Lafuenteren taldeko kide izan da Karlosena orain arteko errektorea karguan izan den denboran. San Martin Unxen (Nafarroa) jaio zen, 1962. urtean. Fisika ikasketak Zaragozako Unibertsitatean egin zituen. Han bilakatu zen Doktore, eta han hasi zen eskolak ematen. Nafarroako Unibertsitate Publikora 1992. urtean ailegatu zen. 2000. urtean bilakatu zen katedradun, Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen esparruan Ia...
span>hezkuntza
Dena prest Faltzesen, igande honetan kaleak euskaraz josteko
Haurrak D ereduan matrikulatu ahal izatea. Aldarrikapen horrekin hasi ziren Sortzen elkarteko kideak eremu ez-euskalduneko festa antolatzen, 2010ean. Artaxoan, Larragan, Mendigorrian, Villatuertan eta Oibarren egin dute orain arte, baina helburuak ez dira aldatu. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak otsailean Euskararen Legearen erreforma onartu zuen arren, UPNren esku dagoen gobernuak entzungor egin die, oraingoz, D eredua ezartzeko eskaerei. Igande honetan, Faltzesen eginen dute festa, azken aldia izanen den esperantzarekin.
"Aurtengo jaia zertxobait ezberdina izanen da, Euskararen Legean zirrikitua irekitzea lortu baitugu", azaldu dute Sortzeneko arduradunek, ohar batean. "Alta, lanean segitzeko deia ere izanen da aurtengoa. Legea aldatu den arren, euskararen zonifikazioak bere horretan dirau eta Hezkuntza Departamentua ez dago D eredua zabaltzeko asmotan. Horra hor Abartzuzan gertatutakoa, adibidez".
Egoera hori salatzeko, gune anitzeko festa antolatu du Sortzenek, Faltzesko bizilagunekin elkarlanean: "Herritarrekin, elkarteekin eta udalarekin batera lan egin dugu. Ezin dugu ahaztu urtero-urtero Euskararen Eguna antolatzen dutela Faltzesko bizilagunek, eta hori izan da gure jaiaren antolaketarako oinarria".
Deialdiarekin bat egin dute, gainera, eremu ez-euskalduneko herrietako zinegotzi zein alkate askok. Hala, iragan larunbatean agerraldia egin zuten Kasedako, Zangozako, Iratxetako, Lodosako, Abartzuzako, Miranda Argako eta Leozko hainbat ordezkari politikok, festan parte hartzeko deia herritar guztiei luzatzeko.
Azken urteetan bezala, Euskara herria josten leloa izanen du festak. Hiru gune nagusitan banatuko da: Foruen plaza, Gizarte Etxeko plaza eta Aurora plaza. Foruen plazan egonen da agertoki nagusia, eta hortxe egingo dituzte, besteak beste, zirku ikuskizunak, dantza emanaldiak eta Marianitoz Blai nahiz Trikidantz taldeen kontzertuak.
Gizarte Etxeko plaza, berriz, neska-mutikoentzako elkargunea izanen da. Puzgarriak, jolasak, tailerrak eta ginkana eskainiko dituzte txoko horretan.
Azkenik, Aurora plazan jarduera tradizionalak edo folkloreari lotutakoak izanen dira; besteak beste, kaikuak egiteko tailerrak, txalaparta tailerra, kantu saioak eta astoen erakustaldia.
Sortzen Jaia ere, abian
Igande honetako festa, bestalde, datozen asteetako hitzordu nagusien aurrerapen gisa ere uler daiteke. Izan ere, hilaren 25erako, euskararen aldeko ekitaldia antolatu du Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Maiatzaren 17an, berriz, Euskal Eskola Publiko Berriaren festa eginen du Sortzen-ek, Sarrigurenen.
Hain zuzen, Sortzen Jaia iragarriko duten abestia eta bideoklipa aurkeztu berri ditu euskal eskola publikoaren aldeko elkarteak. Euskal eskola berria sortzen, Sarriguren izenburua darama, eta Oskar Estanga kantari, musikari eta bertsolariak ondu du. Sarrigurengo ikastetxe publikoko dozenaka ikasle, irakasle eta gurasok parte hartu dute bideokliparen grabazioan.
17 urtez, Iruñeko Takonera parkean egin zen Sortzen Jaia, baina 2014an, hiriburutik atera eta Uhartera mugitu zen egitasmoa, hango ikastetxeko guraso elkarteak antolatu baitzuen. Aurten, Sarrigurengo ikastetxeaz gainera, herriko beste hainbat eragilek ere parte hartu dute festaren antolaketa lanetan.
