“Ekaitz mota guztiei aurre egiteko” jaia antolatu du Sortzen-ek iganderako

Euskal Hezkuntza Sistema propioaren alde milaka “pirata” batzea espero dute igandean, Uharten. Sortzen-ek Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko XIX. jaia egingo du han. Iaz, eguraldi kaxkarra izan zela, bertan bera utzi behar izan zuten. Aurten, “ekaitz mota guztiei aurre egiteko” jaia antolatu dutela ziurtatu dute. Jaiaren aurkezpena asteartea eta 13a batean egin bazuten ere, urte hauetan izan duten “malefizioa” atzean utzi eta “egun polita” ospatuko dutelako ziurtasuna agertu dute.

Uharte batean itsas zabalean!… da aurtengo leloa, eta Tipu Piratak zabalduko du mezua lau haizeetara. Jakina da piratek altxorrak gordetzen dituztela uharteetan. Igandean, Tipu Piratak haren altxorra erakutsiko du. Harena ez baita lur azpian ezkutatzeko altxorra, “euskaldun guztion ezpainetan bizi-bizi egon nahi duen altxorra baizik”. Hiru gune egongo dira Uharten. Txantxu rockeroarenean musika eta dantza giroa egongo da egun osoan. Hazitxo gunean, berriz, umeen txokoa jarriko dute. Tipu Piratak haren gune propioa izango du, halaber, eta aukera izango du azaltzeko haren altxorra bizi-bizi dagoela eta asmo osoa duela Uhartetik mundura zabaltzeko.

Jaia eta aldarrikapena lotuko dituzte igandean Uharten. “Guztion artean osatzen dugun herri egitasmo eta herri proiektuaren erakusgarri izatea nahiko genuke egun hau”, diote antolatzaileek. Igandean, hamaika aldarrikapen entzungo dira Uharteko kaleetan, hala nola Ingelesez Ikasteko Programaren ezartzearen aurka, LOMCEri aurre eginez Euskal Hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria eta Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekinbidearena.

Jaia ere ez da faltako Uharten. Egitarau zabala eta plurala antolatu dute. “500 pertsonatik gora arituko gara modu batean edo bestean jaia prestatzeko eta garatzeko lanetan”. Alde horretatik, Sortzen-ek Uharte herria, uhartearrak eta inguruko haranak zoriondu nahi ditu. “Oso polita izan da jaiari egin dioten harrera, oso polita parte hartzea eta, guretzat geuretzat, plazer handi bat izan da eurekin lanean aritzea”, diote antolatzaileek. Antolakuntzatik pirata jantzita joateko deia egin dute.