“Aniztasunaren sarea” hedatu nahi du EH 11 Kolore ekinbideak Nafarroan

“Nafarroan bizi den eta sentitzen duen edonor, bertan edota munduko edozein lekutan jaio bada ere, nafarra da”, adierazi du Leire Olza Euskal Herria 11 Kolore ekinbideko Nafarroako ordezkariak. EH 11 Kolorek urtebete egingo du laster. Ekinbidea Gipuzkoan jarri bazen ere martxan, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi dute lana. Euren helburua elkar ezagutzeari eta errespetuari mesede egingo dion “aniztasunaren sarea” hedatzea da. Horrez gain, 2014ko aniztasunaren jaia Iruñean egingo dutela jakinarazi zuten.

Iruñeko Hizkuntza Eskolan egindako aurkezpenean, Olzak eta Xabier Mendiguren euskaltzaleak parte hartu zuten. Hainbat elkarte, talde eta sindikaturen babesa izan zuten. Olzaren arabera, EH 11 Kolorek Nafarroako gizarte osoan elkarrizketa eta eztabaida iraunkorra sustatu nahi du, aniztasunean oinarritutako elkarbizitza eredu bati gogoetak eta adostasunak eskaintzeko helburuarekin. Mendigurenek esan zuen aurkezpenaren egunak esanahi berezia zuela —abenduaren 2a, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera—. “Frantzisko Xabierkoarekin irten zen euskara mundura, eta irteten jarraitu zuen garai guztietako arrantzale, merkatari, emigrante eta bidaiariekin. EH 11 Kolore pozarren dago, ez soilik euskarak munduratzen jarraitzen duelako, baizik eta gaur egun mundua bera delako euskarara datorrena ere”, adierazi du Mendigurenek. Nabarmendu dute gaur egun D ereduko hezkuntza jasotzen dutela, besteak beste, Ekuador, Ukraina, Txile, Galizia, Maroko, Senegal eta Andaluziako umeek.

EH 11 Kolorek, iazko abenduan sortu zenetik, hainbat kanpaina eta jardunaldi egin ditu aniztasun kulturala, linguistikoa eta jatorri aniztasuna ardatz hartuta; adibidez, ekainean Donostian egindako Aniztasunaren Eguna.