Lan erregulazio espediente baten mehatxupean dira Olatzagutiko Portlanden

Olatzagutiko Cementos Portland lantegia 190 egunez itxi nahi dute, 2014ko abendura arte. Lantegiko 105 langileak daude aldi baterako enplegua erregulatzeko espediente baten mehatxupean. Hori izango da lantegiak azken urtean jasan duen bigarren erregulazio espedientea. Aurten, lantegiaren porlan produkzioa ia %15 jaistea aurreikusi du enpresak. Hau da, iaz baino 50.000 porlan tona gutxiago ekoitziko dituzte. Cementos Portland Valderrivas enpresa FCCren adar bat da, eta Olatzagutiaz gain, Espainian dituzten lantegietan ere enplegua erregulatzeko espedienteak aurkeztuko dituzte. Enpresako langileen %97k jasango dute erregulazio espedientea. Hala ere, xehetasunak argitzeko daude oraindik.

Enpresaren eta langileen arteko negoziazioak hasi berriak daude. Urriaren 10ean egin zuten lehen bilera. Egutegia zehaztu gabe badago ere, lanik egingo ez duten egun kopurua ez da gehiegi aldatuko. “Sektorean jasaten ari diren egoera ikusita, horrelako zerbait espero genuen”, dio Javier Lekunberri UGT sindikatuko kide eta enpresa batzordeko presidenteak. Negoziazioetan langileentzako baldintzarik onenak lortzen saiatuko direla esan du Lekunberrik, baina negoziazioa “korapilatsua” izango dela. “Enpresa egoera zailean dago, krisi ekonomikoak gogor jo baititu eraikuntza eta herri lanak”. Egoera horri aurre egiteko, Lekunberrik uste du kaleratzerik ez egotea lortzen badute “gaitz erdi” izango dela.

Urteko bigarren espedientea

Negoziatzen ari diren enplegua erregulatzeko espedientea ez da Olatzagutiko lantegiak izan duen lehena. Ekainean, Cementos Portlandek beste espediente bat aurkeztu zuen. Horren ondorioz, 27 langile kaleratu zituzten; 9 langilek Iruñeko bulegoetan lan egiten zuten, eta beste 18k, lantegian. Hala ere, espediente hark eragindako langileen %15 oraindik lanean daude. “Horiek oso kasu bereziak dira, zenbait lan egiteko ezinbestekoak diren langileak baino ez daude lanean”, azaldu du Lekunberrik. Hala ere, abenduaren 31ra arte bakarrik jardungo dute lanean. Ekainean aurkeztutako espediente berean, enpresak Espainian dituen lantegietan 267 langile kaleratu zituen. Hilabete batzuk lehenago, beste 227 langile lanik gabe gelditu ziren. Guztira, 460 langile kaleratu ditu Cementos Portlandek lau hilabetean. Horrez gain, FCCk berak enplegua erregulatzeko beste hainbat espediente egin ditu aurten. Apirilean, 842 langile kaleratu zituen, eta irailean, beste 155. Orotara, FCC eta Cementos Portlandek iaz baino 1.457 langile gutxiago dituzte.

Cementos Portlandek erregulazio espedienterako argudiatu du eskaerak %23 jaitsi direla urteko lehen zortzi hilabeteetan. Irailean, joera ez da aldatu, eta kontsumoa %38 jaitsi da. Azken hilabetean ekoitzi ez duen porlana Cementos Portlandeko lantegietako baten urtebeteko ekoizpena da.