Udalak: lau urtez itolarrian

Udalak: lau urtez itolarrian

Ion Orzaiz / NAFARROAKO HITZA

Ekonomikoki itota. Halaxe izan dira tokiko administrazioak, amaitzear den legealdi osoan. Nafarroako Gobernuak ezarritako murrizketa bortitzek eta Madrilek udalerrien autonomia kamusteko eginiko saioek kolokan utzi dute kontzejuek, mankomunitateek eta udalek herritarrei zerbitzua emateko duten gaitasuna.

Kolpe latzena 2011ko irailean heldu zen, legealdia hasi eta hilabete gutxira. UPN-PSN koalizio gobernuko kontseilari guztiek, Yolanda Barcina presidentea buru zutela, larrialdiko agerraldia egin zuten, 294 milioi euroren murrizketa aurkezteko. “Egoera ekonomiko latzarengatik, behartuta gaude erabaki hau hartzera. Erabaki gogorra da, baina, aldi berean, ausarta”, esan zuen Barcinak. Atzean zituen Roberto Jimenez lehendakariordea eta Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, besteak beste. Biek ala biek “beharrezkotzat” jo zituzten doikuntza neurriak.

Agerraldi horretan, baina, gobernukideek ia aipatu gabe utzi zuten udalei emandako zaplaztekoa. Itunaren letra txikia zen hori: Tokiko Administrazioen Funtsari ezarritako 11,7 milioi euroren murrizketa. Horrez gainera, garaian garaiko inbertsioak eta proiektu zehatzei emandako diru laguntzak ere kimatu ditu gobernuak lau urte hauetan.

“Oso legealdi zaila izan da hau”, laburbildu du Agoizko alkate Unai Lakok (Bildu). “Krisi ekonomikoaren astinaldia jaso dugu guztiok, baina, udalen kasuan, diru iturriak bi bidetatik itxi zaizkigu: alde batetik, herrian obra gutxiago egin dira, eta, ondorioz, diru gutxiago jaso dugu lizentzia, zerga eta plusbalien truke; bestalde, Nafarroako Gobernuaren erabakiek oso egoera zailean jarri gaituzte”. Iritzi berekoa da Xabier Lasa Berriozarko alkatea ere (Nafarroa Bai): “Gerrikoa estutu behar izan dugu behin baino gehiagotan, baina ahalegina egin dugu herritarrenganako arretari eta oinarrizko zerbitzuei eusteko, funtsezkotzat jotzen baitugu kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta inbertsioak egitea”.

Kutxatik dirua hartzen

Nafar guztiek zergen bidez ordaintzen duten kopurutik, zati bat erabiltzen da udalak finantzatzeko. Hori da Toki Administrazioen Funtsa. Udalek eta mankomunitateek beren ohiko jardunerako eta gastuetarako erabiltzen duten kutxa. 2011ko irailaren 27an, ordea, kutxa ireki eta tokiko entitateei zegokien dirua gutxitzea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak. Ordura arte, inoiz ez zen funtsa ukitu.

Ia 12 milioiren doikuntza iragarri zen hasieran, baina, udal ordezkarien protesten ondorioz, negoziatzeko konpromisoa hartu zuen Roberto Jimenez lehendakariordeak. “Zer egin behar dugu udalok?”, galdetu zuen Lasak 2011n. “Hornitzaileak eta argindarra, ura, gasa ordaintzeari utzi behar al diogu? Langileei soldatak ordaintzeari utzi behar al diogu, edo herritarrei zerbitzuak emateari utzi?”. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere auzitara jotzeko prest azaldu zen. Azkenean, ordea, Nafarroako Gobernuak leundu egin zuen kolpea: 11,7 milioi eurorena ez, zortzi milioirena izan zen murrizketa.

Lakoren esanetan, Toki Administrazioen Funtsa ez da gobernuaren diru laguntza bat, ezta limosna hutsa ere. Udalen funtzionamendua bermatzen duen funtsa da, eta gobernuak diru banaketa “justua eta proportzionala” egin beharko luke. Gaur egun, ordea, ez da halakorik gertatzen: “Nafarroako Gobernuaren esku dago erabakitzea zertan gastatzen duen diru publikoa; tokiko administrazioen diru sailak murriztu ditu, baina beste asko ez ditu ukitu: besteak beste, Nafarroako ubidea eta abiadura handiko trena”.

