Modu solidarioan erretzeari uzteko kanpainaren arrakasta ikusita, maiatzaren 31ra arte luzatuko du Paris 365 jantokiak. Ez erretzeagatik aurreztutako dirua jantoki solidariorako erabili dute askok. Tabakismoari aurre egiteko Hego Euskal Herriko elkart...
Oinarrizkoena falta denekoa
Lo egiteko leku finkorik gabe bizi dira. Edozein kutxa automatiko edo kalea izaten da askotan haien etxea, kartoipean biziz. Hiriz hiri eta aterpez aterpe ematen dituzte egunak. Poltsikoan ezer ez, eta ahora eramateko ezer gutxi. Etxebizitza eskubidea eskuraezina izaten da askorentzat, eta horientzat izan ohi dira etxerik ez duten eta kalean lo egiten duten pertsonentzako aterpeak. Aldi baterako ohea, janaria eta laguntza eskaintzen dizkiete behar larriak dituztenei. Nafarroan lau daude: Iruñean, Tuteran, Arguedasen eta Altsasun. Eskaera, hala ere, eskaintza baino handiagoa da. Zenbat jende bizi den kalean, datu zehatzik ez dago, baina Espainiako Estatistika Institutuaren jakinarazi berri dituen datuen arabera, Nafarroan 100.000 biztanleko 129,5k ez dute etxerik.
Hala bizi dira Mikel eta Maño —izen asmatuak dira biak, pribatutasun gorde nahi dutelako—. Joan den asteartean utzi behar izan zuten etxerik gabeko pertsonentzako Iruñeko aterpetxea, eta seguruenik beste hiri bateko aterpetxean egonen dira orain. "Inoiz ez dakizu zer eginen duzun hurrengo egunean", dio Mañok. Huescakoa (Espainia) da, eta han bizi dira haren seme-alabak. Haiekin harreman ona duela aitortu du, baina ez du haien laguntzarik jasotzen.
Bere egoera onartzen du Mañok, eta hiriz hiri egotea ez zaiola inporta aitortu du. "Orain hemen, bihar han; egun bat edan gabe, beste egun bat edanda". Urteak dira kalean bizi dela. Emaztearekin harremana eten, lana galdu, eta bat-batean ezer gabe gelditu zen, bakarrik. Ohartzerako "zeharo" aldatu zitzaion bizitza. Aterpetxeetan eskainitako arreta eskertzen du, baina badaki ez dela irtenbidea. "Hiriz hiri eta aterpez aterpe bizi naiz; nola edo hala beti aurrera atera naiz, ez naiz kexatzen", dio Mañok.
Zorrotzago aritu da Mikel. Iruñekoa da, eta 25 urte baino gutxiago ditu. Bi urtez egon zen kartzelan, eta ateratzean lur jota geratu zen:"Familiarekin ez dut harremanik, emaztea beste gizon batekin bizi da, eta bakarrik nago". Zazpi hilabete daramatza norabide finkorik gabe. "Erroldarekin arazoak izan ditut, eta, horregatik, ezin naiz geratu Iruñeko aterpean", aitortu du. Kaleko bizimodua ongi ezagutzen du Mikelek, eta behin baino gehiagotan pentsatu du presondegiko bizimodua "eramangarriagoa" dela. "Gogorra da; baina, han behintzat, ohea dut, janaria, patioa... Ezer ez badut, hobe da kalean bizitzea? Zalantzak ditut". Egoera latza izan arren, biek aitortu dute, oztopoz oztopo, kalean laguntasuna aurkitu dutela. "Nork lagunduko digu, bestela?".
Dagoeneko negua igaro da; urtaro beltzena izaten da etxegabeentzat. Haien baldintzek okerrera egiten dute. Iruñeko aterpetxean, negu oro, hotzari aurre egiteko protokoloa martxan jartzen dute, eta ohea eskaintzen diete behar duten guztiei. Negu honetan, 145 pertsona artatu dituzte.
Iruñeko etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeko zuzendaria da Ruben Unanua. Jangela, aterpea eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete behar gorrian direnenei. Bi programa dituzte: Nafarroan erroldatuak daudenentzat eta erroldatu gabe daudenentzat. Erroldatu gabe daudenek gehienez ere hiru egun igaro ditzakete, eta ondoren beste hiri batera aldatu behar izaten dute. "Hemen egindako lanagatik egunero bi euro ematen dizkiegu, eta diru horrekin gehienek autobus txartela erosten dute. Badakigu ez dela irtenbidea, baina ezer gutxi egin dezakegu ditugun baliabideekin, berehalako laguntza da". 25 leku dituzte aterpean ibiltarientzat. Nafarroako beste aterpeek —Arguedaskoa, Tuterakoa eta Altsasukoa— ibiltarientzat eskaintzen dute zerbitzua. Iruñekoak, gainera, Nafarroan erroldatuentzat 25 leku ditu.
