Esako urtegia bigarren arrisku mailara igotzeko eskatu du Esa + Ez taldeak

“Orain urtebete, 4.000 pertsona bildu ginen Zangozan Esako urtegia husteko, baina ez da ezer aldatu”, salatu du Iker Aramendia Esa+Ez taldeko kideak. Esako Larrialdietarako Plana martxan jarri zutenetik hamazazpi hilabete daramatzate urtegi inguruko biztanleek lehenengo arrisku mailan. Egoera horrek behin-behinekoa izan beharko luke, arrisku maila horretako arazoak neurri zehatzekin konpon baitaitezke. Aramendiaren arabera, hamazazpi hilabete lanean daramatzate urtegiko arazoak konpontzeko asmoarekin, eta ez dute lortu. Horregatik eskatu dute arrisku maila igotzeko. “Arazoa zein den jakiteko, urtegia hustu egin behar da. Baina hori ez dute egingo”.

Hustearen aldeko manifestaziora deitu dute biharko, Iruñean, Esa + Ez, Rio Aragon eta Ura taldeek. “Egoera oso larria da; Lasaitasuna urbanizazioa icebergaren erpina baino ez da. Urtegitik behera bizi garenok berdin jarraitzen dugu. Gorago bizi direnak ez daude askoz hobe. Urtegia handitzen bada, 500 bizilagunek etxea utzi beharko dute”, esan du Aramendiak. Orain arte, 25 milioi euro gastatu dituzte urtegia konpontzeko. Gainera, azken datuen arabera, urtegiko maldaren mugimendua norabidez aldatu da. “Orain iparraldera mugitzen hasi da. Teknikariek esan dute hori oso arraroa dela”, esan du Aramendiak.

Horrekin batera, bada Aramendiaren ustez gutxi aipatzen den gai bat: uraren pribatizazioa. “Esa Ebroko ur aldatzearen oinarria da. Egun Esan dagoen ura ezin da nahi duten moduan atera. Bardeako ubidea txikiegia da. Hori dela-eta nahiz eta urtegia handitu, ubideak berdin jarraitzen badu, ur hori ezingo da ureztatzeko erabili”.

Arazoak arazo, lanek aurrera jarraitzen dute. Aramendiak dio urtegia handitzeko aurrekontua dagoeneko gastatu dutela, baina lanen %20 baino ez daudela eginda. Lanekin aurrera jarraitzeko erabakiaren atzean bi arrazoi ikusten ditu Aramendiak. Alde batetik, hainbat enpresaren interesak, eta, beste alde batetik, agintari politikoen “harrokeria”.