Espazio falta eta bestelako gabeziak salatu dituzte 30 ikastetxetan

“Ikasleen familien bi herenek irakaskuntza publikoa aukeratzen dute, eta gure eskubideak errespetaraziko ditugu”, adierazi du Itziar Muro Iruñeko Biurdana institutuko guraso elkarteko kideak. Nafarroako 30 ikastetxe publikotan espazio falta eta beste hainbat gabezia salatu dituzte Sortzen-ek eta Herrikoak. Egoera hori aldatzeko batu dira kaltetutako ikastetxetako guraso elkarteak, eta euren aldarrikapenen berri eman dute.

Eskola Batzordearen arabera, 2012-2013 ikasturtean 65.835 ikaslek ikasi zuten ikastetxe publikoetan. Baina eskola publikoa aukeratzen duten gurasoek ez dute gobernuaren sostengua sentitzen. “Nafarroako Gobernuak ez du hezkuntza publikoa lehenesten”, adierazi dute. Hainbat aldarrikapen egin dizkiote Hezkuntza Departamenduari.

Hasteko zonifikazio bakarraren aurka egin zuten. “Neurri horrek indargabetu egiten du, hein handi batean, gobernuak auzo eta herri guztietan ikasteko leku publikoa bermatzeko duen ardura”, ohartarazi dute Sortzen-ek eta Herrikoak. Era berean, gogoratu dute legediaren arabera ikasle orok haren etxetik gertuen duen zentroan hezkuntza jasotzeko eskubidea duela. Horrekin batera, ohartarazi dute Hezkuntza Departamenduak euren ikasleak aukeratzeko eskubidea bermatzen diela itunpeko eskolei. Gaineratu dute behin ikasturtea hasita ez dutela atzerritik datozen ikasle berrientzako lekurik gorde behar. Euren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek jaso beharko lituzkete atzerriko eta gutxiengo etnikoetako ikasleak.

Gurasoek atzeman dituzte Hezkuntza Departamenduak itunpeko eskolen alde eginiko beste neurri batzuk; izan ere, murrizketetan “desorekak” daude. “Irakasleak ez kontratatzeak eta funtzionamenduko murrizketek ekarri dute hezkuntza publikoan urtero 30 milioi euro gutxiago inbertitzea. Itunpeko eskoletan, berriz, inbertsioa lau milioi eurokoa izan da”, adierazi du tinko Txentxu Juaniz Sarrigurengo eskola publikoko guraso elkarteko kideak.

Ikastetxe publiko berriak eraikitzeko oztopoez ere hitz egin du Murok. Biurdanako guraso elkarteko kideak salatu du hainbat herritako eta Iruñeko zenbait auzotako ikastetxeak handitzea oztopatu duela gobernuak. Horretaz gain, gogoratu dute eraikin berriak behar dituztela Iruñeko Biurdana institutuan eta Sarrigurengo eta Erronkariko eskoletan. Lehen bietan ikasleentzako tokirik ez dagoelako, eta Erronkarikoan, eraikinak 130 urte dituelako. “Hezkuntza publikoan distortsioa eragiteko estrategia darabilte familiek itunpeko eskolak aukeratzeko”, esan du Murok. Orotara, hamaika ikastetxek handitzeko beharra dute, hamalauk azpiegituretan hobekuntzak behar dituzte eta bostek mantentze lanen falta dute.

Era berean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren alde egitea salatu dute. “Gobernuaren lege berriarekin, sexuaren arabera ikasleak bereizten dituzten ikastetxe pribatuek itunpeko bilakatzeko aukera izango dute, Nafarroako legediari kontra eginez”. Baina zailtasunen gainetik, familia guztiei dei egin diete hezkuntza publikoa aukeratzera.