Polizia frankistak Jose Luis Cano hil zuela gogoratu dute

Maiatzaren 13an 37 urte bete dira Espainiako Poliziak Jose Luis Cano gaztea tiroz hil zuela Iruñeko Alde Zaharrean. Heriotza hori salatzeko eta oroimen historikoa aldarrikatzeko, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Canori omenaldia egin zion astearte arratsaldean. Patxi Velasco elkarteko kidea da, eta salatu du udalak ez duela errespetatzen oroimen historikoa. “Canoren omenez ezin dugu plakarik jarri. Baina, bestalde batetik, hor dago Rodezno kondearen plaza”.

1977ko maiatzaren 13an, Amnistiaren Aldeko astean, hil zuen Espainiako Poliziak Cano. Debekatutako ekitaldi baten ostean, istiluak izan ziren Iruñeko Alde Zaharrean. Caldereria eta Xabier kaleen artean dagoen Imanol tabernan zegoen Cano. Poliziak tabernako jendea kalera atera zuen. Euretako bat Cano zen. “Polizien kolpeak jaso ostean, poliziaburu batek tiro egin zion. Lehendabizikoan, arma trabatu zitzaion. Baina bigarrenean tiro egitea lortu zuen, eta zerraldo erori zen”, azaldu du Velascok.

Hilketa gertatu eta egun batzuetara Jose Luis Canoren omenez plaka bat jarri zuten, eta 30 urtez egon zen han. Baina, 2007. urtean Canori omenaldia egitea erabaki zuten elkarteko kideek, eta hor hasi ziren arazoak. “Canori omenaldia egitea erabaki genuen, han gertatutakoa erabat ahaztua zegoelako. Omenaldi xume bat antolatu genuen, eta, hori egin ostean Udaltzaingoak plaka kendu zuen. Hori horrela dela badakigu, bizilagunek esan digutelako”. Elkarteko kideek plaka berriro jartzea erabaki zuten, baina udalak hori ere kendu zuen. Velascok esan du sei aldiz kendu dietela Canoren plak zazpi urtetan. “Iaz, Caldereria kalea hiru furgonetekin itxi zuten, eta, eskailerarik ez zutenez, bata bestearen gainera igota kendu zuten”, esan du Velaskok. Iazko omenaldiaren ondoren, auzokide talde batek beste plaka bat jarri zuen, baina astearteko omenaldiaren ostean plaka berriro desagertu egin dela salatu du Velascok.

Udaltzainekin eta Espainiako poliziekin gorabeheretan ibili beharrean, plaka ofiziala jartzeko eskatu zuen elkarteak udalean duela bi urte. “Mozio bat aurkeztu genuen Iruñeko Udalean, Canori plaka ofiziala jartzeko. Baina ez zuten mozioa onartu, UPNk ezezkoa eman zuelako eta PSN abstenitu zelako”, azaldu du Velascok.

Canoren omenaldia biribiltzeko Espainiako trantsizioa aztertuko duen hitzaldia antolatu dute: Trantsizioa: zigorgabetasuna eta iruzurra. Alfredo Grimaldos kazetari eta idazleak, Mikel Sangalo garaiko militanteak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kide batek parte hartuko dute. Hitzaldia asteazkenean egingo dute, 19:30ean, Iruñeko Zabaldin.