Zinemara, oztoporik gabe

Itsuen nahiz gorren eguneroko bizimodua oztopoz josia dago. Arloz arlokako gabeziek zaildu dezakete pertsona horien bizimodu arrunta, eta aisialdia ez da salbuespena: pelikula baten proiekzioa, kontzertu bat edo bestelako edozein kultur jarduera oztopo bihur daiteke ikusteko zein entzuteko arazoak dituenarentzat. Navarra de Cine elkartea, Orange fundazioarekin batera, aspaldi ari da zinema pertsona horiengana hurbiltzeko ahaleginean. Berriki, itsu eta gorrentzako prestatutako areto bat ireki du Morea merkataritza guneko Golem zinemetan. Asteartero eskainiko ditu filmak, ohiko emanaldien prezio berean.

Navarra de Cine elkarteak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean garatutako Acceplay sistema erabiliko du areto horrek astearteroko emanaldietan. Itsu eta gorrentzat, bientzako tresnak erabiltzen ditu, pelikula jarraitu ahal izan dezaten. Itsuek entzungailuak eska ditzakete, eta filmean ahots bidezko deskribapena jasoko dute, pantailan agertzen diren elementuak azalduz. Besteak beste, pertsonaien erreakzioen edo paisaien berri emango zaie. Pertsonaien arteko elkarrizketen arteko hutsuneetan doaz mezu horiek, modu sinkronizatuan.

Gorrek, bestalde, zinemako pantaila nagusiaren azpian dagoen pantaila txiki batean jasoko dute filma jarraitu ahal izateko laguntza. Bertan, azpidatzietan irakurriko dute pertsonaiek esaten dutena —kolore bana izango du pertsonaia bakoitzak, errazago identifikatzeko— eta baita pelikulako beste soinu adierazpenen erreferentziak ere; musikarena, kasurako.

Modu horretan, itsuentzat eta gorrentzat ez ezik, gainerako publikoarentzat ere erabilgarria izango da aretoa: soinu bidezko azalpenak itsuek soilik jasoko dituzte entzungailu bidez, eta azpidatziak pantaila nagusitik kanpo izanen dira, behar dituenak bakarrik erabil ditzan. “Denak kontuan hartzen dituen sistema” lortu dutela dio Dimas Lasterra Navarra de Cine elkarteko zuzendariak, “jendea lagunekin edo senideekin zinemara joan ahal izateko, elbarritasuna nork duen eta nork ez kontuan hartu gabe”.

Lasterrarentzat, “guztiontzako diseinu bat” sortzea da lehentasuna: “Lortu behar dugu diseinatzen den guztia pertsona guztientzat izatea, pertsona horiek urritasuna izan edo ez”. Morean estreinatu berri duten aretoak, behintzat, lortu du hori, “bakoitzari behar duen laguntza eskainiz”.

“Asko dago egiteko”

Katixa Castellano Asorna Nafarroako gorren elkarteko komunikazio arduradunarentzat, “albiste bikaina” da aretoaren irekiera, “edozein aurrerapen beti delako positiboa”. Aretoko sistema probatzeko aukerarik izan ez badute ere, pozik daude elkartean, “jasotako azalpen teknikoen arabera sistemak itxura ona duelako”. Edonola, entzumen edo ikusmen urritasuna duten pertsonei aisialdia hurbiltzeko orduan “oraindik asko egiteko” dagoela uste du. Gorrez mintzo da, batez ere, Castellano, eta bata bestearen atzetik aipatu ditu aisialdian topatzen dituzten gabeziak: “Egokitutako proiekziorik ez, keinu hizkuntzarik gabeko antzerki eta ikuskizunak, interpreterik gabeko ikastaroak…”. Telebistak legez derrigortuta daude interpreteekin ordu kopuru jakin bat eskaintzera. Baina, Castellanoren hitzetan, “ez dute betetzen”.

Aspaldiko borroka

Urritasuna duten pertsonentzako zinema eskaini ahal izatea ez da izan egun batetik bestera lortutako garaipena. Borroka horretan luze ari dira Navarra de Cine elkartekoak; halako zortzi areto atonduak dituzte Espainiako Estatuko beste zortzi hiritan, eta Iruñekoa izan da azkena.

Lasterrak dioenez, batetik, urritasuna duen pertsona “konbentzitu” behar da, “zinemaz goza dezakeela senti dezan”. Bestetik, zinema aretoetako programatzaileak eta banatzaileak ere konbentzitu behar dira, urritasuna duten pertsonentzat egokitutako filmak eskain ditzaten. Lasterrak dioenez, hori egin ezean “masa kritiko bat eta publikoaren zati bat galduko luketela ulertarazi behar zaie”.

Bide bikoitzeko lan horretan, beraz, “normaltasunerantz ibiltzen joan behar dugu, halakoak albiste izan ez daitezen, eguneroko kontua baizik”. Oraingoz, egunerokoa ez, baina astearterokoa izango da itsu eta gorrentzat zinemaz gozatzeko aukera. Hasteko, Pride filma eskainiko dute (Erresuma Batua, 2015).