Buztintxuriko eskola publikoan, tokirik ez

Hirugarren urtez, Buztintxuriko eskola publikoa txiki gelditu da. Hogei umek, gehienak Artikaberrikoak (Berriobeiti), ez dute tokirik izango Buztintxuriko eskola publikoan. Artikaberrin ez dago eskolarik. Hango posta kodea eta Buztintxurikoa ezberdinak direnez, Artikaberriko familiek puntu erdia galtzen dute lehentasun zerrendetan. Hori guztia salatzeko, hainbat gurasok plataforma bat osatu dute. Haien aburuz, eskubidea dute umeak etxetik hurbilen duten eskolara eramateko, eta Berriobeitiko Udalari eskatu diote euren eskakizunekin bat egiteko. Gogoratu dute Eguesibarko Udalak Sarrigurengo gurasoekin bat egin duela bertako ikastetxeko toki arazoak konpontzeko orduan.

Buztintxuriko eskolan 50 toki dituzte gaztelaniazko ereduan, eta beste 50 euskarazkoan. Bi ereduetan, Ingelesez Ikasteko Programa dute. Euskarazko eredurako 63 aurrematrikula egin dira, eta gaztelaniazkoan, 57. Arazoa ez da oraingoa; duela hiru urte, hamahiru ume lekurik gabe gelditu ziren Buztintxurin, eta hurrengoan, beste 30. 2012an, Hezkuntza Departamentuak erabaki zuen Ingelesez Ikasteko Programa zuen gaztelaniazko beste lerro bat zabaltzea. Hala ere, lau ikasle plazarik gabe gelditu ziren.

Hezkuntza Departamentuak onartu du Buztintxuriko eskola “behar baino txikiagoa” dela. Hori dela eta, bi urte barru ikastetxea handitzeko lanak egingo dituela iragarri du, baina gurasoak ez daude konforme. Obrak datorren urtean egiteko eskatu dute. Gainera, departamentuari aurreikuspen falta leporatu diote: “Hezkuntza Sailak ez zuen kontuan izan Buztintxuri eta Artikaberri auzoen handitze demografikoa”.

Kritiken inguruan, lasaitasun mezuak zabaldu ditu administrazioak. “Ume guztiek izango dute zentro bat”, ziurtatu du. Gurasoek ez dute begi onez ikusi adierazpena: “Denek izango dute ikastetxe batera joateko aukera, bai. Baina non?”. Hori da, hain zuzen ere, gatazkaren gakoa. “Etxetik ahalik eta hurbilena” ikasi ahal izatea eskatu dute plataformakoek, euren eskubidea dela aldarrikatu ostean.

Arazoak eskolako ume eta gurasoei ez ezik gainontzeko auzokideei ere kalte egiten dielakoan daude. “Auzo biziak nahi baditugu, eta ez lo egiteko urbanizazioak, gizarte ehunari eutsi beharko diogu, eta sarea elkartzeko ezinbesteko elementuetako bat da ikastetxe duin bat izatea”.

Kalean protesta egiteaz gain, sinadura bilketa bat abiatu dute change.org webgunearen bidez, 2014-2015eko ikasturtean klase berri bat ireki eta ume gehiago sar ditzaten galdegiteko. Mila sinadura lortu behar dituzte; oraingoz, berrehun inguru bildu dituzte.

Biurdana ere, masifikatuta

Ez dira ikasle gehiago sartzen Arrotxapeko Biurdana institutuko geletan. 590 daude; masifikatuta dago. Hori salatu du hango guraso elkarteak, eta errealitatea onartu du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Ordea, UPNko kideak uko egin dio beste zentro bat eraikitzeari. Bestelako konponbide bat eman du: Donibaneko Bigarren Hezkuntzako Institutuko gela hutsetara mugitzea Biurdanako batxilergoko ikasleak.

Gurasoek uste dute motz geratzen dela erabakia. Izan ere, haien irudiko, urte batzuetarako baino ez da izango baliagarria Donibaneko ikastetxea; haien kalkuluetan oinarrituz, hiru urteren buruan, hori ere “txiki” geratuko da.

Dena den, oraingoz, “bada zerbait”. Lehenik eta behin, eskola emateko zazpi gela gehiago izango dituzte; bigarrenik, bi informatika ikasgela ere zabalduko dizkiete; eta, azkenik, erabilera anitzeko beste bat, musika eta plastika ikasgaiak zein bestelako ekintzak garatzeko.

Diotenez, arazoa ez da egoera jakin horrek sortua, “estrukturala” baizik. Horregatik, oraingo problema lekualdatzearekin konpontzen bada ere, aurrera begira, bestelako borroka bat dute esku artean: oraingo institutuaren inguruan eraikin berri bat egitea.