Gizonaren itzalpetik kanpo

Apenas izan duten aitortzarik. Apenas goraipatu den egin duten lana. Gizonaren itzalpean aritu dira sarritan, hark agindutakoa betetzen. Gainera, askotan zaintza lanak ere egokitu izan zaizkie. Hori izan da mendez mende baserrian bizi ziren emakumeen errealitatea. Baina gaur egun errealitatea bestelakoa da. Gero eta gehiago dira emakume abeltzain zein nekazariak. Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, emakume baserritarren izaera aldarrikatzeko jardunaldi bereziak prestatu dituzte Elizondo eta Arbizun. Izan ere, gero eta gehiago dira lehen sektoretik bizi diren emakumeak, batzuk era intentsiboagoan, beste batzuk era tradizionalagoan. Hala ere, argi dagoena da askok eta askok gizonaren menpeko eta itzalpeko izateari utzi dietela, nahiz eta legediaren aldetik hori sustatzeko pauso gutxi eman dituen administrazioak.

Nafarroako Gobernuak duela bi urte egindako ikerketa baten arabera, herrialdean 827 emakume aritzen dira nekazaritzan lanean. Horietatik 637k dute ustiategia jabetzan, eta 190, berriz, sozietate bateko kide dira. Lehen sektoretik bizi diren gizonezkoen datuekin alderatuta, oso zenbateko txikia da. Izan ere, gaur egun, 3.313 gizonezko bizi dira nekazaritza zein abeltzaintzatik Nafarroan. Josune Gorriti Nafarroako EHNE sindikatuko berdintasun teknikaria da. Dioenez, aurrerapauso handiak eman dira lehen sektorean gizon eta emakumezkoen berdintasunean, baina oraindik asko dago egiteko.

Izan ere, oraindik askori arraroa egiten zaie emakumezko bat behiak jezten ikustea. Hala ere, Irune Fernandezentzat ohiko zeregina da. Duela hamabost urte inguru hasi zen baserrian lanean. Landa eremuarekin aurretik harremana bazuen arren, 25 urterekin hasi zen baserrian beharrean. Emakume nekazarien errealitatea azken hamabost urteetan dezente aldatu dela onartu du Fernandezek. “Urtetan emakumeok lan ikusezina egin dugu, eta errealitate hori apurka aldatzen ari da”, esan du. Hala ere, Fernandezek adierazi du bere burua ikusezin gisa sentitzen duela.

Izan ere, autokontsumorako egiten du lan Fernandezek Etxalarko Lekuederrea baserrian. “Gure baserrian denetarik dugu, baina baserri txikia da; hiru behi, ardi batzuk, txerriak eta oiloak ditugu, besteak beste”. Soberakinak saltzen dizkie ezagunei. Dena den, salmenta hori ez da batere erraza. Izan ere, administrazio publikoak erabat zehaztuak ditu halako salmentetarako higiene neurriak, eta horiek bete ahal izateko inbertsio handia egin behar izaten dute baserritarrek.

Salmenta sustatu

Josune Gorritik, hain justu, azoketako salmenta gehiago sustatu beharko litzatekeela aldarrikatu du. Emakumeen abeltzaintza eta nekazaritza ustiategiak gizonezkoenak baino txikiagoak izaten direla azaldu du. “Ustiategiak txikiagoak direnez, salmenta zuzena ezinbesteko baliabidea da”. Salmenta zuzenaren inguruko legea bada Nafarroan. “Legea indarrean dago, baina administrazioak ez ditu arauak behar diren bezala garatu”, dio. Gaineratu duenez, administrazioak ez dio salmenta mota horri behar besteko garrantzirik ematen.

Azken finean, errealitatea argia da. Lau behi dituen baserritar batek esnea saldu nahi badu, jezte sistema arautua jarri beharra dauka baserrian. Baina hori ezinezkoa da tamaina txikiko ustiategietan. Beraz, bai Fernandez eta bai Gorritiren irudiko, erdibideko irtenbide bat aurkitu beharko litzateke, ustiategi tradizionalak aurrera jarraitzeko.

Baina lehen sektorean gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna erdietsi den galdetuta, oraindik asko dagoela egiteko uste du Gorritik. Jakinarazi duenez, EHNEk beti gomendatu die emakume baserritarrei ustiategiko jabetzaren ehuneko bat eskuratzeko. “Guk sindikatutik behin eta berriz aldarrikatu dugu administrazioak jabetza partekatuko legea martxan jartzea”, azaldu du Gorritik. Gaineratu duenez, egokiena bikotekidearekin jabetza %50ean izatea da.

Hamar urtez aritu da EHNE jabetza partekatua arautzen zuen legea aldarrikatzen. Borroka askoren ostean, 2012ko urtarrilaren 5ean jarri zen indarrean. Ordutik, Nafarroan bi bikotek bakarrik egin dute jabetza eredu horren alde. Baserritar askok nahiago izan dute sozietateak eratu. Dena den, jabetzaren ehunekoan ez dela berdintasunik izaten aitortu du Gorritik: “Sarritan gizonezko askorentzat zaila da ustiategiaren jabetza emakumearekin %50ean partekatzea”.

Aitortza eguna

Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, emakume nekazariak omentzeko jardunaldiak egingo dituzte Arbizun eta Elizondon. Arbizun atzo hasi ziren, eta Etxalde Euskal Herriko baserritar eta laborarien mugimenduak antolatuta, Emakumeen baserritarren zientzia eta teknologia izenburua duen bigarren foroa egin zuten. Fernandez bezala etxalde iraunkorren aldeko diren baserritarrek osatzen dute mugimendua. Atzo gai teknikoak landu zituzten, esaterako, zizare humusa, fruitu eta barazkien kontserbazioa eta muga begetalak. Gaur, ordea, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, emakume baserritarrez mintzatuko dira. Hala, Via Campesina mugimendukoek landa eremuko genero indarkeriaz hitzaldia egingo dute.

Elizondon, berriz, Nafarroako EHNE sindikatuak antolatuta, omenaldia egingo diete emakume baserritarrei. Lehenik, Narbarteko Lurdes Argainen baserrira bisita egingo dute. Horren ostean, Anizera joango dira, Jauregia baserrian bi orduko bisita egitera. Jauregia egungo baserrien eredu moderno bat da. Izan ere, aurrera jarraitzeko euren lan eremua dibertsifikatu egin dute.

Gorritik argi du bestelako lan munduetan bezala lehen sektorean gizon eta emakumeen artean ez dagoela berdintasunik oraindik. Dena den, oreka lortzeko politika eraginkorrak martxan jarri behar direla adierazi du, eredu iraunkorraren alde egiten duten baserri eta baserritarren jarraipena dagoelako kolokan.