Bortziriarren historia klinikoa partekatuko dute Nafarroak eta Gipuzkoak

Osasunbideak eta Osakidetzak elkarlan hitzarmena sinatu dute Bortzirietako biztanleen historia klinikoak partekatzeko. Gertutasun geografikoa eta errepideen loturak direla-eta, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako biztanleak Osakidetzako laguntza sareko zerbitzuetan artatzen dituzte. Hala ere, aurreko urtean, hainbat gaixori medikua aldatu eta Iruñera joateko agindua eman zieten. Horrek hainbat kexa eragin zituen Bortzirietako biztanleen artean, Donostia Iruñea baino hurbilago baitute.

Zehatz-mehatz, Osakidetzak eta Osasunbideak beren Bortzirietako gaixoen historia klinikoak partekatzeko arazo administratiboak gainditu dituzte. Izan ere, bertako herritarrak batzuetan Nafarroan eta besteetan Gipuzkoan artatzen dituzte. Egoera horrek berekin ekarri du hainbat herritarrek bi historia kliniko izatea. Horren eraginez, lurralde batean egindako proben informazioa ez zen igortzen beste lurraldeko osasun zerbitzura; gaixoek berek eraman behar zuten dokumentazioa. Orain, hori aldatuko da. Hitzarmena behar bezala betetzen dela ziurtatzeko, jarraipen bat egingo duen batzordea sortuko da. Akordioa urtebetekoa da, eta automatikoki berrituko da.

Bat-bateko mediku aldaketak

Hitzarmen berriaz gain, Bortzirietan hamaika arazo dituzte oraindik ere osasun arloan. “Hitzarmena erabat teknikoa da; ez ditu konponduko bortziriarrok ditugun arazoak”, dio Marisol Taberna Berako alkateak. Tabernaren arabera, bortziriarrek “betidanik” jo dute Gipuzkoara hainbat mediku zerbitzu jasotzeko. Baina, 2012an, Iruñera bidali zituzten hainbat gaixo. Horrek kexak eragin zituen herritarren artean. “Nafarroako Gobernuak beti esan du ez dela ezer aldatu, baina egia da orain Iruñera jo behar dugula, eta lehen ez”, azaldu du Tabernak. Horretaz gain, aspaldiko hainbat gabezia salatu ditu Berako alkateak: adibidez, zenbait tratamendutarako eta eguneko zentroetarako garraiorik eza.