Batez beste, Iruñean erroldatutakoek sei hilabete igaro ditzakete aterpean. "Lan sakonagoa egiten dugu haiekin hasieratik, bakoitzaren beharretara egokituta". Inoiz ez dute erabiltzaile bat kaleratzen aukeraren bat ez baldin badu. Alternatibak desberdinak izan daitezke: logela bat lortzea edo baliabide ekonomikoak izatea. Aterpea uzten dutenean, gainera, lanean jarraitzeko aukera ematen diete. "Gehienek buruko osasun arazoak eta drogekiko mendekotasuna dute. Hasierako egoerara ez itzultzea nahi dugu".
"Korapilatsua" da jakitea nola iritsi diren dauden egoerara. Unanuak arrazoi askoren batuketa izaten dela uste du: "Bata bestearen atzetik gertatzen dira: drogekiko mendekotasuna, gertuko pertsona baten heriotza, lana galtzea, familia zatitzea...". Laguntza eske ailegatzen dira aterpera. Gehienek harremana galdu dute familia eta lagunekin. Baliabide ekonomikoak lortzea izaten da haien lehentasuna, logela bat alokatzeko eta haien bizitza berreskuratzeko. "Gehienak bakarrik daude, eta haiekin hitz egitea eta entzutea oso garrantzitsua da, askotan barruan dutena askatu behar dutelako; bakardadea da haien arazo nagusia".
Psikologoak, hezitzaileak eta gizarte langileak aritzen dira haiekin lanean. Urtetan kalean bizi izan dira, araurik gabe, eta batzuei ez zaie erraza egiten aterpeko bizimodua. Egunero dinamikak izaten dituzte, nora jo eta nondik hasi erabakitzen laguntzeko. Horretaz gain, lanbide tailerrak egiten dituzte. "Orain dela gutxi baratz txiki bat egin zuten, eta boluntarioen laguntzekin zineforumak antolatzen ditugu". Erabiltzaileek, gainera, bajouncieloabierto.wordpress.com bloga dute eta beren esperientziak idazten dituzte. "Haien txokoa da".
CHEko buruaren dimisioa eskatu du UAGNk, uholdeen kudeaketa dela eta
Negua euritsua izan dela gauza jakina da. Baina UAGNk gogor kritikatu du CHE Ebroko Ur Konfederazioak eurite horien harira egindako kudeaketa. Izan ere, azken bi hilabeteetan, CHEk Ebro ibaiak eragindako uholdeen kudeaketa txarra egin duela irizten di...
“Suediako herritarrek natura asko zaintzen dute, maite dute”
Eguzkiak berotu bezain pronto, suediarrak kalera irteten dira; eskuoihala eta ogitartekoa eskuan, hiriko lorategi guztiak betetzen dituzte eguzkia hartzeko. Argiaren beharra eta desioa dute". Udaberria iritsi den arren oraindik hotz egiten duela azaldu du Estrella Rydmanek (Larraga, 1958). Baina, suediarrek bezala, eguzkiaren lehenengo argi izpiak aprobetxatzen ditu.
1979. urtean ezagutu zuen lehenengo aldiz Suedia. Lagun bat bisitatzera joan zen, eta atzerritarrentzat suediera ikasteko ikastaro batean eman zuen izena. "Orduan, hemengo institutu batean gaztelaniazko irakaslea izatea proposatu zidaten, eta hemen gelditu nintzen". Urte eta erdiz egon zen, eta gero Nafarroara itzuli zen. Dena den, ez zuen harremanik galdu herrialdearekin, eta maiz joaten zen lagunak bisitatzera. 1984. urtean erabaki zuen "behin betiko" Suedian geratzea. Goteborgeko arte plastikoen eskola batean izena eman zuen, eta ikasten hasi zen.
Egun, artelanak egiten ditu, eta, catering negozio bat ere badu Rydmanek — www.izarcatering.com—. Bertan, besteak beste, pintxoak eskaintzen ditu. "Zazpi pintxo buffet diseinatzen ari naiz; herrialde bakoitzeko, bat". 2005ean zabaldu zuen lokala Rydmanek: "Chef gisa lan egiten hasi nintzen, kasualitatez. Hasieran lagunentzat prestatzen nituen catering-ak, eta haiek gomendatuta lana aurkitu nuen. Gero, nire enpresa sortu nuen". Pintxoak suediarrei asko gustatzen zaizkiela dio Rydmanek. Hala ere, haiek snittar-ak dituzte, eta nahiko antzekoak direla azaldu du.
