“Ez nintzen ezer egiteko gai; autonomoa izatea eguneroko erronka da orain niretzat”

Urte luzez Iruñeko Iturrama institutuko irakasle izan da Xabier Duran (Iruñea, 1961). Gaixotasun baten eraginez itsutu zen, bat-batean. Lasai hitz egiten du lehen zenaz eta orain denaz. Zeharo aldatu zaio bizitza. Berriz bizitzen ikasi behar izan duela onartu du. “Itsutu nintzenean ez nintzen ezer egiteko gai; autonomoa izatea eguneroko erronka da orain niretzat”. 2005ean tumore bat atzeman zioten hipofisian. Bi ebakuntza egin zizkioten. Lehena ondo atera zen. Baina tumorea ezin izan zioten erabat kendu. Ondorioz, 2007ko uztailean bigarren ebakuntza egin zioten, eta ikusmena erabat galdu zuen. “Ez dakit zer gertatu zen, medikuak ez zidan oso argi azaldu”. Hasiera oso gogorra izan zela aitortu du. “Erabat itsutu nintzela jakin nuenean ez nuen oso-oso gaizki hartu. Familiak izugarri lagundu zidan”. Poliki-poliki suspertzen hasi zen. Udazkenerako ONCEko kide egitea erabaki zuen.

Itsutu ostean, ezin izan zuen irakasle lanbidearekin jarraitu. Erretiroa hartuta dago. “Lekuz kanpo gelditu nintzen. Berriro hasi beharra nuen bizitzen. ONCE oso ezaguna da, eta medikuak ere esan zidan hemen lagunduko zidatela”. Berarentzat aukera ona izan zela onartu du.

Dioenez, ebakuntzaren ostean bi aukera gelditu zitzaizkion: egoerari aurre egin edo ohean gelditu. Aitortu du ohean gelditzeko tentazioa izan zuela. “Ohean dena menperatzen nuen, ez nuen begirik ireki behar. Lokartuz gero amesteko aukera nuen”. Egoeraz jabetu zenean, jarrera aldatzea erabaki zuen.

Poliki-poliki etxean mugitzen ikasi zuen, eta egun autonomoa da. Etxeko zeregin batzuetaz ere arduratzen da, sukaldeko zorua lanbasarekin garbitzeaz, esaterako. Oso ondo egiten duela dio irri egiten duen bitartean.

Baina etxeko gela batetik bestera joaten iaioa izan arren, kalean gauzak bestelakoak dira. Ikusten ez diren oztopoak izaten ditu itsuak. Nola jakin autobuseko zein geltokitan gelditu? Nola jakin zein kaletan dagoen gustuko taberna? Galdera horiei erantzuten ikasi behar izan du Duranek, makilaren bitartez.

Makila baliatzearekin batera, ONCEn lehenik braille metodoa ikasten hasi zen. Hasieran zaila egiten zitzaion, baina ikastea lortu zuen. Hala ere, motela dela dio: “Orrialde bat irakurtzeko ordu erdi behar izaten dut”. Horregatik, metodoa ikasteari utzi dio.

Baina orain, bere irakurtzeko zaletasuna nola gogobete badu. Audio liburuak erabiltzen ditu. ONCEk liburutegi zabala du. “Liburuak entzuten hasi nintzen, eleberriak, ikasteko liburuak… Niretzat aurkikuntza polita eta erakargarria izan da”.

Mekanografia ikasten ere aritu da. Ordenagailua menperatzea zen bere asmoa. Ikusten zuenean, lanerako tresna zen Duranentzat ordenagailua. Mekanografia ikasi du, baina ordenagailuarekin bakarrik hasi zenean “eromena” zela dio. Ikasturte honetan alboratu du ordenagailua erabiltzeko ikastaroa, apur bat “etsita”. Baina datozen hilabeteetan berriz ere zeregin horri helduko diola esan du.

Bestalde, itsuak diren gizon-emakumeen kezkak azaleratzeko talde bat sortu zuten Duranek eta beste zenbait lagunek duela hainbat urte. Bidean izena du taldeak. Lagun talde bat ere badirela dio. “Asteartero biltzen gara, besteak beste, elkarri laguntzeko”. Astearte honetan ere bildu dira. Dozena bat lagun, eta umorez aritu ziren taldeak bereizgarri duen abestia abesten. “Oso garrantzitsua da gure egoeran umorea izatea; gainera, barruan ditugun beldurrak eta beharrak ateratzeko erabiltzen dugu taldea”.

Ia sei urteren ostean, Duran autonomoa da. Makilarekin ibiltzen ikasi zuen arren, orain Faida txakur gidariarekin joaten da toki guztietara. “Makila niretzat mugatua zen”. 2008an, familiak txakur bat eskatzera animatu zuen. Berez, eskaria egin eta txakurra eman arte bost urte inguru pasatzen dira. Hala ere, 2011ko irailaren 26rako Faida etxean zuen. Hasiera gogorra izan zela onartu du. Orain, ordea, bikote ona osatzen dute.

Etorkizunari aurrez aurre begiratzen dio. Egun, esate baterako, UNEDen Historia ikasketak egiten ari da. Une gogorrak igaro dituen arren, ikasten jarraitzeko gogoz dagoela dio, edozein oztopori aurre egiteko prest.