Koxka enpresarentzat bideragarritasun plana egingo du aholkulari batek

Hotz industrialaren arloko Koxka enpresari bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko asmoz, egungo enpresaren jabeak, AEBetako AIAC inbertsio funtsak (American Industrial Acquisition Corporation), Manuel Rodriguez Quevedo aholkularia izendatu du bere ordezkari. Chechu Rodriguez CCOO sindikatuko Industria Federazioko idazkari nagusiak azaldu duenez, Rodriguez Quevedok berak jakinarazi zien baduela eskuduntza enpresa saltzeko, zorrak ordaintzeko edota bestelako zereginak betetzeko. Aholkularia enpresan hiru astez egotea espero da, Koxkaren bideragarritasun plana egiteko denbora hori beharko duela eta.

Hala ere, oraindik kolokan dago Nafarroako enpresa indartsuenetakoa izan zenaren etorkizuna. Izan ere, enpresaren jabeei dirua desbideratu izana egotzi diete langileek, duela zenbait aste. Horren ondorioz, enpresak Iruñean eta Azkoienen dituen lantegiak zuzendaritzaren esku uzteko eskatu diete jabeei.

Egun, Koxkan 380 langilek egiten dute lan, baina 2000ko hamarkadan Nafarroako enpresarik garrantzitsuenetakoa izan zen. 2005ean diru galerak izan, eta, 2008tik dagoen finantza krisiaren eraginez, galerei aurre egiteko zailtasunak izaten hasi zen. Ondorioz, 2009an lana erregulatzeko espediente baten bitartez, 190 langile kaleratu zituzten.

2010. urtean eskuratu zuen AIAC inbertsio funtsak Koxkaren jabetza, eta 12 milioi euroko mailegua eskatu zuen, enpresa modernizatzeko helburuarekin. Baina egoera ekonomikoa bideratu ezinda, zorrak pilatzen ari zirela eta, 2013an langileen soldata %20 murriztea adostu zuten langileekin. Gaur egun, Eguberrietako estra eta martxoko soldata zor dizkiete langileei. Dena den, datozen egunetan estra horren zati bat ordaintzekotan da enpresa.