‘Bilketa handia’-ren balorazio ona egin dute antolatzaileek

Egunero 38.000 lagun artatzen ditu Nafarroako Elikagaien Bankuak hainbat parrokia, elkarte eta gobernuz kanpoko erakunderen bitartez. Egoera horri aurre egiteko, Bilketa handia kanpaina martxan jarri du Nafarroako Elikagaien Bankuak. Helburua 300.000 kilo janari batzea izan da, eta, horretarako, 2.100 boluntarioren laguntza izan dute. Datu ofizialen faltan, “oso balorazio ona” egin dute Elikagaien Bankuko arduradunek kanpainaren inguruan.

Azaroaren 29an eta 30ean egin zuten bilketa. Kanpainaren lehen eguna jaieguna zen Iruñean, eta horrek jasotako janari kopurua gutxitu egin zuen, jende gutxiago hurbildu baitzen saltokietara. “Lehenengo eguna asko okertu zen, jaieguna zelako. Jendearen eta boluntarioen borondatea ezin hobea izan da. Baina parte hartzea urriagoa izan da”, adierazi du Carmelo Landa Elikagaien Bankuko bilketa arduradunak.

Larunbatean, ordea, jende gehiago egon zela dio Gregorio Iholdi Elikagaien Bankuko operazioen arduradunak. “Jende asko ikusten da, eta larunbat eguerdirako zenbait saltokitako edukiontziak bete egin dira”.

Elikagaiak biltzeko postuak Nafarroako 44 herritako 182 saltokitan jarri zituzten, besteak beste, Altsasu, Andosilla, Burlata, Noain, Azkoien, Tafalla, Tutera eta Iruñean. Iholdik boluntarioen lana goraipatu du: “Ikaragarria da egiten duten lana; euren aisialdia erabiltzen dute besteak laguntzeko”.

Cordovillako E.Leclerc saltokian egon zen Francisco Javier Ruano. Haren aburuz, pobrezia gero eta hurbilago sentitu, gero eta elkartasun gehiago azaltzen du jendeak. “Afrikako adarrerako laguntza eskatzen baduzu, jende asko ez da fio. Baina, gaur egun, pobrezia parez pare dugu”. Elikagaien Bankuak galtzen ez diren elikagaiak eskatzen ditu, hala nola lekaleak, olioa, esnea eta barazkiak kontserbetan. Ruanok uste du jendeak baduela kontzientzia soziala. “Ez dugu inor konbentzitu behar bi pakete arroz erosteko”, dio Ruanok. Mertxe Barandikak Iruñeko Eroski batean iragan zuen ostiral arratsaldea. Bigarren urtea da kanpainan parte hartzen duena. “Batzuek barkamena eskatzen dizute dilista pakete bat bakarrik ematen dutelako, eta gehiago ezin dutela eman azaltzen dizute”, esan du Barandikak.

Maria Cillerok E.Leclerc supermerkatuan egin zituen erosketak ostiral arratsaldean. Haren ustez, pobrezia saihesteko gobernuak lan gehiago egin beharko luke. “Tristea da herritarrok lagundu behar izatea, eta ez gobernuak”, esan du Cillerok. Francisco Javier Alustizak indabak, dilistak eta arroza eman zituen. Haren aburuz, garrantzitsua da jendeak horrelako ekinbideak ilusioz hartzea, elkartasun kanpainak herritarren esku baitaude.