Nafarroako Epaitegiak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, neska adingabe bat bortxatzeagatik. Erasoaren garaian, gizonak 20 urte zituen, eta biktimak, 14. Fiskaltzak hamahiru urteko zigorra eskatu zuen, eta akusazio partikularrak, hamabostekoa, baina bi elementuk murriztu dute kondenaren luzera: ez dute frogatutzat jo erasotzaileak zekienik biktimak 16 urte baino gutxiago zituela, eta gainera, intoxikatuta egotearen aringarria ezarri diote, bortxaketaren unean alkohola edanda eta drogak hartuta zegoelako.
Epaiak azaldu duenez, erasoa 2025eko maiatzean gertatu zen, Iruñean. Biktima lagun batzuekin atera zen parrandan; zaharragoak ziren, bera zen 16 urtez azpiko bakarra. Mutil batzuekin topo egin zuten, eta gazteen lokal batera joan ziren. Bertan, biktima lo geratu zen ohe batean; bertan bortxatu zuen gizonak. Neskak, esnatu zenean, erasotzailea gainetik kendu zuen; gizonak barkamena eskatu zion eta alde egin zuen.
Epaileak erabateko sinesgarritasuna eman dio biktimaren testigantzari, eta ebatzi du gertaeran onarpenik ez zela izan, eta, beraz, bortxaketa bat izan zela. Erasoaren ondorioz, neskak «antsietatearekin eta depresioarekin lotutako sintomatologia» duela zehaztu du sententziak, eta kostatu egiten zaiola «gizonekiko kontaktu fisikoa onartzea». Halere, epaiketan ez dute frogatutzat jo erasotzaileak biktimaren adin zehatza zekienik; besteak beste, erasoaren egunean, haren lagun batek 18 urte bete zituela ospatzen ari zirelako.
Espetxe zigorra betetzeaz gain, erasotzaileak 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari, eta ezingo da harengana hurbildu hamazazpi urtez. Era berean, gizona atzerritarra dela eta, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzen duenean, Espainiako Estatutik botako dute, eta ezingo da hamar urtean itzuli.
