“Hirietako arazoa indarkeria da; herrietakoa, ura eta pobrezia”

Hemezortzi urte ez dira alferrik pasatzen. Hilabete batzuetarako joan zen El Salvadorrera Amaia Larralde (Lesaka, 1970), baina oraindik ere han jarraitzen du. Hilabeteak urteak bilakatu dira. "Ahizpa zaharrenak buruan izan du beti Latinoamerika; Askapenarekin harremanetan jarri ginen, eta hona etorri ginen boluntario moduan".

Larralde, haren ahizpa eta Lesakako beste lagun bat abiatu ziren abenturara. Hiruretatik han jarraitzen duen bakarra da Larralde. Egun, kooperazio arloan jarraitzen du lan egiten, Solidaridad Internacional gobernuz kanpoko erakundean. Landa guneetako ur proiektuak koordinatzen ditu: "Ur arazo handiak daude hemen; herrietan ez dago azpiegitura egokirik. Ura izateko eskubidea guztiona dela aldarrikatzen dugu". Dena den, aurten gobernuak uraren lege berria onartuko du, eta enpresa pribatuen esku egoteari utziko dio. "Mobilizazio handiak egin dira hori lortzeko, jendea kontzientziatzen hasi da". 2009. urtetik ezkerreko alderdiak — FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea— gobernatzen du, eta aurrerapauso handiak eman dituztela ziurtatu du. Bai arlo sozialean eta bai hezkuntzan.

"Landa guneetako arazoak dira ura eta pobrezia; hirietakoa, berriz, indarkeriarena". Herrialde bortitza da El Salvador. Jaun eta jabe dira mara-k hirietan, eta beldurra dute herritarrek. "Narkotrafikoa, hilketak, bahiketak... Eguneroko kontua da; dena den, marek duela urtebete su-etena eman zuten, eta egoera baretu egin da". Lehen, egunero 15 hilketa izaten ziren; orain, berriz, 4 izaten dira. Arazoa konpontzea, hala ere, ez da batere erraza, sustrai sakonak baititu. "Zergatik sartzen dira gazteak maretan? Askok ez dute beste aukerarik, eta irtenbiderik errazena da haientzat. Bazterkeria jasan dute askok".

San Salvadortik gertu bizi da Larralde, Ayutuxtepequen. Orotara, sei milioi biztanle ditu herrialdeak —gainera, bi milioi salvadortar AEBetan bizi dira—, baina Euskal Herriko zabalera du. Amerikako "erpurutxoa" deitzen diote. Biztanleria dentsitate handiak, gainera, arazoak sortzen ditu. Alde batetik, lursail gutxi ditu herrialdeak, eta ondoko herrialdeetatik inportatu behar dituzte produktuak, han landatzeko tokirik ez dutelako. "Kafea, artoa, babarrunak eta frutak landatzen ditugu, baina ez behar adina kontsumitzeko". Bestalde, herrialdearen basogabetzea areagotu egin da. Basogabetze bortitza jasan du azken urteetan, eta basogabetzeari dagokionez, munduko bigarrena da El Salvador. Larraldek dio oihanak eta basoak badaudela baina ez direla oso handiak.

Tradizio handiko herrialdea da El Salvador, eta ohitura asko kolonizazioaren ondorioz galdu badituzte ere, beste batzuk oraindik gordetzen dituzte. Larralde iritsi zenean, harrituta geratu zen hango bizilagunek heriotza ulertzeko moduarekin. "Normaltzat hartzen dute, ez diote beldurrik; izan ere, bizitzaren beste fase baten moduan hartzen dute heriotza". Hasieran komunitate batean bizi ziren lesakarrak, eta behin, hango neska gazte batek bere buruaz beste egin zuen. "Gure etxera etorri ziren komunitateko lagun batzuk, eta kamera eskatu ziguten hildako neskari argazkiak ateratzeko". Hiletaren ondoren, festa bat ospatzen dute beti.