Danimarkako eta Norvegiako sukaldaritzaren antza du Suediakoak. "Sinplea da, eta patatak, arraina eta azak beti erabiltzen ditugu". Barazki fresko gutxi erabiltzen dituztela jakinarazi du Rydmanek. "Hala ere, ia denetarik dago, Gernikako piperrak izan ezik".
Euskal komunitatea dago Suedian. Ehun lagun inguruk osatzen dute, eta Zazpiak Bat da taldearen izena. Stockholm hirian sortu zuten, eta bertan egin dituzte ekitaldi gehienak. "Lan handia egiten ari dira, baina ni oraindik ezin izan naiz ekitaldietara joan". Goteborg urrun dago hiriburutik.
Gustura bizi da Rydman Suedian. Natura izugarri gustatzen zaio. Behin, baso batean zegoela, orein-handi batzuk gerturatu zitzaizkion. "Gelditu ginen, eta gugandik metro gutxira igaro ziren; harrigarria izan zen". Basoak "dar-dar" egin zuela gogoan du Rydmanek. 120-150 kilo inguru pisatzen dute animaliek. Slottskogen parke erraldoiaren ondoan bizi da Rydman, Goteborg hiriaren erdialdean. "Ohikoa da etxetik ateratzea eta untxiak korrika ikustea edo ahate familia bat zure parean igarotzea. Lorategian sartzen bazara, oreinak daude".
Hamaika adjektibo ditu Rydmanek suediarrak nolakoak diren azaltzeko. "Independenteak, neutralak, diplomatikoak, eskuzabalak, nobleak, errespetuz beteak, langileak, lotsatiak eta ederrak. Natura asko zaintzen dute, maite dute". Eta naturarekin oso konprometituak direla dio.
Hainbeste urtez kanpoan bizi izan arren, urtero sanferminetara etortzen saiatzen da Rydman. Udan etorri ohi da Nafarroara, eta negua igarotzen du Suedian. Gogorra izaten da urtaroa, sei orduz baino ez dagoelako argia. Udan, aldiz, egunak 18 ordu irauten du. "Ohituta nago, baina eguzkia eta beroa desiatzen gaude".
Ekonomia harreman berriak, ezberdinak
Aste honetan Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatuko da Nafarroako Parlamentuan. Gobernuaren murrizketa politikek nafar jendartean eragindako ezinegona haraino ailegatu da. Herritarrok, aukera dugun eremu guztietan eragiteko beharra daukagu, ...
Emakumeen ehunekoa Iruñeko aterpetxean.
Iaz Iruñeko aterpera jo zutenen artean, %10 baino ez ziren izan emakumeak. Datua baxua bada ere, "pobreziaren feminizazioa" gertatzen ari dela diote adituek: gero eta emakume gehiagok zerbitzua behar dute.
Lege erreforma aldarrikatu dute taxilariek
Taxilarien sektoreak Nafarroan egoera "larria" bizi duela jakinarazi du Tele Taxi San Fermin Elkarteko kudeatzaileak, Juan Luis Garciak. 2005ean onartu zen Taxiaren Legea berriztatu beharra dagoela ohartarazi du, sektoreak aurrera jarraitu ahal izatek...
Bizitza berreskuratzea posible delako
"Ez dugu pena eman nahi". Ion Molinuevoren hitzak dira, Iruñeko aterpearen erabiltzaile ohiarenak. 17 hilabete eman zituen han. Orain, bizitza berreskuratu du. Umezurtz geratu zen, eta haurtzaro gogorra izan zuen. Hurrengo urteak ez ziren errazak izan. Alkoholikoa zen, eta urteak eman zituen hiriz hiri, leku finkorik gabe. 50 urte bete arte. "Ezin nuen horrela jarraitu; laguntza behar nuen". 2011ko urtarrilean atera zen aterpetxetik. Orain, logela bat alokatu du, eta familia batekin bizi da Iruñean. "Familiaren parte sentitzen naiz; oso ongi hartu naute". Gainera, ez du harremana eten aterpearekin: bisitan joaten da, eta haien laguntza jasotzen du oraindik ere. "Haiei esker naiz orain naizena, izugarri lagundu didate". Ez dela erreza, baina ahaleginarekin egoera horretatik edonor atera daitekeela uste du. Berak egin zuen bezala.