Iberia aire konpainiaren berregituratze planaren aurka azalduko dira gaur Noaingo aireportuko Iberiako langileak. Astelehenean egin zuten bezala, 13:00etarako deitu dute elkarretaratzera aireportuan. Dozenaka hegaldi bertan behera gelditu dira aste ho...
Kontrabandisten eskulturak berriz ez jartzeko eskatu dute
Baztanen gaueko lanean aritutako gizonen lana gogoratzeko, duela hilabete eskas Pello Iraizoz artistak hiru eskultura paratu zituen Elizondon. Herriko elizaren aurrean jarri zituzten, baina lekua "egokia" ez zela argudiatuta, kendu egin zituzten, eta ...
Amaitzear dagoen epea
Kezkatuta agertu dira Noaingo aireportuan lanean aritzen diren AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigaziorako langileak. Azpiegituraren segurtasunaz zein mantenuaz arduratzen dira, besteak beste. Noaingo aireportuak 500.000 bidaiari baino gutxiago...
ESAKO LANAK ETETEKO ESKATU DUTE
Esako lanak eten ditzatela eskatu dute Zangozan. Otsailaren 16an Zangozako udaletxeko plazan elkarretaratzea deitu zuen Esa + Ez herri plataformak eta 600 bat pertsona batu ziren. Herri plataformak handitzeko lanak bertan behera uztea eskatu du, Esako...
Hamar egun barru hasiko dituzte berreraikitze lanak Labriteko baluartean
Iruñeko Udala hamar egun barru Labriteko Baluartearen harresia berreraikitzen hasiko da. Otsailaren 14an, Labriteko baluartearen harresiaren hemezortzi metro inguruko zati batek behera egin zuen Jito Alai pilotalekuaren gainera. Ikerketa hasi du udalak, Iruñeko harresiaren zati bat zergatik erori den argitzeko asmotan.
Orain, udaleko teknikariak berreraikitzeko proiektua lantzen ari dira, eta harresitik eroritako harriekin altxatu nahi dute eroritako zatia. Lanak hasi bitartean, langileek harresiaren goiko aldean dauden "elementu arriskutsuak" kendu dituzte; harriak eta lurra, besteak beste. Gainera, garabia lekuz aldatu dute. Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, ez dago "inolako arriskurik" harresiaren beste zati batek behera egiteko. Segurua dela azaldu du Jose Ignacio Alfonsok, Iruñeko Udaleko Proiektuen zuzendariak.
Alfonsoren ustez, euriteen ondorioz erori da harresia, baina ez ditu beste arrazoi batzuk ere baztertzen. "Kausa posible guztiak ikertzen ari gara", azaldu du. Jakinarazi du eroritako harresi zatian oraindik ez zituztela lanak hasi, arazoak sortzen dituen gune bat delako eta lekua "ikertzen" ari zirelako. "Harresi zaharraren eta berriaren arteko gunea da eta horregatik ez da besteak bezain egonkorra". Beheko zatia 1950eko hamarkadan eraikitakoa da, eta goiko zatia, kanoiduna, jatorrizko gotorlekuarena da.
Dena den, zaharberritze lanekin jarraituko dutela jakinarazi du Alonsok, eta esan du gertatukoak ez duela obren atzerapena eragingo. "Eroritako zatia berriztatzeko lanak noiz hasiko diren zehazterik ez dago, baina gainerako obrek behar bezala jarraituko dute". Joan den ostegun arratsaldean erori zen, eta eroritako lurrak eta harriek ez zuten inor harrapatu azpian.
2002. urtetik ari da Iruñeko Udala zaharberritze lanak egiten harresietan. Iazko abenduan hasi ziren lanean Labriteko baluartean eta hamalau hilabeteko epea dute obrek. Iruñeko Udalaren aurrekontua 1.830.511 eurokoa da. Datozen asteetan ikerketak argitu beharko du zerk eragin duen Labriteko pareta behera etorri izana, eta harresia berreraikitzen hasiko dira.
