“Barcenas pertsonaia gisa hain da surrealista, ez dirudi benetakoa”

Lengoaia juridikoa idorra eta katramilatua da. Ez dirudi material egokiena denik, horren gainean film bat eraikitzeko. David Ilundain zuzendariarentzat, ordea (Iruñea, 1975), Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epailearen aurrean eginiko adierazpenek “berebiziko indarra” daukate. Ikusleak pantailari itsatsita mantentzeko adina. Maiatzean errodatuko dute B: La película sobre los papeles de Bárcenas (B: Barcenasen paperei buruzko filma), irailean estreinatzeko asmoz.

Nola otu zitzaizun Barcenas auziari buruzko filma egitea?

Pelikula, berez, Jordi Casanovasen eta Alberto San Juanen Ruz-Barcenas antzezlanean oinarritua dago. Madrilgo Lavapies auzoko antzokian estreinatu zuen Teatro del Barrio taldeak, eta zenbait lagunekin joan nintzen. Aitortu behar dut beldurrez joan nintzela, taula gainean esaten zen guztia epaiketa baten transkripzioa besterik ez zelako. Eta txundituta atera nintzen: tentsioa, beldurra, egia eta gezurraren arteko jokoa… Aretotik ateratzean, burura zetorkidan gauza bakarra zen “joño, latza!”. Eta material horrekin proiektu handiagoa egin behar nuela erabaki nuen, mezua jende gehiagori helarazteko: pelikula bat.

Gidoian agertzen diren elkarrizketa guztiak Ruz epaileak Barcenasi egindako galdeketatik hartuak daude, baina zuena ez da dokumental bat…

Ez, baina errealitatea da. Askok pentsatuko dute burutik jota gaudela halako proiektu bati heltzeagatik, baina nire helburua da antzezlana ikustean sentitu nituen emozioak pantailaratzea: amorrua, tentsioa, barregura… Istorioa surrealistegia dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Barcenas bera, pertsonaia gisa, hain da surrealista, ez du benetakoa ematen. Eta egia hutsa da. Hori da, hain zuzen, ikusleak eserlekura iltzatuta mantenduko dituena: ikusten ari direna benetan gertatu zela jakitea.

Baina hedabideek ia egunero hitz egin dute Barcenas auziaz. Zer eskaintzen ahal du filmak?

Batetik, ikuspegi orokorrago bat. Hedabideak, gehienetan, azken minutuko albisteetan gelditzen dira, eta, alde horretatik, Barcenasi egindako galdeketa ikustea oso argigarria da: eman zituen datuak, ustelkeria kasuan nahasita dauden politikariak, Barcenasen beraren harropuzkeria… Bestalde, ez da gauza bera gertakari baten berri izatea edo gertakari hori bera zuzenean ikustea. Zeure begiekin ikusten duzunean, gertakari hori ez da maila intelektualean gelditzen, emozioak eragiten dizkizu. Esperientzia emozionala da.

Horretarako, aktoreen lana funtsezkoa izanen da, testua sinesgarri egin behar baitute.

Bai, eta aktore bikainak ditugu rol nagusietan: Pedro Casablanc Barcenasen rolean, eta Manolo Solo, Ruz epailearena egiten. Antzezlanean, bi horiek daude bakarrik, baina filmean, taldeko aktore ugari izanen ditugu bigarren lerroan: abokatuak, poliziak, fiskala… Izan ere, gure helburu nagusienetako bat egiazkotasun sentsazioa zaintzea da. Estetikoki ere, dokumentalaren estilo hiperrealistara hurbildu nahi dugu. Planteamendua hau da: zer gerta zitekeen, epaiketaren egunean kamerak aretoan sartzeko baimena eman izan baligute?

Gaurkotasun politikoan oinarritutako filmak ez dira ohikoak euskal zinemagintzan. Zeintzuk izan dira zuen erreferenteak?

Epaiketetan oinarritutako pelikulei dagokienez, gure eredu nagusia 12 Angry Men da [Sidney Lumet, 1957]. Horrez gainera, Joaquim Jorda zinemagile kataluniarraren De nens filmak ere paralelismo argiak izan ditzake gure proiektuarekin. Tematikoki, ez dute zer ikustekorik batak bestearekin, baina sistema judizialaren deskribapena egiten da bi pelikuletan, eta errealitateari lotuta daude biak ala biak.

Filmaketa ez da oraindik hasi, finantzaketaren zain zaudetelako. Gutun-azalik, behintzat, ez zenuten jasoko…

Ez, ez! Finantzaketa kolektibo bidezko proiektua da gurea. Horrek esan nahi du filma auzolan handi baten gisara finantzatuko dugula: edonork jar dezake dirua [10 eurotik gorako ekarpenak onartzen dira], eta egindako ekarpenaren araberako saria jasoko dute parte hartzaileek. Mezenas guztiek izanen dute, besteak beste, pelikula estreinatu aurretik ikusteko aukera: Internetez, DVDan edo zine aretoetan eginiko emanaldi berezietan.

Eta ez al da pixka bat arriskutsua finantzaketa sistema hori?

Proiektu honen atzean gaudenak sinetsita gaude jendearen interesa piztuko duela. Ruz-Barcenas antzezlana taularatzen den aldiro, bete egiten dira aretoak, eta bertsio zinematografikoak ere halako ikusmina eragin dezakeela uste dut. Argi dago hau ez dela milioika euro irabazten dituen film handi horietako bat, baina bai jende dezente erakartzeko gaitasuna duen lan duina. Finantzaketa bide tradizionaletan, ordea (ekoizleak, telebistak…), zaila da gurea bezalako proiektu bat saltzea, eta horregatik behar dugu finantzaketa kolektiboa, martxan jartzeko.