Pozarren eman dute datua. Berbera, ezinbestean, Mikel Chascok eta Cristina Remirezek: 54. Ordea, bai bataren eta bai bestearen ahotsen intonazioan berehala azaleratu da duda izpi bat. Duda esperantzatsu bat. Eta, hain zuzen ere horregatik, berandu gabe egin du ohartarazpena Chascok: «54 upategi zenbatu ditugu, baina seguru besteren bat ere izanen dela etxe azpiren batean, lo…». Bargotako Udalak herriko etxebizitzetako upategien inbentarioa egin du berriki, guztiak kontatu, batzuk atondu, eta haiei balioa aitortzeko. Bargota sorgindua izeneko proiektu zabalago baten barnean bildu dute egitasmoa, eta, Remirezek zehaztu duenez, hura ezagutarazteko bideak aztertzen ari dira orain: «Ikusezin zegoen ondarea ikusarazteko modu bat da, upategi hauek guztiak existitzen direla gogoraraztekoa».
Bargotako herritarra da Chasco, ardogile eta zinegotzia Remirez, eta bi-biak izan dira upategien gaineko egitasmoan sakon murgilduta. Ohartarazi dutenez, hori bai, ez zuten bidea hutsetik hasi. Bospasei urte atzera, zinegotzi batek, Luis Mari de Miguel zenak preseski, beste saiakera bat ere egin zuen horretarako, eta, arkitektura ikasle baten laguntzarekin, azkenerako lortu zuen lagin txiki bat eskuratzea. «Baina soilik zazpi bildu zituen. Beste hiru gehitu genizkion gero, baina…», ekarri du gogora Remirezek.
«Garai batean, mahatsaren prezioan gorabeherak izaten ziren neurri berean handitzen edo txikitzen zen biztanleria Bargotan»
MIKEL CHASCO Bargotako herritarra
Orain bai, baina, orduan erdizka gelditu zenari heldu, eta lortu dute zerrenda osoago bat egitea, eta, hala, lehendik ere susmatu zitekeen arren, 240 biztanleko herrian behintzat 54 upategi badirela azaleratu eta gero, are ageriago gelditu da ardogintzak Bargotako familietan historikoki izan duen inportantzia. Berrespen moduko bat da hori, Chascoren esanetan. «Orain dela ia mila urtetik hona, mahatsa izan baita Bargotaren ekonomiaren oinarria. Hainbeste, ezen, lehen, mahatsaren prezioan gorabeherak izaten ziren neurri berean handitzen edo txikitzen baitzen biztanleria ere».
Orain ere, kaleetan barrena ibili besterik ez dago etxe azpietan gorde-gordeak diren upategien arrastoa hautemateko. Eraikinen behealdean daude pista gehien. Erne erreparatuz gero, haizebideak antzeman daitezke nonahi, eta haiek zuzenean dakarte gogora, hain zuzen, upelek zuloon bitartez hartu zutela arnasa inoiz. Eta baita herriak ere, ondorioz.
Mendeetako historia
Antzinatasunari dagokionez, upategi zaharrenak XVI. mendearen bukaerakoak direlako susmoa du udalak, baina aitortua dute kasurik gehienetan zaila dela azpiegiturak zehaztasunez datatzea: apenas dago agiri ofizialik, eta Bargotak 1818an bere independentzia lortu zuen arte hura Vianako auzo izateak are gehiago katramilatzen du deus aurkitzea.
Mikel Chasco eta Cristina Remirez, iragan astean, Bargotan. I. Z. / FOKU
Baina bada salbuespenik, zorionez. Diezmo izeneko upategia da herriko handienetako bat, eta, aurkitutako agirien arabera, 1830. urtean eraiki zuten. Haren kasuan, jakina da, etxekoen kontsumorako ardoa ez ezik, salmentarako ardoa ere egiten zutela han. Chasco: «Are gehiago, aurkitutako dokumentu batzuetan azaltzen da Chicagora eta Bordelera ere eraman zutela ardoa hemengoek, erakusketetara».
Gauzak franko aldatu dira, ordea. Upategion artean, gaur egun bakar bat ere ez da erabiltzen ardoa egiteko. Eta, hain zuzen ere, bargotarrek horregatik aipatu ohi dute «lo» daudela. Remirezek eta Chascok kontatu dutenez, iragan mendean, tantaka-tantaka, etxe gehienetan utzi zioten ardo propioa ekoizteari, eta joera hori nabarmen indartu zen orain dela laurogei urte inguru kooperatiba abiarazi zutenean. Ordutik, nork bere etxean egin baino, askok nahiago izan zuten kooperatiban aritu. «Horregatik esan ohi dugu, zenbait kasutan, etxe azpietako upategiek argazki izoztuak ematen dizkigutela, irudipena baita asko batere-batere ukitu gaude daudela ordutik».
«Etxe azpietako upategiek argazki izoztuak ematen dizkigute, irudipena baita asko batere-batere ukitu gaude daudela behintzat laurogei urtetik hona»
CRISTINA REMIREZ Bargotako zinegotzia
Hain justu ere, Ganuza izenekoa da orain dela laurogei urtetik hona apenas ukitu diren upategietako bat. Haren barrenean direla, Remirez eta Chasco liluraz ari dira barreneko hormei begira: armiarma sarerik ez da falta, eta lodia da espazio osoa estaltzen duen hauts geruza ere. Eta, aldiz, zikin bai, baina batere koskarik gabe daude 3.000 bat litroko edukierako hainbat bukoi. «Haritzak dena aguantatzen du», bota du Chascok, harro. Eta zera erantsi du segidan, sabaiari so: «Begira zer arkitektura eta zer sistema efizientea zuten orain dela zenbait mende ere».
Bargotarrak, gainera, badauka baieztapen hori argudiatzeko frogarik ere: inoiz, upategiotako tenperatura neurtzen aritu da, eta garbi egiaztatu du zer-nolako termo erregulazio gaitasuna duten, zaharrak izanagatik. «Berdin udan edo neguan, hamazazpi graduren bueltan da beti; gradu erdi bat gora edo behera, gehienez ere». Eta haren atzetik, ziztuan, zorrotz bota dio errematea Remirezek: «Pentsa, orain, gaur egungo ardotegietan zer energia gastatu behar duten tenperaturari eusteko, edo hartzidura dela eta ez dela, erregulatzeko».
Haritzezko kupelak, upategi batean. I. Z. / FOKU
Halako batean, animalia baten agerpenak eten du bargotarren solasaldi bizia: saguzar bat azaldu da, hegan. Bistan da: memorien gordeleku ez ezik, izaki batzuen txoko kutunak ere badira upategiak oraindik.
Mahastiak ere bai
‘Bargota sorgindua’ proiektuaren webgunean jarri dituzte ikusgai hilabeteotako lanaren emaitzak. Besteak beste, 54 upategietako hamarren gaineko datuak bildu dituzte —zenbaitetan, argazkiz ere hornitu dute informazioa—, eta ibilbide bat proposatzen dute, batetik bestera joateko. Oraingoz, ibilbide horretan bisitariei lagundu eta haiei argibideak emateko gida bat lotzea falta zaie, baina espero dute laster izatea hori ere martxan.
Bestela ere, herriak ardogintzarekin duen loturari buruzko azalpenak ere badira webgunean, hala nola herriko mahasti esperimentalaren gainekoak: tokiko 21 mahats barietate dira hor. Remirez: «Merezi du bisitatzea».
