UPNri euskara errespetatzeko eskatu diote

“Batzordeetan eta osoko bilkuretan udal gobernuak euskararen araudia urratzen jarraitzen duela etengabe salatzen dugun arren, UPNk ez du inolako borondaterik euskararen araudia betetzeko”, adierazi du EH Bilduk. Iruñeko Udalak euskaren erabilera arautzeko ordenantza “maltzurkeriaz eta mespretxuz” urratzen duela gaineratu dute. Euren aburuz, udal gobernuko kideek “ongi dakite legez kanpokoa dela euskararekin duten jarrera”.

Jokaera hori salatzeko, hainbat adibide jarri ditu mahai gainean koalizio abertzaleak. Esaterako, udalaren webgunea gaztelania hutsean eguneratzen dutela jakin zutenean, eskaera formal bat egin zuten erregistroan webgunea bi eletan egoteko. Hala ere, udalak eskatutakoa ez duela aintzat hartu adierazi dute.

Horrez gain, koalizioak beste urraketa baten berri eman du: Iruñeko igerileku publikoetan gaztelaniaz eta katalanez soilik eman daiteke izena. Egoera horrek bereziki sumindu ditu EH Bilduko kideak. “UPNk ongi daki euskara gutxiestea Iruñeko euskaldun guztiei burla egitea dela”, azaldu dute.

Ildo horretatik, Iruñeko Euskalgintza taldeak jakinarazi zuen Iruñeko hizkuntza paisaia aldatzen hasia zela, nahiz eta poliki izan. Hain justu, hizkuntza paisaiarekin udalak duen jarrera ere salatu du EH Bilduk. Izan ere, Rodezno kondearen plazan dagoen erakusketan euskara “gutxiesten” dela salatu dute. Euskarazko izenburuak gaztelaniazkoak baino hizki xeheagoa dauka. Horregatik guztiagatik udal araudia bete dezala eskatu dio EH Bilduk Enrique Maia alkateari.