Gobernuak gutxitu egin nahi du Iruñerriko hiri garraioan egiten duen diru ekarpena

Oraingoz ez dago akordiorik Iruñerriko hiri garraioaren finantzaketan. Dena den, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen artean adostasunik ez badago, aurreko hitzarmenak indarrean jarraituko du. Astelehenean egin zuten azken bilera bi aldeek. Bi erakundeen jarrerak oraindik urrun badaude ere, akordioa lortzeko borondatea azaldu dute. Urte bukaerara arte biltzen jarraituko dutela esan dute. Nafarroako Gobernuak bere diru ekarpena gutxitu nahi du Iruñerriko hiri garraioan, baina neurri horrek erabiltzaileengan eraginik ez izateko, beste diru sarrera batzuk bilatzera behartu nahi du mankomunitatea.

Gobernuak mankomunitateari eskatu dio beste sektore batzuetan dituen irabaziak —hondakinak eta urak— hiri garraiorako erabiltzeko. Mankomunitateak ez du begi onez ikusten proposamena. Gainera, ez dute argi finantzaketa modu horrek lege babesik duen. Egun, Iruñerriko hiri garraioan diru sarreren erdia erabiltzaileen bitartez finantzatzen da, eta gainontzekoa administrazioek jartzen dute: %60 Nafarroako gobernuak eta %40 mankomunitateak.

“Egungo austeritate egoera” kontuan izanda, gobernuak dio hiri garraioko inbertsioa berraztertu beharra dagoela. Funtsean, bere ekarpena murriztu nahi du.