“Sententziak ere hala dio: zio politikoengatik hil zuten nire aita”

Azken egunak nahasiak izan dira Aitziber Berruetarentzat (Iruñea, 1975). Egunero oroitzen da bere aita Angel Berruetarekin; baina heriotzaren urteurrenaren egunaren inguruan, biziago gogoratzen du gertatutakoa. Gaur 11 urte bete dira Valeriano de la Peña Espainiako poliziak eta haren seme Miguel Jose de la Peñak Berrueta tiroz hil zutela, haren okindegian, Iruñeko Donibane auzoan. Gertatutakoaren aitortza eskatzeko, omenaldia egingo diote gaur senide eta lagunek. 19:00etan izango da, okindegiaren aurrean.

11 urte dira gaur zure aita hil zutela. Nor zen Angel Berrueta?

Nik beti esan izan dut aita pertsona alaia zela. Zer esango dut nik? Niretzat eredugarria zen. Lagunen laguna zen, eta inoiz ez zuen inorekin arazorik eduki, ezta politikoki ere. Dendan mota guztietako eta ideologia askotako jendea sartzen zen, eta inoiz ez zuen inorekin arazorik izan. Harekin egotera hurbiltzen zen jendea maiz. Pertsona ezaguna zen Iruñean, bai lanarengatik, bai eta ibilbide publikoarengatik ere. Oberenako dantzaria izan zen, eta Alde Zaharrean jaio zen.

Politikarengatik arazorik ez zuela esan duzu, baina haren heriotzaren arrazoia politikoa izan zen.

Hala da. Inoiz ez zuen inorekin liskarrik izan arazo politikoengatik, baina arrazoi ideologikoengatik hil zuten. Eta ez dugu guk esaten bakarrik; auzitegiaren sententziak ere hala dio: zio ideologikoengatik hil zuten nire aita.

Kartel batek eragin zuen.

Bai. M-11ko atentatuen ondoren, Espainiako Gobernuaren eta hedabideen bertsioaren arabera, dena zen ETA. Ematen du une horretan ezker abertzalearen aurka joatea komeni zitzaiela. Martxoaren 11n etxera iritsi nintzenean, gurasoei galdetu nien: “Zer gertatu da?”. Biek berdin erantzun zidaten: “Aitziber, ezin da egia izan. Sarraski hau ETAk egin izana arraroa da”. Baina gobernuak eta hedabideek “ETA, ETA, ETA” zioten… ETA ez zela izan jakin genuen arte.

Elkartasunez, martxoaren 12an, denda itxi zuen aitak, noski. 13an, Maria Pilar Rubio dendatik pasatu zen, eta aitari ETA ez zioen kartel bat jartzeko eskatu zion. Aitak ezetz erantzun zion, eta eztabaida bat izan zuten, nahiz eta zaila izan aitarekin eztabaida edukitzea. Ondoko atarian bizi zen Pilar, eta etxera igo zen. Ez dakit nola egongo ziren haren seme eta senarra, baina jaitsi, eta aita hil egin zuten.

Zigorra bikoitza izan zela salatu izan duzue: alde batetik, aita galtzea, eta, bestetik, Poliziaren jazarpena jasatea.

Lehen minututik izan genuen jazarpena, martxoaren 13an dendara joan ginenetik. Ez ziguten sartzen utzi, noski; eta ondoko drogerian sartu ginen. Ama oso urduri zegoen, eta atxilotu behar zutela esan zioten. Beilatokian, berriz, jendea lasai zegoen. Tira, auzoa erasokor zegoen gertutakoarengatik. Baina Polizia agertu izan ez balitz, ez zen ezer gertatuko. Jendea gurekin zegoen, eta Poliziak ez zuen zertan agertu. Haien kide batek hil zuen gure aita, baina beilatokira ere sartu ziren. Ni aretoan nengoen, eta kanpoan gertatzen ari zena gogor sufritu genuen.

Zenbat iraun zuen jazarpenak?

Sei urte, gutxi gorabehera. Harrika egin zioten dendari, eta etengabe deiak jasotzen genituen. Hiletaren egunean bertan jaso genuen lehenengoa. Espainiako polizia bat zela esan zigun, eta hilko gintuela. Oso dei gogorrak jaso ditugu. Behin, goizeko ordu bietan, etxean bakarrik nengoela deitu zidaten. Pertsona horrek bazekien nik hartu nuela telefonoa, eta “hilko zaitut” esaten zidan etengabe. Eskegi, eta berriz deitzen zuen. Nik ez nion ezer esaten, eta hark mehatxuka hitz egiten zidan. Udaltzainei deitu nien, eta zein zen esan nien. Baina salatu ditugun mehatxu guztiak artxibatu dituzte. Errespetu falta bat izan da hori ere.

Epaiketa izan zen hiltzaileen aurka, eta espetxe zigorrak jarri zizkieten biei. Eta iaz, baldintzapean aske geratu zen Miguel Angel semea.

Hamabost urteko zigorra jaso zuen hark, eta, hiru laurdenak beteta, aske geratu zen. Hemen batzuentzat balio du neurriak, baina beste askorentzat ez.

Urruntze agindua eskatu zenuten orduan.

Bai, urruntze agindua eskatu genuen, baina geroztik, ez dugu eskaeraren berririk izan. Ez dugu [Miguel Angel] ikusi, eta ez dakigu hemen dagoen ala ez.

Nafarroako Parlamentuan izan zineten asteartean zuen kasua azaltzen. Zein tratu eman izan duzuete instituzioek?

Orain arte ez dugu traturik izan; parlamentukoa izan da lehena. Ez dago gaizki gu deitu izana, baina zertarako balio duen ikusi behar.

Beranduegi izan da?

Inoiz ez da berandu halakoetarako. Bake prozesu batean gaude, eta agerraldiek aurrera jarraitzeko balio badute, ongi etorriak dira. 11 urtez izan gara borrokan, eta bizkarra eman digute. Hori guretzat gorde beharko dugu.

Zein iritzi duzue indarkeria polizialaren biktimei buruzko lege proposamenaren inguruan?

Legea ez dago behin betiko idatzia oraindik. Baina airean geratzen dira zenbait gai. Amaitzen dutenean baloratuko dugu.

Zer eskatu diezue taldeei?

Lehenik, errespetua; oraindik ez baitugu izan. Gainera, parlamentuan egitea garrantzitsua da, Nafarroan dugun organo nagusia delako. Iruñeko Udalean aurkeztu ditugun bi mozioak atzera bota dituzte. Biktima guztiak berdinak garela aitortzea eskatu dugu; egia bat dagoela, eta entzun behar gaituztela. Finean, Angel biktima politiko gisa aitortzea.

Zein balio izango luke familiarentzat instituzioek Angel biktima gisa aitortzeak?

Herriaren aitortza badugu; instituzionala da faltan duguna. Zergatik nire aitari ez? Beti galdetu izan diot nire buruari. Zergatik diote ez garela beste biktimak bezalakoak? Zerk egiten gaitu ezberdin? Espainiako polizia batek hil zuen nire aita, arauzko armarekin. Egia estali nahi dute; ez dute aitortu nahi. Alde bakarra ikusten dute, nahi duten aldea. Baina beste bat dago: gurea.