Orain arte, lau urtean behin ezartzen zen Toki Administrazioen Funtsera bideratu beharreko diru publikoa, baina azken hiru urteetan izoztua egon da partida. Horrek kalte handiak eragin dizkie gehien hazi diren udalerriei —Berriobeiti, Eguesibar eta Aranguren, besteak beste—, zerbitzuak eta azpiegiturak zabaldu eta egokitu behar izan baitituzte, diru kopuru berberarekin. Zehazki, zergetatik jasotakoaren %8 inbertitzen du Nafarroako Gobernuak udalerri, mankomunitate eta kontzejuetan.

Inbertsioak, behera

Toki Administrazioen Funtsaz harago, unean uneko inbertsioek ere sumatu dituzte UPNren murrizketak. Alkateen irudiko, Yolanda Barcinaren gobernuak “ia alor guztietan” aplikatu ditu doikuntza neurriak, baina azpiegituren eta zenbait zerbitzuren finantzaketan nabaritu dute murrizketa. Hala, azpiegitura publikoei dagokienez, 20 milioi euro inguru inbertitzen du orain Nafarroako Gobernuak —garai batean ematen zuenaren herena—; eta %20 eta 50 artean murriztu dira udalei emandako diru laguntza gehienak.

Horrez gainera, epeak nahieran maneiatzea eta ezinegona sortzea leporatzen diote gobernuari udaletako eledunek. “Haur eskolak, enplegu soziala, kultur etxeak, kirol instalazioak… Udalek aurreratu behar izan dugu zerbitzu horiei eusteko dirua, eta gobernuak nahi edo ahal izan duenean ordaindu digu zegokion zatia”, azaldu du Agoizko alkateak. “Adibidez, 2012-2013ko ikasturtean, haur eskolen gastua guk aurreratu genuen, eta gobernuak 2013ko abenduan pagatu zuen; hau da, 15 hilabeteko atzerapenarekin. Horrek sekulako itolarria eragin digu”.

Berriozarko Udalean ere, gobernuak sinatutako itunen ziurgabetasunarekin izan zituzten arazo larrienak. “Adibidez, aldi baterako kontratazioen %60 edo 70 ordainduko zizkigutela esan eta, deialdia egina zegoenean, baldintzak aldatu eta %40 pagatzen zizkiguten”, gogorarazi du Lasak. “Aurreikuspen guztiak hausten dizkizu halako gauza batek, askotan egitasmoak, deialdiak edo kontratazio prozesuak abian direnean esaten dizutelako finantzaketa kolokan dagoela. Ordainketak etengabe atzeratzeak ere buruhauste handiak eragin dizkigu kontuak ixteko garaian, gobernuak urtebeteko atzerapenarekin ordaintzen zizkigulako hitzartutako laguntzak”.

Finantzaketaren erreforma

Lakorentzat, “banku txarraren rola betetzea” egokitu zaie tokiko administrazioei azken urte hauetan: “Gobernuak hartu du murrizketak egiteko erabakia, kalteak guk ordaindu ditugu, eta, gainera, azalpenak emateko ardura ere gurea da”.

Izan ere, foru administrazioak eta tokiko entitateek jasotzen duten tratua oso ezberdina dela uste du Agoizko alkateak: “Gobernuaren egoera txarra ulertu eta pazientzia izan behar dugula esaten digute, baina, hori bai, guri ez digute ezer barkatzen: zentimo bakoitza justifikatu behar dugu beti, eta kontuak eguneratuak izan behar ditugu”.

Halako egoerak saihesteko, igande honetako bozak “erabakigarriak” izan daitezkeela uste dute udal ordezkariek. “Politika egiteko modu berriak ezarri behar ditugu, bai udaletan eta bai Nafarroako Gobernuan”, esan du Berriozarko alkateak. Lakok, berriz, argi du Nafarroako tokiko administrazioaren erreforma bultzatu beharko litzatekeela. “Toki Administrazioen Funtsa indartu egin behar da. Ahalegina egin behar du gobernuak udalen finantzaketa hobetzeko, baina ez azpiegitura erraldoiak ordaintzeko, eguneroko gastuei aurre egiteko baizik. Likidezia behar da, ez luxuetan xahutzeko, oinarrizko zerbitzuak bermatzeko baizik”.