Aldaketa ardatz, ‘Hitza’-ren eta Euskalerria irratiaren solasaldi zikloan

Badator aldaketa. Azken urteetan, nafar gizarteak askotan entzun du esaldi hori, ordezkari politiko batzuen zein besteen ahotan. Gehienetan, gainera, aldaketa hitzak eragindako ilusioak etsipenari eta amorruari bide eman dio. Oraingo honetan, ordea, haize berriaren freskotasuna inoiz baino nabarmenagoa da, eta ez dio soilik politikari edo alor instituzionalari eragiten. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen berriak antzeman daitezke euskalgintzaren, kulturaren edota gizarte gaien esparruetan. Horiek guztiak mahai gainean jartzea da Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldien helburua.

Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria Irratiak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta alor ezberdinetan lanean diharduten pertsona ezagunak bilduko ditu Iruñeko Katakrak liburu dendan, hausnarketa sustatzeko.

Euskara, kultura eta politika

Hiru mahainguruk osatuko dute jardunaldien egitaraua: lehenbizikoa, Nafarroak euskaraz bizi nahi du izenburupean, hilaren 29an eginen da, euskalgintzaren esparruko hainbat eragilerekin. Kontseiluko, AEKko eta IKAko ordezkariak izanen dira mahaiaren inguruan, Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekiko izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastatzen.

Bigarren solasaldia maiatzaren 5ean eginen da, asteartearekin, eta bertan, kultura izanen da mintzagai: administrazioek orain arte aplikatutako kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak… Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du mahaingurua.

Azkenik, maiatzaren 13an, hauteskunde kanpaina betean, eztabaida publikoa eginen dute hainbat alderditako hautagaiek, alternatiba politikoa eraikitzearen inguruan. EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek parte hartuko dute Juan Kruz Lakasta kazetariak zuzendutako saioan.

Mahainguru guztiak streaming bidez eskainiko dira zuzenean, BERRIAren webgunean nahiz euskalerriairratia.eus agerkarian. Hamaika Telebistak, bestalde, hauteskundeei eskainitako eztabaida emitituko du maiatzaren 15eko gauean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude