Ederrera ederretik

Telefonoak jo berri du, Miren zen. Bihar egun pasa joan nahi du hondartzara, ongi. Aspaldi ez gara joan, eta ilusioa egin dit proposamenak. Bainujantzia probatuko dut badaezpada ere, ez baitakit nola geratuko zaidan. Puf azkenaldian gehitxo jan dut. Mitxelin hau gordetzerik izanen banu… eta begira nolako beso puskak. Zelulitisa ere ateratzen hasi zait, joe. Eta a zer nolako ipurdia! Horrelako bi kulero beharko nituzke guztia tapatzeko. Nola jarriko naiz denen aurrean gorputz honekin? Mireni deituko diot, ez naiz hondartzara joanen. Zerbait asmatuko dut, gaixo nagoela edo.

Kirola egiten hasiko naiz, eta bitartean kutxa batean gordeko ditut galtza motzak. Izter hauek ezin ditut erakutsi. Ez, ezin dut. Auskalo zer pentsatuko duten nitaz. “Ama, ez naiz gose, ohera noa zuzenean”. Dietaren bat ere egin beharko dut.

Asteburuan amatxi bisitatzera joanen gara. Hura ikusteko irrikan nago, baina aldi berean ez dut joan nahi. Bost plater jarriko dizkit bazkaltzeko, eta bakoitza bi aldiz errepikatu beharko dut. Bueno, behatzak sartuko ditut inor enteratzen ez denean, eta listo. Ez da lehendabiziko aldia.

Jo, zein lirain dauden Mujeres y Hombres-eko neska guztiak, horiek bai daukatela gorputz fin eta erakargarria! Noizbait haiek bezala egotea gustatuko litzaidake. Soineko estu horiek jantzi eta kanpora lasai ateratzeko sentsazio hori ederra izanen da. Eta ez ni bezala, beti arropa zabalarekin eta nork begiratuko nauen kezkaturik.

Bihar udazkenean sartuko gara, bazen garaia. Eguraldi txarrak arropa gehiago janztea dakar. Errazago disimulatuko ditut soberan ditudan kiloak. Baina txamarra horrek loditu egiten nau. Gaur ere sagar erdia afalduko dut.

Egunero bezala, ordubete egin berri dut korrika. 51,5 kilo ditudala agertzen da baskulan, baina ez dut uste ongi dagoenik, bospasei gehiago izanen ditut. Amak galtza berriak oparitu dizkit, eta ez naiz probatzera ausartzen. Ziur nago ez zaizkidala sartuko. A ba sartzen zaizkit. Uf baina gehiegi estutzen dit izter aldean, hipopotamo baten hankak ditudala ematen du. Ze lotsa! Ez ditut jantziko. Udako galtza motzekin batera gordeko ditut kutxan.

Amatxirekin egon naiz gaur. Eder nagoela erran dit. Amatxirentzat eder banago, ederra nagoelako da. Lodi. Banekien eguberrietan jan nituen bi polboroi haiek ondorio txarrak izanen zituztela. Kaka.

Gaur klasean mareo txiki bat izan dut. Ez da ezer izan, baina mundu guztia aztoratu da. Arratsaldean lagunek argalegi nagoela erran didate; azkenaldian ez dudala ia ezer jaten. Txorakeriak. Nabari da ez nautela biluzik ikusi. Eguraldi aldaketa handiak egon dira egun hauetan, eta horregatik izanen zen. Aurten ez dut uda guztia hondartzara joan gabe pasa nahi aitzakiak asmatuz. Banoa gimnasiora.