AHTaren inguruko informazio falta salatu dute Etxabakoitzen

“Etsipena eta ziurtasunik eza”, salatu dute Etxabakoitzeko bizilagunek. AHTaren Iruñeko geltokia han egingo dute. Iruñeko Udalak diseinatutako hirigintza planaren arabera, 120 etxe bota behar dituzte. Baina Etxabakoitzeko bizilagunek ez dakite oraindik zein etxe botako dituzten eta udalak nola kudeatuko dituen etxe aldaketak. Bizilagunek Enrike Maia alkateari eskatu diote auzoan bilera publikoa egiteko.

Etxeen egoera txarra

“Hemen ez da beharrezkoa izango etxeak eraistea; bakarrik eroriko dira”, esan du Etxabakoitzeko bizilagunen plataformako bozeramaileak. Auzoko etxe ugari udal arautegitik kanpo daude. Hori dela eta, bizilagunek ez dituzte egokitze lanak egiten etxeetan. “Inork ez du dirurik gastatuko etxea konpontzen, zer gertatuko den jakin arte”.