Sinesmen handikoak dira salvadortarrak, kristauak gehienak, baina gaur egun, hamaika erlijio dago. "Azken urteetan ebanjelariak eta bautistak etorri dira. Denetarik dago". Herritarrek ez dute ulertzen sinesmenik ez izatea. Larralderi beti esaten diote "zerbaitetan" sinistu behar duela: "Berdin zaie zertan, baina guztiok erlijio batean sinistu behar dugula pentsatzen dute".

Lan eta lan aritzen da Larralde GKEan, baina hemengo krisiak hango egoeran eragina izan du, kooperazio arloan behintzat. GKEren proiektu asko Euskal Herrikoak, Espainiakoak eta Europako Batasunekoak dira, eta gero eta diru gutxiago iristen zaie. Oraingoz, bere burua han ikusten du Larraldek, batez ere egoera ekonomikoarengatik, baina inoiz pentsatu du etxera itzultzea.

Lesaka maite du. 11 urteko semea du, Martxel, eta Nafarroara etortzen direnean asko gozatzen duela dio. Kalean ematen du eguna, han ez bezala. "Hemen ezin gara ibili han bezala, bereziki gauean. Umeek beti gure begiradapean egon behar dute, ezin ditugu bakarrik utzi. Arreta handia eskatzen du horrek". Hemengo askatasunaren falta sumatzen du, eta semearentzat onena nahi du. Dena den, oraindik ez du hartu inolako erabakirik, eta printzipioz, han jarraitzeko asmoa du. "Bi aldeko sentimendua dut".

Euskal Herria gertuago sentitzeko, behintzat, euskal etxea du El Salvadorren. 40 euskaldun inguru bizi dira herrialdean, eta joan den urtera arte ia ez zuten inolako harremanik. Orain, ordea, "noizbehinka" elkartzen dira, eta ekitaldiak antolatzen dituzte. "Joan den igandean, adibidez, Aberri Eguna ospatu genuen" —argazkian—.

“Sentsibilizazio kanpaina etengabea da ‘Ze Berri?’, eta garai berrietara egokitu da”

Aldizkariaren itxura berrituta kaleratuko da Ze Berri?-ren ehungarren zenbakia. Nafarroako 37 toki entitatek argitaratzen dute, eta ibilbide luzea egin du aldizkariak: 17 urte. Erdaldunei euskara hurbiltzea du helburu, modu erakargarri eta baikorrean. Ana Mindegia (Errenteria, 1967) Uharteko Udaleko euskara teknikaria da, eta aldizkariaren erredakzioan parte hartzen du. Gaur 19:00etan Uharteko Arte Garaikideko Zentroan aurkeztuko dute Ze Berri?-ren zenbaki berria.

Zer-nolako ekitaldia antolatu duzue gaurko?

Aldizkariaren ehungarren zenbakia dela eta, ekitaldi xumea prestatu dugu. Hutsun txalaparta taldeak emanaldia eginen du, eta mokadu bat hartzeko aukera ere egonen da. Aldizkariaren nondik norakoak urte hauetan guztietan azalduko ditugu, eta erakusgai izanen ditugu Ze Berri?-ren ehun azalak. Gainera, azken zenbaki honek berrikuntza dakar: itxura berritu dugu. Egin genuen 50. zenbakiarekin eta orain berriro aldatu dugu diseinua.

Zenbaki berezia izanen da, orduan, ehungarrena?

Bai, gainera, zenbaki honetan Ze Berri?-ren historia landu nahi izan dugu. Nola sortu zen, zergatik, nola egiten dugun lan... Hori guztia azaltzen dugu, baina beti bezala, atal finkoak ditu azken zenbakiak.

1996. urtean jaio zen Ze Berri?. Zer hutsune ikusten zenuten Nafarroan aldizkaria sortzeko?