Ia 50.000 bidaiari gutxiago izan dira Noaingo aireportuan 2012an
Ez dira garai errazak aire nabigazioko sektorearentzat. Krisi ekonomikoaren eraginez, gero eta gehiago dira ixtear dauden bidaia agentzia eta hegazkin konpainiak. Horri, azkenaldian, Euskal Herriko aireportu txikietako bidaiari kopuruaren beheranzko joera gehitu behar zaio. Noaingoa da bidaiari gehien galdu duenetako bat. Izan ere, 2011ren aldean, 2012an ia %20 murriztu zen bidaiatzeko hegazkina hautatu zutenen zenbatekoa. AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioak jakinarazi dituen datuen arabera, iaz Noaingo aireportuan 190.295 bidaiari izan ziren; 2011n, berriz, 238.511.
Iruñerriaren garapen geografiko, sozial eta ekonomikoarekin batera inauguratu zen 1972an Noaingo aireportua. Lehen urtean, 29.600 lagunek erabili zuten. Ordutik aurrera, bidaiari kopurua apurka-apurka haziz joan zen. Esaterako, 1977an, 86.000 ziren. Baina, AENA 1990eko hamarkada amaieran, aireportuak berriztatzen hasi zen, hegazkinen erabilera gero eta handiagoa zela argudiatuta.
Egia da loraldi ekonomikoaren garaian abian jarri ziren low cost hegazkin konpainiei esker hegaldi merkeen bitartez bidaiatzen zutenen zenbatekoa gero eta handiagoa zela. Noaingo aireportuaren kasuan, 2007an bidaiari kopuruak goia jo zuen, 500.097 lagun igaro baitziren bertatik.
Baina, krisi ekonomikoarekin batera, zenbateko hori urtetik urtera murrizten joan zen. AENA Espainiako Sustapen Ministerioaren menpeko enpresak ez zuen eten aireportuak berriztatzeko programa. Gauzak horrela, Noaingo terminal berria 2010eko azaroan inauguratu zuten. Ordurako, bidaiari kopurua jaisten ari zen urtetik urtera. Berez, 1,1 milioi bidaiari hartzeko prestatua dago, nahiz eta oraindik ez den zenbaki horretara inoiz iritsi.
Aste hau berezia izan da Noaingo aireportuan ere, Iberiako langileek deitutako grebaren harira —3.807 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du AENAk—. Hain justu, gaur egun, hegazkin konpainia horrek soilik eskaintzen ditu hegaldi erregularrak. Aireportuko langileek ez dute hitz egin nahi izan. "Aireportuan lan egiten dugunok ezin dugu lanean ari garen bitartean komunikabideekin hitz egin", ohartarazi du autoak alokatzeko enpresa bateko langileak.
Dozenaka hegaldi bertan behera gelditu dira aste honetan Iberiako langileen grebaren eraginez. Gaur amaituko da lehenengo deialdia; martxoan ere beste greba saio bat egiteko asmoa dute hegazkin konpainia horretako langileek. Asteartean, bi hegaldi soilik irten ziren Madrilera. Bertan behera geratu ziren Bartzelonakoak. Ondorioz, aireportua goizean goizetik irekita zegoen arren, zaila zen bidaiariak aurkitzea. Aparkalekua ere ia hutsik zegoen, dozena bat auto besterik ez. Hala ere, eguerdirako mugimendua hasi zen aireportuan. Atzematen zen 13:00etan Madrildik hegaldi bat iristekoa zela. Handik 40 minutura irten zen berriz bueltan.
Kaltetuen testigantzak
Grebaren harira haserre agertu denetako bat da Yola Caseida bidaiaria. Angolakoa da, eta Iberiako grebak zuzenean eragin diola adierazi du. "Berez astelehenean joan behar nuen Iruñetik, baina, grebaren ondorioz, gaur arte [asteartea] itxaron behar izan dut; horrek nire bidaia garestitu du".
Marta Garcia ere Madrilera joateko hegaldia hartzekoa zen asteartean, 13:40ean. "Zortea izan dut, nire hegaldiari ez diolako grebak eragin". Noaingo aireportua txikia izan arren, oso zerbitzu ona eskaintzen duela irizten dio.
Juanna Andona, berriz, Errumaniakoa da. Iruñean lau egunez egon ostean, Munichera joatekoa zen lan kontu batzuengatik. Hegaldiak ondo antolatuta zeuzkala aitortu du. "Antolakuntza ondo egina nuen, baina grebarengatik hegaldiak galdu ditut. Bihar [asteazkena] egun osoa Madrilen igaro beharko dut". Dena den, aitortu du ulertzen dituela Iberiako langileek greba egiteko dituzten arrazoiak.