LOMCEzaleen pasio eskasia
Ez dakit jakinaren gainean egonen zareten —akaso zer edo zer entzun edo irakurriko zenuten—, baina gure ikastetxeen inguruetan LOMCE izeneko bele beltz bat dabil bueltaka, karranka egiten. Bele itsusi hori pausatua da dagoeneko Lehen Hezkuntzan, eta heldu den ikasturtean Bigarren Hezkuntzan ere gelditzeko asmoa du.
Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak, David Herreros Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ahotik, institutuetako zuzendariei azaldu zien nola banatuko dituen bele horrek orduak Bigarren Hezkuntzako ikasgaien artean. Azalpenak eman aurretik, Herrerosek adierazi zuen saiatu direla, LOMCEk aukera ematen dien heinean, ikasgai zerrendak ahalik eta gutxien ukitzen.
Eta egia erran, lehen begiratuan bederen, ez dirudi gauzak gehiegi aldatu dituztenik. Konparazio batera, Plastika, Teknologia eta Musika irakasleak beldurraren beldurrez zeuden, ez ote ziren haien ikasgaiak desagertuko. Baina ez. Nafarroako Gobernuak egin nahi duen banaketaren arabera, ikasgai horiek ez dute karga lektiborik galduko. Hori hala da.
Klasista dela. Atzerakoia. Alderdikoia. Neoliberala. Sexista. Espainolista. Merkatu kapitalistaren aginduetara makurtua. Halakoak erraten ahal dira —eta erraten dira— LOMCEren inguruan. Baina ikasgai zerrendan ez dugu gauza handirik aurkituko adjektibo horien argudioak indartzeko —ez bada Erlijioaren aferan—. Areago joan behar dugu. Gehiago irakurri behar dugu legea, ez bakarrik azalean gelditu.
Irakaskuntzan egiten dut lan. Baina onartu behar dut, aita, bekatari izan naizela, eta ez dudala orain arte LOMCEren lege testurik irakurri. Bai, konfesatzen dut legearen aurkakoek idatzi dituztenak nahiko izan ditudala neu ere aurka egoteko. Eta ez dut lege testurik irakurri, sinetsita nagoelako LOMCEk ez duela sobera bide luzea izanen.
Ez naiz bakarra. Hemen kontatu izan dut irakaskuntzan lan egiten dugun asko San Antoniori kandelak jartzen ibiltzen garela. San Antoniori eta haren lagunei: PP, UPyD, UPN, Foro Asturias eta Ciudadanos ez bertze talde politiko guztiei. Erran nahi baita sinetsita gaudela urte bukaerako Espainiako hauteskundeetan LOMCEren aldekoek ez dutela gehiengoa lortuko, eta, beraz, lege berria bertan behera utziko dutela gobernua eskuratzen dutenek.
Eta ez gara bakarrak. Ikusi beharko zenukete zein gogo faltarekin eman zituen azalpenak Herrerosek aurreko astean. Egia da Herreros ez dela preseski bestako mutilik alaiena, baina Hezkuntza zuzendari batek berotasunez mintzatu beharko luke hezkuntza erreforma baten inguruan, batez ere erreforma egin dutenen soka ideologiko berekoa baldin bada.
Bada, ez. Berotasunik ez. Alaitasunik ez. Grinarik ez. Kontrakoa baizik. Ematen baitzuen gogogabeturik zegoela. Eta hitzez ez zuen erran, noski; baina, bere jarrerarekin, Herrerosek nola edo hala aditzera eman zuen benetakoa dela irakaskuntzan bolo-bolo dabilen zurrumurrua: Nafarroako Gobernuak ere susmatzen duela LOMCEk ez duela bizitza luzea izanen. Halabiz!
Giza katea, euskarazko haur eskolen defentsan
Iruñeko auzoetan euskarazko haur eskolak eskaintzearen alde, giza katea egingo dute datorren asteartean, martxoak 10, 18:00etan, Arrotxapeko Raimundo Lanas kaletik hasita. UPNk eskaerari erantzunik eman ez eta euskarazko eskaintza ez zabaltzeko darabilen "jokaera tranpatia" salatu dute gurasoek. Edonola, mobilizatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute: "Gure txikien etorkizuna da garrantzitsuena".