Euskahaldunak, egoerak iraultzen

Korrikak, Urepeletik abiatu zenetik, kilometro batzuk egin ditu. Egia erran, ibilbidearen zatirik handiena egina du jada.

Urepelen euskahaldun askok parte hartu zuten. Hasiera ekitaldian Euskal Herriko leku desberdinetatik etorritako jendea ikusteko aukera izan genuen.

17:00etan korrika hasi eta 158 kilometro egin ondoren, Dantxarinetik Baztanera sartu zen lasterketa. Festa, algara eta poza baztandarren artean, bi urte zain egon ondoren hor baitzen Korrika. Eguraldia fresko, baina giroa, bero-beroa.

Arraiotzen argazki eder bat ikusi genuen: umetxo bat 92 urteko emakume bati lekukoa pasatzen. Euskaraz bizitzeko nahiaren irudikapena. Nafarroako jendarteak duen grina argazki bakar horretan laburtzen ahal da, belaunaldi desberdinak ikusi eta tartean dauden guztiak aintzat hartzen dituena.

Baztandik karrerak Ultzaman jarraitu zuen. Eguraldia lainotsu. Laino itxia. Baina hori ez zen eragozpena izan, jendea errepidera ateratzeko.

Korrika Iruñerrira hurbiltzen ari zela, parte hartzea oraindik eta handiagoa izaten hasi zen. Geroz eta jende gehiago elkartzen ari zen errepidean. Arre, Atarrabia eta Uhartetik sartu zen eskualdera. Kaleek oso estu ematen zuten. Estuegi, halako jendetza hartzeko.

Nafarroako furgonetan zihoan lantaldearen zereginak konplikatzen hasi ziren orduantxe: bideko jendea baztertu beharra furgonetak sartu ahal izateko, bidegurutzeak ongi itxi karreran oztoporik ez topatzeko… Oro har, lan bikaina, eta kilometro andana, boluntario horien hanketan pilatuta.

Eguna atzean utzi eta gaua hasia zela sumatu zen. Horrekin batera, euria gogotik. Baina hori ere ez zen oztopo izan. Jendearen parte hartzea itzela izan zen. Lekukoaren zain jende mordo bat ikusi eta hori gainditzerik ez zegoela pentsatzen zuenak hurrengo kilometroa ikusi baino ez zuen egin behar. Gauari eta eguraldiari jendeak eman zion argia eta berotasuna. Metafora ematen ahal du, eta horretatik baduen arren, errealitatea ere bada.

Bengala asko ikusteko aukera izan genuen: Indar Gorri taldekoek 80ko hamarkada ekarri ziguten gogora, Iruñeko Peñen Federazioak argiz eta soinuz uxatu zituen doloreak, eta Zizurren, Barañainerako bidea markatu ziguten.

Alde Zaharrean ikusi ahal izan genuena ikaragarria izan zen. Eta, horrez gain, Iturrama, Donibane, Berriozar, Buztintxuri… Auzoetako eta herrietako jendea kalean, euskara ahoan zutela.

Euskararen egoera iraultzeko beharra dagoela agerian utzi zuen jendeak egun horietan, eta normalizazioaren bidean urratsak korrika egin behar direla adierazi zuen.

Iragan asteazkenean, Vianatik sartu zen berriz Korrika Erresuma Zaharrean. Eta, larunbatera bitartean, orain arte bisitatu ez dituen eskualdeak zeharkatuko ditu. Soroak, gazteluak, lakuak, mendiak… Zenbat gauza ikusteko eta zenbat bizipen izateko. Bigarren sartu-irten hori, gainera, gobernuarentzat euskalduna ez den eremutik egin zuen lasterketak. Ea Korrika pasa ondoren ere gauza bera erraten ausartzen diren gure agintariak. Izan ere, iragan ostiralean bizi izandakoaren errepikapena izaten ari dira egun hauek ere: euskahaldunak korrika egiten, euskahaldunak euskara aldarrikatzen, euskahaldunak euskaraz bizi nahi dutela ozen erraten.

Orain arte aukerarik izan ez duenak korrika egiteko abagunea izanen du. 29an Bilbon elkar ikusteko aukera izanen dugu. Bertan, lekukoan sekretupean joan den mezua entzun ahal izanen dugu. Euskal Herria Korrikan. Euskahaldunak egoera iraultzeko irrikan.