Behin-behineko arazoez gaindi, Nafarroako enpresari zein politikariek kezka azaldu dute Noaingo aireportua behar baino gutxiago erabiltzen delako. Oraingoz, Bartzelonara eta Madrilera joateko aukera besterik ez da. Udan, noranzko gehiago izaten dira, aro horretarako hegaldi bereziak antolatzen dituztelako konpainiek.
EUSKALTEGI BERRIA DELA ETA, JAIA
AEK-k euskaltegi berria du Berriozarren. Auzalor du izena, eta Eguzki plazan dago. Helduen alfabetatzean eta euskalduntzean beste urrats bat egin dute. Euskaltegiaren inaugurazio ekitaldian joaldunek animatu zuten festa, eta, ondoren, mokadu batzuk ja...
Nafarroako hainbat alkatek “kezka” azaldu dute PPren udal erreforma dela eta
Aurrera doa PPren udal administrazioa berrantolatzeko lege aurreproiektua eta Nafarroako hainbat alkatek proposamenaren aurrean haien "desadostasuna" adierazi dute. Kezkatuta daude, haien ustez, erreformak udal autonomia deuseztatzen duelako eta udale...
Indaba txuriak galeperrekin
B ehin batean, uda erdialdera, San Martintxiki izena zuen heroi adoretsu batek mendiko jaunei, basajaun erraldoiei, eskukada gari-hazi lapurtzea lortu zuela —kontatzen zuen Jose Miguel Barandiaranek— eta geroxeago, hizketan ari ziren bitartean, haiei zelatatuz zein urtarotan aldatzea komeni zen jakin zuela. Aitzinako jainkoei zekizkiten sekretuak ostuz bihurtu omen zirela nekazari euskaldunak.
Aymeric Picaud-ek, gure XII. mendeko elizgizon-erromes ezagunak, "jateko guztia lapiko bakarrean nahasita jan ohi dute, koilararik barik bakoitzak bere eskuekin, eta edan edalontzi bakarretik edaten dute. Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari diren txakur edo txerritzat hartuko zenituzke" deskribatu zuenean, ez zuen sekula imajinatuko gure Euskal Herri txiki honetan Basque Culinary Centre Gastronomia Zientzietako Fakultatea sortuko zenik eta hainbeste Michelin izar bilduko genituenik.
Gaur egun, turismo-kanpaina askoren ardatza den eta gure mugetatik kanpo ezaguna eta txalotua den gure gastronomiak baditu aurrekariak: Eratsungo Koxko talogilea kasu, bertsoak eta guzti atera baitzizkioten eta kana t'erdi luze eskas izan arren, talogintzan ezin hobea omen zen. Lehengaiak ere kontuan hartzekoak dira, eta askok bezala, Larraineko Ligueix olerkariak ere Nafarroako lurra goraipatu zuen: "Oi! Lür ogiz aberatsa / eki berorat urre! / Berdin eijer lerro-lerro / mahats-ondoak ere".
Aitorpen handi horiek baino lehen, ordea, era askotakoak izan dira platereratu izan diren jakiak, hori bai, bestelako arrazoiek bultzatzen zutelarik halako sorkuntza. Ramon Lapesquera idazle nafarrak bere Ilustres prendas liburuan datu bitxi bezain errealak ematen ditu: 1875. urtean, Karlistek Iruñea blokeaturik zutela, Mariano Balestak bere egunerokoan idatzi zuen: "Jende handiak erretako txakurren hondarrak ikusi dira". Garai hartako plazako prezioek ere irudimena bultzatuko zuten, ez zelako gauza bera "axuria erostea 180 erreal kiloko edo katua, 12 errealetan edo arratoia, 2tan".
