Euskara, ez hain urrun UNEDen

Euskara, ez hain urrun UNEDen

Ander Perez

Ia ikusezina da euskara UNED Espainiako Urruneko Hezkuntzako Unibertsitateak Iruñean duen zentroan. Urrunekoa, irakaskuntza eredua bezainbeste. Instituzio zentralista da UNED: Madrilen (Espainia) ditu aginte organo, eduki, eta irakasleak. Gainerakoak, Espainiako Estatuan dituen zentroak, nukleo horren ordezkaritzak baino ez dira. Irakasle bainoago, tutoreak dira bertako langileak, bitartekariak Madrilgo irakasle eta tokian tokiko ikasleen artean. Eta euskararen kalterako da jardun zentralista eta autonomiarik gabeko hori.

Erdara hutsezkoa da unibertsitatearen eskaintza akademikoa, erdara hutsezkoa ikasle eta langileei bidaltzen zaizkien oharrak, baita burokrazia eta zentroetako errotulazioak ere. Eta egoera horren aurrean, «unibertsitatean euskararen erabilera bultzatzeko asmoz», taldea sortu dute Iruñeko zentroko hainbat ikaslek. UHUNeko Euskaltzaleok izena eman diote ekimenari, eta aurrerantzean, ikasleez gain hezkuntza komunitateko pertsona oro, irakasle zein langile, biltzeko asmoa du. Diotenez, «euskaldunon taldea» da eratu nahi dutena, «euskaraz solas egiteko eta bere erabilera sustatzeko». Pasa den astean aurkeztu zuten taldea jendaurrean, eta euskararen transmisioaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Paula Kasares soziolinguista eta NUPeko irakasleak.

Xabier Jaso taldeko kideetako bat da.Bera bezala, gizarte antropologiako ikasleak ziren iaz euskararen inguruko kezkaz hausnartzeko elkartzen hasi zirenak. Aurten, hausnarketa jende gehiagorengana zabaldu eta talde modura eratu dute haien burua. Egun, osotara, 15 pertsona inguru ari dira dinamikaren baitan.

Hasiera hartan, Jasok gogorarazi duenez, agerikoa zen kezka: «Hara sartzen ginenean ikusten genuen irudia Espainiako beste edozein zentrotakoa izan zitekeen, dena erdara hutsean». Aldi berean, unibertsitatean «geroz eta euskaldun gehiago biltzen zela» ere ikusi zuten. Eta hala, bi egoerak batu, eta lanean hastea erabaki zuten.

Egoera orokorra, ordea, zaila da aldatzen. Eskaintza akademikoaren gaineko hizkuntza politika, kasurako, Madrili dagokion erabakia da. Horregatik, Jasok dioenez, Euskal Herriko hezkuntza komunitatea hizkuntza propioa duten lurraldeetako komunitateekin — «Galiza eta Herrialde Katalanak, batik bat»— bildu beharko litzateke, elkarrekin indarra egin eta Madrilen erabakitan eragiteko.

Errotulazioa, webgunea eta Gabonetako zorion mezua erdara hutsean daude; horiek euskaratzeko eskatu dugu

Hori, edonola, ez da gaur gaurkoz Iruñeko UNEDen sortu den taldearen helburua. Momentuz, «aldaketa txikiak» bilatzen dituzte, bai eta «egoerarekiko kezka helaraztea» ere. Hainbat helburu ere ezarri dituzte, lanean hasteko. Besteak beste, webgunea eta errotulazioa euskaratzea eskatu dute. Bestalde, unibertsitateak egiten dituen jakinarazpen guztiak, «gabonetako zorion mezuak edota ekitaldi bat antolatzen denean bidaltzen dituen iragarpenak, erdara hutsean» daude. Horiek ere euskaraz jasotzeko eskaera egin du UHUNeko Euskaltzaleok taldeak. Gainera, Iruñeko Zentroan dauden langile eta irakasle euskaldunak identifikatu nahi dituzte, eurekin euskara erabili ahal izateko.

Momentuz dakitenagatik, zentroko hiru langile dira euskaldunak, idazkaritzakoa bata, liburutegikoa bestea eta laborategikoa hirugarrena. Jasok dioenez, ordea, langile horiek ez dute identifikaziorik, eta hortaz, «funtzionamendua erdara hutsean izaten da gehienetan». Irakasleei dagokionean ere, banan bana hasi zaizkie galdezka, euskaldunak zentzuk diren identifikatzeko. Eta ikerketa txiki bat ere hasi dira egiten, Iruñeko UNEDen egon daitezkeen euskaldunen balizko kopurua zehazte aldera.

UNEDek Iruñean duen zentroko zuzendari José Luis Martín Nogalesek, oro har, «begi onez» ikusi ditu orain arte egindako eskaerak. «Jarrera ona» duela dio Jasok. Baina aldarrikapen orok talka egiten du funtzionamendu zentralistaren horman. Hori da behintzat zuzendariak euskaltzaleen taldeari esaten diena, zentroaren autonomia faltak galarazten dituela aldaketak. Eta Jasok berak badaki, neurri batean, hori hala dela. Noraino da kezka: «Jabetzen gara txikia dela zentro honen autonomia. Gure zalantza da noraino egin daiteken zerbait eta noraino ez». Alegia, jakitun direla «erabaki potoloak» hartzerik ez dagoela. Horregatik, aldaketa txikiak eskatzen dituzte.

Momentuz, lanean ari diren denbora gutxian, izan dute lorpenik: unibertsitateei buruzko informazioa banatzen duten aldizkari doakoetako batek euskarazko bertsioa kaleratuko du aurki. Eta UNEDeko Iruñeko zuzendaritzak, euskaltzaleen taldearekin batu ostean, jakinarazi du euskara hutsean argitaratuko duela informazioa agerkari horretan.

«Pausu bat» da hori, Jasoren ustez, eta baita «keinu bat» ere, Iruñeko arduradunen jarrerari dagokionean. Eta aurrerantzean beste urrats batzuk eman nahi dituzte: gonbitea egin diote UNEDeko hezkuntza komunitateko kide orori, taldea «martxan jarri dela jakinarazteko», batetik, eta hala nahi duena lanera batu dadin, bestetik. «Masa kritikoa» eratzea, izan ere, ezinbestekoa da Jasoren ustez, «aurrerapauso gehiago» emateko. Kopuruak, noski garrantzia baitu: «Talde zabala bagina aukera gehiago genuke eragiteko».

Leave a Reply

Your email address will not be published.