«Hezkuntza publikoaren aurkako erasoa» salatu dute D ereduko zenbait ikastetxek Nafarroan

«Hezkuntza publikoaren aurkako erasoa» salatu dute D ereduko zenbait ikastetxek Nafarroan

D ereduko zenbait ikastetxetako ikasleak, irakasleak eta familiak kalera atera dira gaur, Steilas sindikatuak deituta, «hezkuntza publikoak jasan dituen azken erasoen aurka». Salatu dute, batetik, Hezkuntza Departamentuak sare publikoko hemeretzi ikasgela itxiko dituela apaltze demografikoa dela eta; eta bestetik, joan den astean Nafarroako Legebiltzarrean onartutako legeak «aukera gehiago» emanen dizkiela ikastetxe pribatuei eta itunpekoei.

Atarrabiako Atargi zentroko ikasleak, irakasleak eta gurasoak ere kalera atera dira gaur. STEILAS

«Hezkuntza Departamentuak hemeretzi gela itxiko ditu, eta gehienak eremu euskalduneko landa eskoletakoak dira», adierazi du Steilasek ohar batean: «Bestalde, foru lege berriak itunpeko ikastetxeak blindatuko ditu, baina ikastetxe publikoak ziurgabe utzi, baldintza kaskarragoetan. Lege berri honen bidez, itunpeko ikastetxeei aukera emango zaie unitate berriak zabaltzeko, arautik kanpo dauden irizpideen arabera, baina ez zaie aukera hori emango ikastetxe publikoei. Itunak denok ordainduko ditugu, baina ez ditugu joko arau berberak edukiko». 

Azkenik, hezkuntza publikoa indartzea, baliabidez hornitzea eta ikasgelarik ez ixtea galdegin diote Nafarroako Gobernuari.

Arantzako herri eskolako ikasleek frontoian egin dute elkarretaratzea. STEILAS