‘Jalgi hadi taulara’ lelopean ospatuko dute Antzerkizale Eguna

“Nafarroan ez da erraza antzerkigintza eta euskaragintza uztartzea. Baina, oztopoak oztopo, elkarlanean, hausnartuz, sortuz, arituz egingo dugu, lortuko dugu”, horrela diote Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko kideek. Antzerkizale Eguna egingo dute bihar, Berriozarren, Jalgi hadi taulara lelopean. Antzerkigintzak eta, bereziki, euskarazko antzerkigintzak Nafarroan duen egoera larriari bultzada bat emateko gogoz antolatu dute. Jai hori Nafarroan antolatzen duten lehen urtea da hau, aurrekoetan Villabonan (Gipuzkoa), Mungian (Bizkaia) eta Usurbilen (Gipuzkoa) ospatu zuten.

Hamaika ekitaldi antolatu ditu Ehazek biharko, Berriozarren. Musikarekin hasiko dute eguna antzerkizaleek, 11:00etan, Musikaz Blai taldearekin. Horrekin batera, helduentzako sormen adierazpenaren tailerra eta haurrentzako maskara tailerrak eskainiko dituzte. Euskalgintzako eragileek irakurketa dramatizatuak egingo dituzte 13:30ean. Bazkaltzeko aukera ere izango da, 14:30ean, Zulo Alai elkartean. Txartelak aldez aurretik erosi behar dira, 8 euroan. Arratsaldean, saio ugari izango dira, hala nola bakarrizketak, mikro-antzerki zirkuitoa eta umeentzako ipuin kontalariak. Eguna bukatzeko, Ehazek manifestu bat irakurri eta 2013ko saria emango du. Horren ostean, Kabia konpainiak Itzalak antzezlana aurkeztuko du.

“Antzerkia eta kultura, oro har, bigarren mailan egon izan dira beti agintarien agendetan”, uste du Ehazek. Egoera horri aurre egiteko, behetik gora landu nahi dute antzerkigintza euskalduna. Antzerkizale elkarteak Berriozarko udal, elkarte eta norbanakoen laguntza izan du antolakuntza lanetan. Egun handia larunbata izango bada ere, gaur bertan mahai inguru bat prestatu dute, Berriozarko kulturgunean, Zer da EHAZE? Zer leku du euskal antzerkigintzak Nafarroan? Noruntz goaz? Nortzuk? Oztopoen aurrean aukera berriak izenburupean. Ehazek antzerki sarea sortu nahi du Euskal Herri osoan. Horregatik erabaki dute aurtengo Antzerkizale Eguna Nafarroan antolatzea, bertako euskarazko antzerkigintzari bultzada emateko.