Hamaika hasi da Iruñerrian LTD bidez emititzen, 38. kanalean

Hamaika hasi da Iruñerrian LTD bidez emititzen, 38. kanalean

Urtzi Urkizu / BERRIA

“Poz handiarekin” hartu du Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak Iruñerrian lurreko telebista digitalean emititzen hasi izana. Nafarroakoa zen Hegoaldeko hiriburuetatik falta zena, eta jadanik lau hiriburuetan ikus daiteke euskarazko katea. 2013an LTDko lehiaketan Iruñerrirako lizentzietako bat lortu zuen Hamaikak. Nafarroako erkidego osorako, ordea, ez du baimenik —ez zen lehiaketara aurkeztu—.

Hasieran, Donostiako emisioa ikusi ahalko da Iruñerrian. «Nafarroako populazioaren ehuneko handi bat bizi da Iruñerrian. Haiengana, behintzat, iritsiko gara», adierazi du Uriak. «Ikusiko dugu zein den garapena, baina denborarekin ekar dezake Iruñeko eta Nafarroako eduki gehiago sartzea Hamaikan. Bertan emititzea, behintzat, lorpen handi bat da. Kontuan izan behar da Iruñerrian euskarazko komunikabideen egarri handia dagoela. Bizigarri bat izango da». Euskarazko katearen arduradunak uste du Hamaikak harrera ona izango duela Nafarroako hiriburuan.

Iruñerrian bertan, Xaloa telebista abenduan hasi zen emititzen —orain arte soilik Baztanen, Bertizaranan eta Malerrekan emititzen zuen—. «Xaloarekin beti izan dugu harreman ona. Saioak ere partekatzen ditugu», esan du Uriak.

Hamaikako zuzendariak, dena den, aitortu du diru laguntza publikorik gabe «pentsaezina» dela Iruñerrian azpiegitura berririk sortzea. «Gasteizen ere Bilboko emisioa errepikatzen ari gara. Erakunde publikoetatik oso diru gutxi jasotzen dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak, adibidez, ez du ezer ematen euskarazko tokiko telebistentzat». Jaurlaritzak 500.000 euro ematen ditu euskaraz ari diren zortzi tokiko kateentzat. «Horrekin ezin da gehiago egin. Planteamendu serio bat egin beharko luke Jaurlaritzak».

LTD bidez, 11 eskualdetan

Iruñerriaz aparte, Hamaika Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar eskualdetan ikusten da lurreko telebista digitalean: Bizkaian, Busturialdea da Hamaika ikusten ez den eskualde bakarra, Oizmendi telebista dagoelako —kate horrek Hamaikaren saioak ere ematen ditu—; Gipuzkoan, Goiena (Debagoiena), Goierri telebista (Goierri), 28 Kanala (Tolosaldea) eta Erlo telebista (Urola Kosta) herri telebistak daude —eskualde horietan ez da LTD bidez zuzenean Hamaika jasotzen—. Hamaika Donostia-Beterrin, Oiartzualdean, Bidaso aldean eta Debabarrenean ikusten da; Araban, Gasteiz osoan ikusten da. Laudio inguruan emititzen hastea espero dute, aurten ez bada, hurrengo urtean. Gainera, Euskaltel bidez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztietan ikus daiteke Hamaika. Uriak azaldu duenez, Debagoienean LTD bidez Hamaika jaso ez arren, Euskaltel etxe askotan dago, eta, ondorioz, kable bidez ikus daiteke euskarazko katea. Lapurdin, Hendaian eta kostaldeko toki batzuetan jasotzen da LTD bidez Hamaikaren Donostiako seinalea.

Hamaikaren zuzendariak, bestalde, nabarmendu du Internet bidez gero eta ikusle gehiago dituztela. «Korrikaren zuzeneko emanaldiek eta herrietako bideoek bisita ugari izan zituzten. Oso balorazio ona egiten dugu». Etorkizunean ikus-entzunezkoak Internet bidez ikusteko joera areagotu egingo dela iruditzen zaio Uriari: «Arazoa da ea hori nork monetarizatzen duen».

Leave a Reply

Your email address will not be published.