Ia hiru hileko zigorra jarri nahi die TCCk greba egiteagatik espedientea zabaldutakoei

Orotara, 24 egunez egon ziren greban Iruñerriko autobus zerbitzuetako langileak, lan hitzarmen “duina” aldarrikatzeko. Greba horren harira, hamahiru langileren aurka zigor espedientea zabaldu du TCC enpresak, besteak beste, pikete taldeetan parte hartzeagatik eta bidaia txartela kobratzeko makinetako kableak mozteagatik. Azken egunetan, espedientea zabaldutako langileei zein zigor jarri aztertzen ari da Kataluniako TCC enpresa —hark kudeatzen du billabesen zerbitzua—. Ia hiru hilabetez lanik gabe zigortzea aztertzen ari da.

Greba bertan behera uzteko, hamaika puntuko hitzarmena sinatu dute TCCk eta langile batzordeak, eta, bertan jasotzen denez, enpresak hitza eman zuen zabaldutako zigor espedienteak bertan behera uzteko. Baina billabesen kudeatzaileak adostutakoa aintzat hartzen ez badu, hamahiru langilek etxean gelditu beharko dute bi hilabete eta erdi eta hiru hilabete artean.

Hala, langileen ordezkariek eskatu dute zigor espedientea zabaldutako hamahiru lagunetik hamabi ez zigortzeko. Hamahirugarren langilea Patxi Goñi da, eta hedabideetan aitortu zuen autobusetako bidaien txartelak kobratzeko makinen kableak moztu zituela. Goñiren kasuan, zigor “txiki” bat jartzea onartuko duela jakinarazi du langile batzordeak. Oraingoz, hirurogei egunez lanik eta soldatarik gabe zigortzea dago aurreikusia.

Dena den, Goñirekin enpresak duen jarrera salatu du langile batzordeak. Autobus gidariak ekintzen ardura bere gain hartu zuen arren enpresak adostutakoa baino gehiago “zigortu” nahi duela salatu dute.

Datozen egunetan bi aldeek bilera gehiago egiteko konpromisoa hartu dute, zigorren afera adostu eta grebaren eraginez sortutako gatazkari “irtenbidea” aurkitzeko xedez.