Ekainerako espero da Nafarroako Ospitale Guneko eremu urdina

Iruñean dagoen Nafarroako Ospitale Gunean dagoen aparkaleku arazoari aurre egiteko asmoz, ordainpeko aparkalekua ezartzea adostu zuten duela zenbait hilabete Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak. Hainbat astez proiektua atzeratu den arren, ekain amaierako ezarriko dute erietxeen ingurunean eremu urdina, sanferminak baino lehen alegia. Bi administrazioek hartutako ebazpena kritikatu du LAB sindikatuak. “UPNko kudeatzaileen konponbideak izutzeko modukoak dira”, salatu du.

Nafarroa Ospitale gunean zeuden aparkaleku arazoen irtenbidea eremu urdina ezartzea dela zalantzan jarri du LABek: “Inor ez doa ospitalera denbora-pasan edo plazer hutsagatik. Mundu guztia halabeharrez joaten da. Batzuk, artatuak izateko; beste batzuk, gaixoak laguntzeko; eta gainerakoak, lanera”, adierazi du sindikatuak. Gainera, neurriak zirkulazioa arindu beharrean Osasunbideko langile eta erabiltzaileak zigortzen dituela.

Beste langileekin bidegabea

Nafarroako Ospitale Gunean lan egiten duten langileek eremu urdina ez ordaintzeko aukera erabat baztertu du Iruñeko Udalak. Jakinarazi duenez, osasun etxeetan lan egiten dutenek eremu urdinean aparkatzeagatik ordaindu egin behar izaten dute. Hala, langile guztien arteko “berdintasuna bermatzeko”, Nafarroako Ospitale Gunera lanera autoz joaten direnek ere ordaindu egin beharko dute han aparkatzeko.

LABen iritziz, UPN izan da arazoak sortu dituena, eta gero euren burua zuritu nahi dute langileen arteko bidegabekeriak argudiatuz. “Eurek sortu dute arazoa, hiriko lurzoru publikoa pribatizatuz, eta beren burua zuritzeko langileen bidegabekeriez hitz egiten dute”.

Sindikatuak salatu du irtenbideren bat aurkitzeko instituzioak ez direla bildu kaltetutako kolektiboekin. Gainera, gogoratu dute 2012tik martxan behar zuten hainbat azpiegiturek itxita jarraitzen dutela, hala nola larrialdiak, C pabiloiak eta bloke kirurgikoak.