Orduan ere izan ziren ziria sartu zutenak diru-etekinak handitze aldera; 1904an Diario de Navarra-k zioen: "Harakin bat epaitua izan da txahalkia beharrean, zaldikia saltzeagatik. Aspaldikoa da erbia eman beharrean, katua ematea; mando zaharra, txahalarengatik eta ardi zaharra ahariarengatik". Irinak zerrautsekin faltsutuak (El Pensamiento Navarro), ur-txorrotada majoa zuen esnea (El Pueblo Navarro)…
1900. urtean dietari buruzko eztabaida gutxi egongo zen; hala ere, La Tradición Navarra egunkariak zera argitaratu zuen: barazkiak egokiak zirela emakumezko urduri eta delikatuendako, sabela ahula zutenendako eta jenio handiko pertsonendako. Garai berean, El Eco Navarro-k honela zioen: "Arraina soilik, etengabe jaten bada, txatxukeriara ailegatuko da Siberiako Iparraldeko tribuei bezala. Haragia ez besterik janez gero maitekorragoa sentituko da, melankolia eta sumindura bilakatuko dena. Txerrikiak tristura, eromena eta suizidioa sortzen ditu. Esneak kitzikatu eta bizkortu egiten du. Patatek, gantzek bezala, nekea eta asperdura sortzen dituzte. Arrautzak giharrendako onak dira, eta adimena suspertu egiten dute".
El Democrata Navarro-k, 1906. urtean, mediku ingeles baten hitzok errepikatzen zituen: "Behikiak adore eta ausardia ematen du; txerrikiak, ezkortasuna; aharikiak, tristura; patatek, alferkeria eta inbidia. Ezkonduendako jakirik txarrena txahalkia da, indarra eta gizonezkoen zutikortasuna galarazten du. Demostraturik dago emazteek jotzen dituzten senar guztiak txahalki errea jateagatik zoratu egiten direla".
Eta anabasa horren guztiaren bidez ez diogu Nafarroako Gobernuari eskatuko ospitaletako sukaldeek Michelin izar bat lortzeko modukoak izan behar dutenik, gaixoei karta eskaini behar zaienik, pikareska erabili behar denik, dieta originalik bilatu behar denik ezta plazan dauden produktu garestienak erosi behar direnik ere; ez, ez, ezta pentsatu ere. Nafarroako Gobernuak egin behar duena da zerbitzu duina eman eta, ekonomiak ekonomia, gaixoen beharrak aintzat hartu eta ez da hori, ordea, ospitaleetako sukalde-zerbitzuak pribatizatzearekin lortzen ari dena, eta ez dirudi hori dutela helburu.
Gustura jango nuke nik orain indaba txuri platerkada majo bat, galeperrekin, baina, ezin da, ba, hemen; etxean izan beharko du!
“Egunero, harrapatzen nauen zerbait berria deskubritzen dut”
Lagun batek Land Roverra eraman behar zuen Abenera (Senegal), eta harekin joan nintzen. Berehala konturatu nintzen hemen bizi nahi nuela, gehiago ezagutu nahi nuela: soinuak, usainak, jendea, ohiturak...". Joseba Villanuevaren (Larraga, 1955) hitzak dira. Duela lau urte ezagutu zuen Senegal, eta oraindik ere egunero zerbait berria deskubritzen du. "Horregatik nago hemen".
Familia osatu du Abenen. Famata Dedhiou neska-lagunarekin eta Irtzu bien semearekin bizi da. Zoriontsu da. Diola etniakoa da Dedhiou, Casamance inguruan dagoen etnia nagusienekoa. Dedhiouren aitak hamabost seme-alaba ditu, eta bi emazte. "Ohikoa da hemen". Emakumeei ablazioa egiten diete txikitatik, eta Dedhiouri egin zioten. "Guretzat ulertzen ez da erraza, baina haien ohitura da, eta zaila da hori aldatzea". Oso tradizionalak dira, baita "nahiko alferrak" ere. Dedhiouren familiaren etxean dirurik ez dela sartzen dio Villanuevak. Seme-alabek ez dute lanik egiten, ezta bilatu ere. "Basoan zerbait harrapatzen badute lortzen dute janaria, edo, bestela, GKEk lagunduta bizi dira". Horrelakoak direla dio, ez dagoela konponbiderik. "Egia da zaila dela lana aurkitzea, baina egun osoa igarotzen dute futbolean jokatzen edo dantzatzen; kultura kontua da". Villanuevak hasieran janaria edo dirua ematen zion Dedhiouren familiari, baina gehiago ez ematea erabaki zuen. "Egunean gastatzen zuten emandakoa, eta ez zuten aurrezten". Orain, familiak Villanueva Dedhiourekin ez egotea nahi du. Elkarrekin bizi direlako eta ezkonduta ez daudelako. "Badakite ezkontzen banaiz ezkonsaria eman behar diedala". Tradizioak dio ezkonsaria Dedhiouren aitaren anaiek jaso behar dutela eta haiek arduratzen direla ezkontza prestatzeaz. "Hiru eguneko ezkontzak antolatzen dituzte; festak maite dituzte". Ezkontzako lehenengo egunean, adibidez, neskek egun osoa ematen dute jantziak probatzen. Villanuevak argi du ez dela ezkonduko. "Oso ongi bizi naiz horrela, eta ez dut ezkontzeko beharrik". Dedhiouk, gainera, Villanuevarekin bizi nahi du.
