Nafarroan diputatua lortzeko, boto ihesari aurre egin behar dio Fronte Zabalak. Gaur, Iruñeko Erorien Monumentuaren aurrean koalizioaren aldeko botoa eskatu dute, «demokrazia, memoria eta elkarbizitza defenditzeko».
Duela hiru urte ia 44.000 boto eskuratu zituen Sumarrek, eta azken diputatua lortzeko 2.900 botoren faltan geratu zen. Oraingo honetan Fronte Zabala eta Podemos banandurik aurkeztuko badira ere, kanpainan bi helburu ditu ezkerreko koalizioak: batetik, eremu horretan ahalik eta boto gehien bildu; eta, bestetik, boto baliagarriaren kontrako mezua zabaldu, boto emaileak PSNra eta EH Bildura alde egin ez dezaten.
Horretarako, toki sinbolikoa aukeratu dute gaurkoan, eraikin horren eraispenaren aldeko euren jarrera goraipatuta. Iruñeko Erorien Monumentuan «orainaldiko erantzukizun moduan konpromiso antifaxista» dutela adierazi dute Ane Sanchez hautagaiak, Carlos Guzman parlamentariak eta Txema Mauleon Iruñeko zinegotziak.
Lau ildo
Guzmanek adierazi du memoriaren arloan «ausardiaz, koherentziaz eta anbizioz» jokatuko dutela, eta lau ildo azpimarratu: oraindik ere lurpean diren gorpuzkiak desobiratzeko finantzaketa ziurtatzea, frankismoaren aztarna eta sinbologia faxista oro kentzea, memoria demokratikoaren guneak duintzea, eta hezkuntzan memoriaren arloko edukiak blindatzea».
Txema Mauleonen arabera, asko dago jokoan igandean. «Ez dago jokoan txandakatzea. Oinarrizkoena dugu jokoan: demokrazia, bizikidetza, balioak eta askatasuna». Gogora ekarri du PP eskuin muturrarekin gobernatzeko prest dagoela, eta jokabide horrek demokraziaren oinarrizko printzipioak urratzen dituela.
Bide beretik, Ane Sanchez hautagaiak «faxismoaren kontra eta elkarbizitzaren alde» bozkatzera dei egin du. «Alderdi horiek frankismoa justifikatu dute, diskurtso supremazistak elikatu dituzte migratzaileen kontra, indarkeria matxista ukatu dute eta LGTBI kolektiboaren kontrako diskurtsoa elikatuko dute».