Euskara ez dakitenei euskara hurbiltzeko aldizkaria da Ze Berri? Garai horretan, euskararen inguruan berri asko zeuden, baina konturatu ginen nahiko lausotuta geratzen zirela hedabideetan. Beraz, beharra zegoen. Euskararen inguruko albiste horiek guztiak herritar guztiengana —eta ez soilik euskaldunengana— iristeko beharra genuen. Euskaldun eta erdaldunen artean zubiak eraikitzeko xedearekin ere sortu zen aldizkaria. Azken finean, euskararen aldeko iritziak zabaldu nahi ditugu. Sentsibilizazio kanpaina da gurea, etengabea eta egoera berrietara egokitzen dena. Urte hauetan guztietan aldizkaria aldatu egin da. Adibidez, aldizkariko lehenengo zenbakian berriak herrika banatuta zeuden.

Erdaldunen artean sustatu nahi duzue euskara. Nola egiten duzue?

Aldizkariaren testu gehienak gazteleraz dira, erdaldunek uler dezaten. Modu baikorrean eta eraginkorrean idazten dugu, euskaraz zer egiten den azalduz eta ezagutaraziz. Baliteke aldizkariaren irakurle gehienak euskaldunak edo euskaltzaleak izatea, baina gure asmoa irakurleak erdaldunak izatea da, izan ere, haientzat ari gara.

Gainera, gero eta herri gehiagok parte hartzen dute Zer Berri?-n.

Bai. Egun, 37 toki entitatek osatzen dute aldizkaria. Aurten sartu dira udal berriak, baina beste batzuk irten dira diru arazoengatik. Aurten, adibidez, Zangozako, Anueko eta Orotz-Beteluko udalak sartu dira egitasmoan. Poliki- poliki zabaltzen ari da proiektua.

Nola antolatzen zarete lan egiteko?

Erredakzio mahaia dugu, eta Heda komunikazio enpresari esleitzen diogu lana. Guztion artean koordinatzen gara, gaiak proposatzen ditugu, eta bilerak egiten ditugu. Gaiak nola landu eta nola aztertu oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, aldizkariko egileak Nafarroako toki entitateak dira, kolore askotakoak guztiak, eta zer esaten dugun eta nola esaten dugun zaindu behar dugu. Objektibotasuna gorde, alegia.

Hedabideentzako diru laguntzak murriztu egin dira azken urteetan. Nolako eragina izan du horrek zuen kasuan?

Garai batean zertxobait gehiago jasotzen genuen, baina, egia esan, ez du hainbesterako eraginik izan gurean. Nire ustez, Euskarabideari gustatzen zaion proiektua da Zer Berri?, eta horren aldeko apustua egiten du. 2012ra arte diru laguntza jaso dugu. Aurten oraindik ez dakigu, baina Euskarabideak ahaleginak egin ditu hitzarmena lortzeko.

@sarean

Antzeri eta Mendiaundiko harrobiekin lotura duten Interneteko helbideak.

www.montealduide.org. Proiektuaren aurkako taldeen webgunea.

www.magnesitasnavarra.org. Antzerin harrobia egin nahi duen enpresa.

www.silicesserral.com. Mendiaundin harrobia egin nahi duen enpresa.

Aldatzear dena, argazkietan

Argazki xume eta sinpleak. Egilea, eguna eta irudiaren azalpen txikia. Aldude koordinakundearekin elkarlanean aritu diren artista batzuek 41 iruditan bildu dituzte Aldude eremuaren barruan dauden Antzeri eta Mendiaundi mendiak zer diren. Udazkenean et...

INFORMAZIOA EMATEKO JARDUNALDIA

Dozenaka lagun bildu ziren joan den larunbatean Autopista Elektrikorik Ez plataformak 400 kilovolt, 400 minutu lelopean egindako informazio jardunaldietan. Red Electrica de España enpresak Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu artean egin nahi duen goi tentsioko linearen aurkako topaketa izan zen, hain justu. Oraindik noiz zehaztu ez duten arren, datozen asteetan halako ekitaldi gehiago egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

No entender

Madril, 2013-04-10

Irakurle txit agurgarriok:

Lehengo egunean irakurri nuen Nafarroako Altsasu herrian gazte batzuek, EHE talde bateko kideak direnek, Ez zaitez espaloitik jaitsi! Euskaraz bizi! izeneko egitasmo berri bati ekin diotela. Helburua dute herriko euskaldunek egunerokotasunean, denda batean sartzen direla edo ezezagun batekin topo egiten dutelarik, lehenengo hitza euskaraz egin dezaten. Herri euskalduna eraiki nahi omen dutela ere irakurri nuen, harriturik, Altsasu herrian euskaraz bizi nahi duten lagun asko dagoelako. Herri euskaldunagoa egiteko konpromisoa hartu behar dela ere berresten zuten lagun horiek.

