Madrilerako hegaldiak besterik ez dute eskainiko Noaingo aireportuan

Joan den astelehenean atera zen Vueling konpainiak Noaingo aireportuan eskaintzen zuen Bartzelonara joateko azken hegaldia. “Aurreikuspenak” ez zirela bete argudiatuta, zerbitzu hori eskaintzeari utzi dio. Ondorioz, astelehenaz geroztik, Madril da Nafarroako aireportutik eskaintzen den norako bakarra. Horrek ziurrenik azken hilabeteetan aireportuak izan duen bidaiari jaitsiera areagotuko du.

Martxoan irten ziren Vueling konpainiaren Bartzelonarako hegaldiak lehenengoz. Astean sei hegaldi eskaintzen zituen, astelehenetik ostiralera. Beste konpainiek ez bezala, Herrialde Katalanetako enpresak hegaldi “merkeak” saltzen zituen, eta horregatik zen berezia. Modu horretan, behin Bartzelonara iritsita, bidaiariek Europako beste herrialde batera joateko aukera izaten zuten, El Prat aireportuan dauden aukera zabalei esker.

Sei hilabetez soilik lan egin du Vuelingek Noaingo aireportuan. Gainera, hasiera batean astean sei hegaldi irtetekoak ziren arren, zenbait zerbitzu bertan behera gelditu izan dira “bidaiari faltagatik”. Vuelingek ohartarazi duenez, bidaiari kopurua oro har “neurritsua” izan da. Hondarribiko aireportuan (Gipuzkoa) antzeko zerbitzua eskaintzen dute. Kasu horretan, ordea, ia hegaldi guztiak betetzea lortzen dutela argitu dute.

Beraz, Madril da Noaingo aireportuan eskaintzen den noranzko bakarra. Azken urteetan, aireportuak izan duen bidaiari jaitsieraren eraginez, Madrilera joaten diren hegaldien maiztasuna murriztuz joan da Iberia konpainia. Gaur egun, eguneko lau zerbitzu besterik ez du eskaintzen.

Gero eta bidaiari gutxiago

Azken urteetan, Noaingo aireportuan bidaiari kopuruaren beheranzko joera argia izan da. Esaterako, 2007an, 500.097 bidaiarik hartu zuten hegaldiren bat. Handik urtebetera, 434.477k. Hala, urtez urte bidaiari galera handituz joan da. Izan ere, iaz, 190.329 bidaiari besterik ez zen izan. Erabiltzaile kopuruaren beheranzko joera horrek zuzenean eragin du hegaldien zenbatekoan ere.

2007an, esaterako, 13.442 hegaldi irten ziren Nafarroatik. Hurrengo urtean, hegaldi kopurua apur bat jaitsi zen arren, ez zen jaitsiera handia izan. Orotara, 12.971 hegaldi irten ziren. Iazko datuekin alderatuta, sei urtean ia erdira murriztu da hegaldien zenbatekoa. Izan ere, joan den urtean 7.523 hegaldi abiatu ziren Noaindik.

Bidaiari jaitsieraren zioak hamaika izan litezke. Azken urteetan Renfe Bartzelonara eta Madrilera joateko ordutegia handitzen ari da, hegazkinei konpetentzia eginez. Horrez gain, inguruko aireportuek, Bilbokoak eta Zaragozakoak esaterako duten eskaintza erakargarriagoa da. Aditu batzuek uste dute horrek eragin dezakeela erabiltzaileen murrizketan.

Hala, Noaingo aireportuak ez ditu aurreikusitako helburuak bete. Handitzeko lanak egiteko, 45 milioi euro baliatu zituen AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak. 2010ean jarri zen martxan terminal berria. Hala, ia hirukoiztu egin zen terminal zaharraren neurria. Ahalik eta bidaiari gehien erakartzeko asmoz, hegazkinek lurreratzeko pistak ere handitu zituzten. Hala, gutxi gorabeherako kalkuluetan oinarrituta, kalkulatu zuten urtean milioi erdi bidaiari igaroko zirela Noaindik.

Hala ere, litekeena da etorkizun hurbilean Bartzelonara joateko hegaldiak berriz eskaintzen hastea. Izan ere, jakin denez, Iberia aztertzen ari da bere menpekoa den Air Nostrum konpainiak hegaldi hori eskaintzea. Hala ere, oraingoz, ez da izango Bartzelonara hegazkinez joateko aukerarik.