Oso lotuta daude diolak sorginkeriarekin, eta botere handia du herritarren artean. Arazo bat izanez gero, marabuengana —hango belagileak— jotzen dute beti herritarrek. "Marabuak eta igarleak herri guztietan daude; gizonak dira gehienak". Behin joan zen Villanueva igarle batengana. "Etxean lapurreta egin ziguten, eta, nor izan zen banekienez, budua egin nahi izan nion; egia esan, nire kasuan ez zuen emaitzarik izan, baina buduak normalean funtzionatzen du". Turistentzat logelak alokatzen ditu Villanuevak bere etxean, eta gehienetan aukera ematen die igarle batengana joateko. "Amodio edo osasun konturen bat ezagutzeko, haurdun zauden ala ez jakiteko...; oso baliagarriak dira".
Baxuak eta xumeak dira Abeneko etxeak, eta logelak, borobilak. Horrelakoa da Villanuevaren etxea. "Hona etortzen direnak ez dira Dakarrera joaten diren turista konbentzionalak, abenturazaleak baizik". Zugarramurdiko talde bat dago orain Villanuevaren etxean.
Casamance arriskutsua dela esaten dute batzuek, baina Villanuevak gezurtatu egin du, "noizbehinka" arazoak izaten direla onartzen badu ere. Herrialdeak arazo politikoa du, eta talde errebeldeak daude. Bankuetan lapurtu eta dendak husten dituzte, besteak beste. Otsailaren hasieran egin zuten azkeneko ekintza. "Talde batek militarrak zirikatzen zituen bitartean, gainerakoek bankuak hustu zituzten". Gogora ekarri du arreba bisitatzera joan zitzaionekoa: bi aste egon zen senarrarekin, eta ia ez ziren etxetik atera, "izututa" zeudelako. "Baina Malirekin konparatuta, adibidez, herrialde lasaia da. Zergatik? Senegalek ez duelako ezer. Ez industriarik, ez aberastasunik: lur azpian ez dago ezer ".
Diola ez da Casamanceko etnia bakarra, hamaika daude. Horregatik, aberatsa da ingurua hizkuntzetan, wolofa (nazio hizkuntza) eta frantsesa (hizkuntza ofiziala) izan arren gehien erabiltzen direnak. Villanuevak frantsesa baliatzen du senegaldarrekin hitz egiteko. Ahalegina egin zuen hango hizkuntzak ikasteko: "Hona etorri nintzenean, serer etniako neska bat ezagutu nuen, eta bere hizkuntza ikasten hasi nintzen, baina harremana utzi genuen; berdin gertatu zitzaidan mandinga etniako neska batekin: hizkuntza ikasten hasi nintzen, baina erlazioa eten genuen, eta, hortaz, hizkuntza ere bai". Orain, Villanueva Dedhiourekin dago, baina erabaki du diolera hizkuntza ez ikastea. "Diolerak, gainera, ez du ezer idatzirik, eta aldaerak ditu".
Hondartza ederrak ditu Abenek, baina hango bizilagunak ez dira joaten. "Ez dute gustuko, ez dago modan". Villanuevak, aldiz, maite ditu hondartzak, eta egunero joaten da itsasoa ikustera, etxetik bi kilometrora baitu. "Gehienetan hutsik daude, bakarrik gozatzeko moduan". Hondartzaz gozatzen jarraituko du Villanuevak, Nafarroara itzultzeko asmorik ez duelako.