Aurrera egin baino lehen, apika, neure burua aurkeztuko dizuet uste baitut ez nauzuela ezagutzen. Jose Fuertes nauzue, Weasthone-telegrafo sistemako telegrafista. Urte askotarako.

Urte asko dira beste mundura joan nintzela, baina aitortuko dizuet noizean behin gustatu egiten zaidala zuenera bueltatxo bat ematea eta pixka bat kuxkuxean ibiltzea. Horrelaxe, bada, kazeta batean Altsasu izena ikusteak arreta eman zidan, eta irakurtzeari ekin nion, harriturik leitu ere.

Nioen bezala, telegrafista nintzen (alambrero, han deitzen ziguten moduan), eta, gogoz kontra, Altsasura bidali ninduten lanera, 1856. urtean. Zigortzat hartzen genuen langileok Madrildik herri hartara bidaltzea, herri txiki eta galdu batera eta, halere, lan handia zuen telegrafo-bulego batera; lan handia, bai, Madril-Irun linea berria askotan eten egiten zenez (intermitencias) adi egon behar izaten zen, egunez nahiz gauez, eta Altsasuko bulegoan errepikatu behar izaten ziren mezuak.

Sei zaldik tiratutako zalgurdi batean ailegatu nintzen nire deserrira goiz ilun batean. Ongarri eta lohia saihesteko ohol batzuetatik pasatuz sartu nintzen nire lantoki eta ostatua izango zen bentara. Nire bulegoko leihotik mendi altua, Urbasa, eta logelakotik soroak besterik ez nuen ikusten. Sekula atertzen ez zuen nekazari herri txikia (lantegi bakarra gugandik metro gutxira zegoen burdinola bat) zen.

Bentan oso ondo hartzen gintuzten. Su ondoan egoten ginen, Altsasuko herritarrak hala egoten baitziren etxean. Neskamea bertako emakumea zen (de pura raza) gaztelaniaz sekula ongi ikasi ez zuena (comer uste las sopas y gustar). Eta hori izan zen, hain zuzen ere, irakurle maiteok, espero ez nuena eta txunditurik utzi ninduena: bertako jendeak ez zekien gaztelaniaz, euskaraz (vascuence) egiten zuen hitza! ¡Particularmente el lenguaje era un valladar insuperable! Bertako neskak erakartzea eta haiekin harremanetan hastea ezinezko ataza bihurtzen zen haiekin hizketan hasita eta gustukoak genituela esan, eta "no entender" ez ziguten, bada, erantzuten! Hura miseria, ezin elkar ulertu!

Igandeetan mezatara joaten ginen telegrafoko langileok ere. Elizan guretako erreserbaturik geneuzkan aulkiak: lehenengo ilarakoak udal korporaziokoendako, ondokoak guretako. Estreinako domekan harri eta zur gelditu nintzen nire belarrietan arrotz jotzen zuten hots arraroak aditu nituenean! Ez nuen tutik ulertu, apaiza ere euskaraz (vascuence) ari zen-eta!

Urte batzuk eman nituen gaztelaniaz egiten ez zuten herri hartan (Borundako gainontzeko herrietan bezalaxe), atzera ere Madrilera bidali ninduten arte. Eta harriturik irakurri dut albistea. Banekien gauzak asko aldatuak zirela, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Horregatik ausartu naiz gutun hau idazten, zeuok, herriko euskaldunok, ez dezazuen zuen borroka baztertu; aurrera segi dezazuen zeuona den, beti izan den eta ni aho bete hortz utzi ninduen hizkuntzari eusteko.

Eutsi goiari!!