Trukerik ez D ereduko ikasleekin

Okzitaniara frantsesa ikastera joateko aukerarik gabe gelditu dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila D ereduan ikasten duten hamar ikasle. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezarritako baldintza guztiak bete arren, truke programatik at utzi dituzte ikasleok, argudiatuta trukea egiteko Okzitanian ezin izan dutela bikoterik aurkitu. Joan den astean izan zuten albistearen berri programan onartu ez dituzten ikasleek eta haien guraso eta irakasleek. Jakinarazpenak haserrea eta etsipena eragin du, batez ere, hamar ikasle horiek D ereduan ikasten dutelako “diskriminatu” dituztela irizten diotelako.

Oraindik Hezkuntza Departamentuaren erabakia ezin duela ulertu esan du Ana Botellok, Iruñeko Txantrea auzoan dagoen Eunate institutuko zuzendariak. Hasiera batean, truke programan hogei lagunentzako eskaintza egin zuen Hezkuntza Departamentuak. “Aste Santurako behin-behineko sailkapenaren berri izan genuen, eta gure ikasleak lehen hamasei ikasleen artean zeuden”, azaldu du Botellok.

Truke programatik at utzi dituzten D ereduko hamar ikasleetatik hiruk Eunaten ikasten dute, beste hiruk Iturraman, bik Biurdanan, batek Larraintzarren eta besteak Alaizen. Erabakiak ikasleen artean haserrea eragin duela ohartarazi du Botellok, Aste Santuan jasotako behin-behineko sailkapenaren ondoren, ia ziurtzat jotzen zutelako Okzitaniara denbora batez frantsesa ikastera joateko moduan izango zirela.

Baina usteak erdia ustel. Jose Iribas buru den departamentuak hartutako erabakiaren zioa ulertezina egiten zaio Botellori. “Truke programan parte hartzeko baldintzak ezarri zituztenean, guk baldintza horiek betetzen zituzten ikasleak proposatu genituen”. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan egotea, ikasten dituzten gaien artean frantsesa egotea eta zazpiko gutxieneko notarekin gainditzea ziren hasiera batean departamentuak ezarritako betebeharrak. Inondik inora ez zen aipatzen D ereduan ikasten zutenek ezin zutenik parte hartu.

Gainera, Okzitaniara joan ezin izan diren Eunateko ikasleek frantsesean nota onak dituztela jakinarazi du Botellok. Izan ere, bi ikaslek 10 nota dute frantsesean, eta hirugarrenak, 9. Nafarroa osoko zazpi ikasle onenen artean dauden arren, truke programan parte hartzeko aukerarik gabe gelditu dira. Eunateko institutuko kideek zerrenda bertan behera utz dezala eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, “diskriminatzailea” dela argudiatuta. Gainera, zerrenda berri bat egin behar dela aldarrikatu du Botellok.

Irailean dira Okzitaniara joatekoak sailkapenean lehen 46 postuetan gelditu diren neska-mutilak. Zortzi asteko egonaldia egingo dute han, eta, itzultzean, Okzitaniako beste gazte bat izango da euren institutu edo ikastetxean beste zortzi astez. Alor horretan dago auziaren gakoa. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Bordeleko Akademiarekin sinatutako akordioan adostu zuen truke programaren bitartez atzerrira joaten zen ikasleak eta bertakoak ikastetxe berean ikasi behar dutela.

Hala, Okzitaniako ikasleek D ereduko institutu edo ikastetxeetan zortzi asteko egonaldia egiteak “zentzurik” ez duela iritzita utzi zituzten euskaraz ikasten duten hamar ikasleak truke programatik kanpo. Puntu hori gatazkatsua izan zitekeen ustea hasieratik zuen Txaro Iriartek. Eunaten ikasten duen Ander Aranguren ikaslearen ama da. “Hezkuntza Departamentuko teknikoari galdetu nion semeak izena eman zuenean ea D ereduan ikasteagatik arazorik sor zitekeen, eta erantzun zidan ziurrenik truke programatik kanpo geldituko zirela”.

Erabakia ez dela “ulergarria” salatu du, D ereduko ikasleak baztertzen dituelako. Arrazoi horregatik, maiatzaren 12an kexa formala aurkeztu zuen truke programatik kanpo gelditu diren sei ikasleren gurasoekin batera. Argi du ez dagoela geldirik egoteko prest. Semearen ilusioa zapuztu dutela dio. Justizia egin dadin borrokatuko direla argitu du.

Helburu hori erdiesteko ahaleginetan, asteartean, Javier Eneriz arartekoarekin bildu ziren hiru guraso, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariarekin batera. “Gure egoera azaldu diogu arartekoari, eta ahal duena egiten saiatuko dela esan digu”, jakinarazi du Iriartek. Hala ere, aitortu du egoera bideratuko den esperantza gutxi duela, batez ere ikasturtea amaitzear dagoelako.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak D eredua gutxiesten duen zalantzarik ez du, bestalde, Lucia Iriartek. Iruñeko Iturrama institutuan ikasten duen Marcela Rodriguezen ama da. Joan den maiatzaren 12an bertan truke programan onartutakoen zerrenda inpugnatzeko eskaera egin zuen, “D eredukoak alboratzeagatik”. Argi eta garbi adierazi du ez duela amore emateko inolako asmorik.

Hezkuntza Departamentuaren ebazpenak harrituta utzi ditu irakasleak ere, Barañaingo Alaiz institutuan frantsesa irakasten duen Puri Baños kasurako. Dioenez, sortu den arazoari irtenbide bat topatzea ez da horren zaila: “Guk ondoan daukagu A eredua eskaintzen duen institutu bat; Bordeletik etortzekoa zen ikaslea lasai asko joan zitekeen hara”, adierazi du.

Oraingoz, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du erakutsi truke programan parte hartzeko inolako aukerarik gabe gelditu diren D ereduko hamar ikasleen egoera konpontzeko asmorik. Ondorioz, oraingoz ez dute heldu den irailaren 1etik aurrera Bordelen zortzi asteko egonaldia egiteko aukerarik.