Iritzia: “Ongi etorri, aldaketa!”

Lur Albizu Etxetxipia

Ez dakit oso ongi zeri buruz idatzi beharko nukeen gaur. Lehenik eta behin, azken aldiz izendatuko zaitut, Yolanda… Zenbat buruhauste ekarri dizkiguzun… Orain zaila egiten zait zu gabeko Nafarroa irudikatzea. Eta zein pozik nagoen. Agur, Barcina. Agur, navarrísimo. Agur, UPPSN. Agur…

Hitzak behin eta berriz errepikatzen ditugunean errealitate bilakatzen ahal direla esan zidaten behin. Hori ematen du, azkenean ametsa hurbilago baitugu: aldaketa. Lehenengo egunen zirrararen ondotik, argi izan behar dugu hemendik aurrera zer egin beharko genukeen: lan, lan, lan eta lan. Eta gobernu berriari, alkatetza berriei exijitu: proiektu txikitzaileak gelditzea, Euskararen Lege berria egitea, Sinboloen Legea deuseztatzea, alfonbrak altxatu eta lapurrei dagokiena ordainaraztea, Osasun Zerbitzu duinak (eta ospitaleko sukaldea) berreskuratzea, memoria historikoari duintasuna ematea, murrizketak gelditzea, enplegua sustatzea, gehien dutenei gehiago ordainaraztea, Los Arcos ixtea, Reyno de Navarra Arena ez irekitzea… Finean, gauza asko dira aldatzen ahal direnak. Iruditzen zait oraindik ez diogula erreparatu honek izan dezakeen dimentsioari. Ea pixkanaka honi neurria hartzen diogun.

Dena den, kalean egin behar dugu indar handiena. Kaleak husten uzten baditugu, gureak egin du. Aldaketa ezin delako lau urtekoa izan; iraunkorra izan behar du, eta gizarte hobe bat ekarri behar du, progresiboki aurrera eginen duena, merkatuaren beharrei men egin beharrean, pertsona erdigune izanen duena. Eta, horretarako, egunez egun egin behar dugu lan guztiok. Aldaketa aurretik ere gorpuzten hasi delako: herri mugimenduek izan dute honen erru eta erantzukizun (ia) guztia. Gizarte aldaketa artikulatzeko ezinbestekoa dugu lan ideologikoarekin jarraitu eta erregimena behingoz eta betiko kanporatzea. Nafarroa berri batekin amets egiten dut egunero. Gizarte more, gorri, berde batekin.

Baita gizarte libre, laranja batekin ere. Gaurkoan, azken aste hauetan bezala, ezin dudalako Gasteiz ahaztu. Ezin ditut ahaztu haien militantzia politikoagatik kartzelan dauden Ibon, Marina, Aiala, Ainhoa, Bergoi, Igarki eta Xabat. Ezin dut herri harresi duin, abeslari, desobediente hura ahaztu. Haiengatik ere lan egin beharko dugu. Haien alde, haiek etorri eta beste inor bahitu ez diezaguten ere lan egin beharko dugu. Eta ez da erraza izanen. Baina duela urte batzuk norbaitek pentsa zezakeen aldaketa lortzen ahalko genuela? Nafarroan aldaketa Ibon bezalako inurri langileei, nekaezinei esker etorri da, besarkada laranjak harantz! Maite zaituztegu.

Norberak bere esparrutik lan egiten jarrai dezala. Nik, gazteon esparrutik, Nafarroa euskaldun eta feminista baten alde lan egiten segituko dut. Ni, zu, gu ezinbesteko piezak baikara puzzle zail eta aberasgarri honetan. Aurrera!