Asteazkenean hasi zen BBK Bizkaiko Bertsolari Gazteen XXI. sariketa. Igorren (Bizkaia) egin zen lehenengo kanporaketa, asteazkenean. Sariketa heldu den martxoaren 22an amaituko da, Bilbon. Denera, Bizkaiko zazpi eskualdetako 50 gazte inguruk parte hartuko dute, eta talde bakoitza eskualde baten ordezkari izango da. Lea-Artibai, Busturialdea, Arratia, Bilboaldea, Durangaldea, Enkarterri eta Ipar Uribe dira taldeak. Eskualde bakoitzetik bi mailatan arituko dira: A mailan, 18 urte arteko bertsolariak, eta B mailan, 19 urtetik 24 urtera artekoak. Hiru kanporaketa egingo dira lehenengo. Horren ostean, bi finalaurreko, eta, azkenik, finala, martxoaren 22an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.