“Unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da”

Krisi ekonomikoak auzoan zer ondorio sortzen zituen jakiteko, Sanduzelaiko (Iruñea) Herri Ekimenak diagnostiko bat jarri zuen martxan 2012an. Diagnostiko horrek auzoak zituen gabeziak azaleratu zituen: langabezia tasa handia eta zerbitzu publiko gero eta okerragoak. Hori ikusirik, hainbat auzokidek krisiaren erantzuleei izen-abizenak jarri nahi izan zizkieten. Baina, horrekin batera, erantzun positiboak ere sortu nahi zituzten, alternatibak. Horrela eratu zuten Sanduzelaiko Unibertsitate Herrikoia. Bertako kide dira Amaia Barrena (Iruñea, 1988) eta Joseba Arbaiza (Bilbo, 1981). Iazko ekainean martxan jarri zuten, eta oraindik bidea egiten ari dira, baina oinarriak argi dituzte. “Berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu”, dio Arbaizak.

Zer da unibertsitate herrikoia? Nola ulertzen duzue kontzeptu hori?

JOSEBA ARBAIZA: Ez dugu ezer asmatu. Azken mendeetan, une zehatzetan herri ekinbideak horrelako hainbat proiektu sortu ditu. Auzoan hainbat gabezia ikusi genuen, eta erantzuteko asmoz sortu genuen unibertsitate herrikoia. Horren bitartez, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu. Betiere modu horizontalean. Hau da, denok badakigu zerbait, eta hori baliatu nahi dugu elkarrengandik ikasteko. Era horretan, auzotarren arteko kohesioa lortu nahi dugu.

Unibertsitatea espazio fisiko batera mugatzen da?

AMAIA BARRENA: Hasieratik esan genuen, unibertsitate herrikoia denez, auzoak berak izan behar zuela erreferentzia nagusia. Beraz, unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da. Karrikagunean dokumentazio zentroa dago. Baina erabiltzen ditugu, besteak beste, Civivox, auzo elkartea eta, eguraldi ona eginez gero, kalea bera ere bai.

J. A.: Askotan, unibertsitate hitza lau hormarekin, eraikin txukun batekin eta ezagutzak modu hierarkikoan ematearekin erlazionatzen da. Zenbait ariketa egin genituen unibertsitatea definitzeko, edo berriro definitzeko. Orduan, ondorio batzuetara heldu ginen. Gure helburua ez da tituluak ematea, edo ehuneko ehunean egia diren gauzak esatea. Nik elkargune modura ikusten dut. Elkargune hori erreka parean, plazan edo kale erdian egon daiteke.

Zer ekinbide eraman dituzue aurrera?

A. B.: Nik bi atal ikusten ditut. Alde batetik, unibertsitate herrikoia aurrera eramateko astero biltzen den taldea. Eta, beste alde batetik, ekintzak proposatzen dituen kanpoko jendea. Guk hainbat ekintza prestatu ditugu. Baina gero, kanpoko jendea etor daiteke eta gauzak proposatu ahal ditu. Adibidez, baten bat etor daiteke eta esan: “Nik software askearen inguruko zerbait antolatu nahi dut”. Horrelako proposamenek ere tokia dute unibertsitatean.

J. A.: Lau ildo nagusi ezarri genituen. Lehena, Sanduzelaiko auzoan gaudenez, auzoko historia berreskuratu nahi dugu. Baina ez liburuetan agertzen dena. Auzoko kolektiboek historia nola bizi duten jakin nahi dugu. Horregatik, bertako historia bilduko duen dokumentazio zentroa egiten ari gara, kolektiboen kartel, idazki eta abarrekin. Nafarroa etorbideko biribilguneko pasabidea lortzeko egin zituzten barrikadetatik hasi, eta Karrikagunea lortzeko eman den prozesura arte.

Bigarrena iritzi politikoaren ingurukoa da. Arlo anitz jorratzen ditugu, hala nola ekonomia, eskubideen urraketa eta internazionalismoa. Gure egunerokoan gertatzen diren gauzei buruzko iritzi politiko kritikoa sortzeko foro antzekoa egin nahi dugu. Oraingoz, memoria historikoa, Nafarroako langile mugimenduaren historia eta Siriako gerra landu ditugu. Orain, Nafarroako Erresumari buruzko ikastaroa antolatzen ari gara.

Hurrengoa euskara eta euskal kultura da. Inguru erdaldunean bizi gara. Baina badaude pertsona euskaldunak, eta guk horien arteko zubi lana egin nahi dugu. Bestalde, irakurle txokoa ere sortu dugu.

Laugarren ildoa gremioena da. Auzoan langabezia tasa handia dago. Langabeek gero eta arazo gehiago dituzte birziklapen ikastaroetan parte hartzeko. Horregatik, formazioa eskaintzen duten auzoko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu nahi dugu; langabeei formatzeko aukera eman nahi diegu.

Zein izan da auzoaren erantzuna? Jendeak parte hartzen du?

A. B.: Astearteko bileretan sei edo zazpi pertsona batzen gara. Gero badugu hurbileko jendea, laguntzeko prest dagoena. Azkenik, antolatutako ekintzetara hurbiltzen den jendea dago. Horietan sorpresa hartu dut. Antolatu ditugun azkenetan ez nuen inor ezagutzen. Hori seinale ona da.

J. A.: Garapena ikusi dugu publikoaren aldetik. Hasieran, lagun batzuk etortzen ziren, baina hurrengoan beste pertsona batzuk, eta, azkenean, denak batera. Langile mugimenduaren historia jardunaldietan, adibidez, 18 eta 70 urte arteko jendea zegoen. Oso argazki polita izan zen hura.

Erreferentziarik izan duzue unibertsitatea sortzeko garaian?

J.A.: Orain dela hamarkada batzuk Donibane auzoan horrelako esperientzia bat egon zen. Eurekin hitz egin dugu. Badakigu Barañainen eta Berriozarren antzeko proiektuak daudela ere, ateneoak. Baina erreferentzia nagusia Bilboko Errekalde auzoko unibertsitate herrikoia da, oihartzun handiena izan zuelako eta denboran gehien iraun zuelako.