Zentsura politikoa

Piruxak Nafarroan: zentsurari buruzko ikerketa 1979-2009 ikerlan unibertsitarioa egin nuen Asmoz Fundazioaren bitartez. Erregimen frankistaren ondorengo zentsuraren fenomenoa aztertu nuen, Nafarroari lotutako kasuak bilduz. Hona hemen haren ondorio batzuk:

Nire ikuspuntutik, zentsura debekuaren formetan eratzen da gaur egungo lege eta ekinbide judizialen bidez. Euskal gatazkan, hirugarren mundurako planteamenduaz eginiko ZEN plan haren kontzeptuekin janzten da zentsura. Zona Especial Norte planak, oraindik ere indarrean. […]

Kasuen artean, batzuk zakarrak eta gardenak dira, frankismoan gertatzen ziren bezalakoak […]. Alfredo Jaime alkatearen garaiko kasuak, Maribel Beriain zinegotziarenak batera, UPNkoak biak, “heretikoen mailua” berau: VI. Euskaraz Komikiaren Lehiaketaren komiki zentsuratuak “eduki biolento, biluzgorri eta mezu sasi-politikoengatik”, edota Mikel Urmenetaren artelana Autorretrete, besteak beste. Zentsura giroa zen hura, iritzi publikoa hartua zuela eta bere hartan segitzen zuela, laino sarriaz, lehen bezalatsu. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, Rodolfo Martin Villa, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979ra arte Gobernazioaren kartera izan zuena (UCD); frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman zuela leporatua izan dela zenbait alditan. […]

Beste kasu batzuek era sofistikatuagoa dute: adibide gisa, Simonidesen Jamon de Gorrión komikia, Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro erakusketa Ziudadelatik kendu zutenekoa, Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra agertzen zelako, edo Altaffaylla Fundazioaren Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuarekin izandako arazoak eta abar.

Badira kasu dexente Nafarroan “errepresura kulturalari” loturikoak (J. A. de Blas argitaltzaileak sorturiko terminoa), eta dexentek badute lotura ez bakarrik kultura, politika edo erlijioarekin; sexualitate, abortu eta gisa horretako kontuekin ere badira.

Gai honen inguruan aditu handienetako bat denak, J. M. Torrealdaik, zentsura garaikidearen kasu nabarmenetako baten biktima berau, Egunkaria itxi baino lehen ziurtatzen zuen: “Hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan, aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik”. […]

Hain zuzen ere, lehen bazegoen aparatu espezializatu bat (aunitzetan apez bat ere bat); eta egun, betearazpen-akzio bat elkarbanatua da aparatu polizial edo militar eta judizialaren artean, batzuetan, aparatu politikoak bultzatua. Egunkaria-ren kasua. Gizon grisaren txostena kapitain baten ofizio-agiriak ordezkatua, instrukzioko epaile bati zuzendua, nork “dena da ETA” aski ezagututako diskurtsoaren izenean egunkaria ixten duen.

Zentsura, Francoren garaian, politikoa ere bada. Bizitzaren eremu guztia hartzen duen heinean, ohiko ekinbide bat. Normalizatua bai herrian bai erregimenaren kontrako intelektualen artean; zeren beraien baitan pairatu zuten autozentsura delako hura, nahiz eta borrokalari zintzoak. Aginte zentsuratzaileak markatzen du politika arloan debekaturik zer dagoen: erregimenaren aurka mugitzen den guztia. Horrek guztiak alderaketa egitera eramaten du: alde batetik, ze erraz ixten dituzten komunikabideak 1979tik aitzina, eta, bestetik, statu quo-aren akolitoen konplatzentzia. […]

Nik uste dut ez dakigula elkarri hitz egiten, ez ziguten irakatsi, eta ikasi duguna justu kontrakoa da. Katalan izaeratik gutxi dugu, bai bikingoena. Eta espainarrak ere bai. Zeren, autokritikaz eta desikasteko xedeaz ari garela, ulertu behar da, izan ere, zentsura botere instituzionalizatuetatik datorren ekinbide penagarria dela, baina ez da soilik haien esklusitibitatearena, kontraboterea egin duena hark eramana edo tentatua noizbait izan da. Zentsurak paranoia kutsakorra badakar.[…]

Boterearen ekinbide ez-etikoak informazioaren kontrolean du oinarri. Horregatik, Gara eta BERRIA egunkariak ez daude Nafarroako liburutegietan; Iruñeko alkateak ez ditu gogoko CANi buruzko dokumentalak, eta Ateak Ireki itxi dute betiko diskurtso bereziaren bidez. Beharbada, Nafarroan Ateak Ireki izan liteke UPNk duen informazioa kontrolatzeko sistema bere lekutik kanpo utz dezaketen hedabide horietako bat.

Iritzi askatasuna denon eskura izan beharko lukeen eskubidea da, eta erabatekoa izan beharko luke muga inposatutakoen gainetik. Inor ez da horren ordezkoa eta jabe ofiziala, bestearen izenean inork ez baitu norbanakoaren askatasuna ordezkatu behar, eta, aldi berean, denon erantzukizuna da bestearen askatasuna defenditzea. Hitz egin dezagun inor baztertu gabe, hitza isilarazi gabe. Botereen banaketa benetan existitzen bada, bada garaia militarrak politikariari ez agintzeko. Bada gatazkaren amaieraren garaia. Zentsura gehiagorik ez.