Astelehenean jarriko dute martxan gripearen aurkako kanpaina Nafarroan

Iaz, 113.367 pertsonak hartu zuten gripearen aurkako txertoa Nafarroan. Azken urteetan, eutsi egin zaio kopuru horri. Iraila bukaeran hastekoa bazen ere, azkenean astelehenean hasiko da gripearen aurkako kanpaina, eta azaroaren 30era arte iraungo du. Txertoa doan hartu ahal izango dute arrisku taldeetan dauden pertsonek. Txertoa osasun etxean edo nork bizi den zahar etxean jaso ahal izango du. Talde horietatik kanpo daudenek, berriz, farmazietan erosi beharko dute txertoa,7,93 euroan.

Gripearen kanpainan, Osasun Publikoko Institutuak lau arrisku talde bereizten ditu. Lehenengo taldean, 60 urte baino gehiago dituzten pertsonak daude; batez ere, zahar etxeetan bizi direnak. Bigarren taldean, batetik, hainbat gaixotasun kroniko dituzten ume eta helduak daude, besteak beste, biriketakoak, kardiobaskularrak eta metabolikoak. Bestetik, bigarren arrisku taldean, aspirina luzaroan hartzen ari diren ume eta nerabeak, gaixo kronikoekin harremanetan dauden pertsonak eta haurdun dauden emakumeak daude. Azken bi arrisku taldeetan aurkitzen dira, besteak beste, pertsona nagusiekin edo gaixoekin eta oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenak.

Normaltasuna espero da

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko teknikarien ustez, aurtengo gripe izurritea ez da aurrekoen oso ezberdina izango. Hala ere, kontrolatu ezin diren hainbat faktorek eragingo dute izurritearen hedaduran. Adibidez, hotz handia egiten baldin badu, jendea leku itxietan metatu egiten da, eta horrek transmisioa errazten du. Horrez gain, birusa eskolako opor egunetan zabaltzen hasten bada, kutsatzeko aukera gutxitu egiten da, umeak infekzio gune nagusi baitira.

Hego hemisferioan pasatu dute jada gripearen izurritea. Hango biztanleen kutsatze maila, aurreko urteetakoen antzekoa izan da. Baina toki guztietan ez da birusaren aldaera bera azaldu. Hego Amerikan H1N1 birusa jasan dute, eta Ozeanian H3N2a. Beraz, Osasun Publikoko Institutuko teknikariek ez dakite zein birusi egin beharko dioten aurre. “Birusak aldaketak eta mutazio txikiak izaten ditu, nahiz eta oinarria bera izan. Aldaketa txiki horiek, immunitate sistema engainatu dezakete; horregatik sor daiteke gaixotasuna”, dio Aurelio Barrikarte Osasun Publikoaren Institutuko epidemiologia buruak.

Osasun Publikoko Institutuak 120.000 dosi erosi ditu 408.000 euroan, iaz baino 62.000 euro merkeago. Dosi bakoitza 3,4 euroan erosi ditu, eta, iaz, 3,92 euro ordaindu zituen txerto bakoitzeko. Merkatze hori, Espainiako Osasun Ministerioak ezarritako negoziazio eredu berriagatik da.

Ministerioak lehiaketa publikoa egiten du urtero, eta txertoaren gehieneko prezioa zehazten du. Lehiaketa horretan, hiru farmazia laborategi aukeratu ditu Ministerioak: Sanofi, Glaxo eta Novartis. Behin hiru laborategiak aukeratuta, erkidego autonomo bakoitzak laborategiekin negoziatzen du txerto kopurua eta prezioa. Txerto guztiak berdinak dira, alegia, Osasunaren Mundu Erakundeak aurtengo kanpainarako erabakitakoak. Administrazioek negozia dezaketen arren, laborategiek jartzen dute prezioa.

Aurreikuspenen arabera, erositako txertoak nahikoa izango dira kanpaina ongi garatzeko. Osasun Publikoko Institutuak ez baitu larrialdirik espero. Hala ere, dosi gehiago behar izanez gero, Nafarroak 24.000 txerto gehiago eska ditzake, hau da, erositakoen %20 gehiago. Era berean, uste baino gutxiago erabiliz gero, Nafarroak erositako dosien %5 itzuli ahal izango du.