Gobernuak Zilbetiko meategia babestu izana gaitzetsi dute

Kezkatuta eta haserre agertu dira Seo/BirdLife eta Aldude koordinakundea Pirinioetan egitekotan diren meategien proiektuei babesa adierazi dielako Nafarroako Gobernuak. Bi talde horiek beste behin ohartarazi dute Zilbetin Magnesitas Navarra SA Magna enpresak egin nahi duen silizea ateratzeko meategiak “izugarri kaltetzen” duela ingurumena.

Antzeri eremua Nafarroako Gobernuak hala erabakita, Natura 2000 sarearen barruan dago. Hala, 2005. urteaz geroztik, ZBG Zaintza Bereziko Gune gisa dago izendatuta, besteak beste, dituen balio ekologikoak direla eta. SEO/BirdLife taldeko kide diren hainbat elkarte zientifikok eta aditu ezagunek, ohartarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak “sustatutako” meategien proiektuak ez dira bateragarriak eremuari aitortutako ingurumen babes mailarekin.

Oraindik, Zilbetiko Antzeri parajean meategia egiten hasi ez badira ere, heldu den urte hasieran eraikitzen hasteko asmoa agertu du behin baino gehiagotan Magna-k. Dena den, SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundeko kideek ohartarazi dutenez, hori hala izan ez dadin “borrokan” jarraituko dute. Nafarroako Gobernuak araudia ez duela betetzen iritzita, Europako Kontseiluan —bere erabakiz sortu zen Natura 2000 sarea— kexa formala aurkeztu dute. Gainera, afera auzitegietan ere badago. Bi taldeek ohartarazi dutenez, justiziak arrazoi emango ez baliete, litekeena da Europako Kontseiluan aurkeztutako kexa formala handitzea.

Oraingoz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen zain daude. Izan ere, Aldude koordinakundeak eta SEO/BirdLife taldeak Zilbetiko meategiaren aurka helegitea aurkeztu zuten. Justiziaren ebazpena urte amaierarako espero dute.

Horrez gain, bi taldeek jakinarazi dutenez, Antzerin egin nahi duten meategiak hainbat erreka kaltetuko lituzke. Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu behar izan zuten proiektuaren sustatzaileek. Ramon Elosegi SEO/BirdLife taldeko kidearen arabera, “Ebroko Ur Konfederazioak emandako baimenak oso mugatzaileak dira eta ia ezinezkoa da arau horiek beteta meategia martxan jartzea”.

Magna-k Zilbetin meategia martxan jarriz gero, Zubiriko lantegiak martxan jarraitzeko aukera izango duela adierazi du behin baino gehiagotan. Hori gezurtatu dute SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundekoek, “Zubiriko Azkarate meategian beste 20 urterako erreserbak daudelako oraindik”.