kudeatzea eta erregearen eskubideak administratzea ziren erakundearen zereginak.
Hala ere, Kontuen Ganbera 1365. urtekoa da. Nafarroako errege Karlos II.aren erregealdian sortu zen, erresumaren egoera ekonomiko txarra konpontzeko asmoz. "Epaitegia ere izan zen, eta Madrilgo Gobernuak ez zuen begi onez ikusten. Erasoak etengabeak izan ziren, eta erakundea ahuldu zen", azaldu du Erbitik. Nafarroako Erresuma azken hatsa ematen ari zen garaian, 1837. urtean, Madrilgo gobernuak egindako dekretu baten ondorioz desagertu zen erakundea.
146 urteko etenaldia izan zuen Kontuen Ganberak. Izan ere, 1982. urtean Nafarroako Parlamentuak erakundea berriro martxan jarri zuen. Egun, hala ere, ez du orduko funtziorik betetzen. Diru publikoaren kudeaketaz arduratzen da, eta aholkuak ematen dizkio Nafarroako Parlamentuari. Horrela, 1995. urtean itzuli zen Kontuen Ganbera bere eraikin historikora. Bitartean, Iruñeko beste hiru eraikin izan zituen lantoki, baina argi du Erbitik erakundearen nahia beti izan dela Ansoleaga karrikara itzultzea. "Erreinuaren garaiko egoitza bera duen Nafarroako erakunde demokratiko bakarra da".
Nafarroak Kontuen Ganbera izateko eskumena galdu zuenean, hamarkada batzuk igaro zituen etxeak hutsik, eta "erabat utzita" geratu zen hainbat urtez. Hala ere, 1868. urtetik aurrera mugimendua ez da eten Ansoleaga karrikako eraikinean. Ordutik, hainbat erakunderen egoitza izan da, horietako asko kulturarekin loturikoak. Monumentuen Batzordearen egoitza izan zen, eta euskararen alde lan egin zuten bi erakunderen egoitza —Nafarroako Euskara Elkargoa eta Euskararen Akademia—. Nafarroako lehenengo museoak Ansoleaga karrikako etxean ireki zituen ateak, eta Vianako Printzea erakundea ere han aritu zen. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitateak eta Foruzaingoak erabili zuten etxea.
Iruñean gelditzen den gotiko zibileko eredu bakarra da Ansoleagakoa, eta etxeak harrizko horma sendoak gordetzen ditu oraindik ere. Erbitik ez du dudarik haren balio historikoaren inguruan. Ateburuan dorrea du, baita leiho puntadun batzuk ere. 1868. urtean monumentu nazional izendatu zuten, eta batez ere Monumentuen Batzordeko kideak arduratu ziren etxearen egoeraz. Mendez mende etxea zaharberritu eta egokitu da.
Kontuen Ganbera desagertu zenean, Jose Yanguas Miranda diputazioko artxibozainak hartu zuen hango liburuak gordetzeko eta lekuz aldatzeko ardura, XIX. mendean. "Hari esker gordetzen ditugu artxibo eta txosten guztiak. Adituen arabera, ez dago Europan beste inon Behe Erdi Aroko horrelako beste artxiborik", azaldu du Erbitik. Egun, agiritegi guztiak Nafarroako Artxibo Nagusian daude.
1993. urtetik da Erbiti Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna. Gutxika-gutxika lortu du eraikinaren historia —eta istorioak— osatzea. Dokumentazio lan handia egin du Nafarroako Artxibo Nagusian, eta Ansoleaga kaleko bizilagunei galdezka aritu da. "Ezagutzen ez nituen kontuak deskubritu ditut horrela; Iruñeko lehenengo euskaltegiaren egoitza izan zela urtebetez, adibidez". Izan ere, 1951. urtean diputazioak martxan jarri zuen Euskararen Akademia Ansoleaga karrikako etxean, eta urtebetez 33 ikasle aritu ziren. Hurrengo urtean ikasle kopurua handitu egin zen, eta eskolak lekuz aldatu behar izan zituzten. Dena den, 1970. urtera arte iraun zuen akademiak, eta, denera, 300 ikasle aritu ziren. 1974an sortutako Arturo Campion euskaltegiak hartu zion lekukoa.
Gardentasuna oinarri
Funtsezkoa ikusten du Erbitik Kontuen Ganberak egiten duen lana, eta, are gehiago, eraikina nafarrei zein bisitariei ezagutaraztea. Horregatik ditu beti ateak zabalik: "Bisita gidatuak antolatzen ditugu, interes handiko eraikina baita". Hori horrela izateko ahalegin handiak egin dituztela azaldu du Erbitik, eta diru publikoaren erabilera kontrolatzen duen erakundea izanik, erakundearen "gardentasuna" azpimarratu du. "Gobernuak erakundea berrezarri zuenetik gardentasun osoz lan egin dugu, hori baita gure armarik garrantzitsuena". Erakundeak egindako txosten batzuek, gainera, oihartzun handia izan dute komunikabideetan. Gogora ekarri du erakundeak ateratako lehenengo txostena, "zalaparta ugari" eragin zituelako gobernuan. "Gure indarra ere hori da, ezagutaraztea; izan ere, nafar guztiek dute eskubidea gure lanaren berri izateko".
Jarraituko du erakundeak fiskalizatze lanak egiten, bisitariak erakartzen, eta jarraituko du istorioak gordetzen eta, era berean, historia eraikitzen ere.