Pobreziaren kontrako neurriak, abian

Pobreziaren kontrako neurriak, abian

Maialen Belarra

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordea pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako sareko 30 erakunde ingururekin bildu dira, arlo horretan Nafarroan dauden gabeziak mahai gainean jartzeko, eta berehalako neurri batzuk zehazteko. Nafarroako Gobernuak presazkotzat jo du gizartean baztertutako familiei laguntzea, txirotasun energetikoari aurre egiteko.

Legealdi berriaren barnean, Barkosen gobernua lehenengo urratsak egiten ari da hainbat arlotan. Joan den astean, lehendakariak esan zuen Nafarroa 325 errefuxiatu hartzeko prest dagoela, babes handiena behar dutenei laguntza bermatzeko prest. Astelehen honetan, berriz, antzeko bideari jarraitu dio gobernuak, baina etxean bertan dauden beharrei begira. Pobreziari aurre egiteko erakundeekin egindako bileraren funtsa, hain zuzen ere, “inklusioan oinarritutako gizarte baterantz” abiatzea da.

Proposamen trukean, elkarteek oinarrizko hainbat eskakizun azaldu dituzte, nafarren benetako arazoak zein diren adierazteko asmoz: besteak beste, PFEZaren eta diru laguntzen legeak betetzeko eta gizarteratzea erdiesteko estrategia berriak sortzeko eskatu dute.

Nafarroako Gobernuak, berriz, bereizi egin ditu premiazko neurriak eta epe hain laburrekoak ez direnak. Lehenengoen artean lau milioi euroko aparteko saria aipatu du Laparrak, bi diru sailetan bereizita. Erdia bazterketa egoeran dauden familiei bideratuko zaie, pobretasun energetikotik ateratzen laguntzeko, eta hezkuntzarekin zein osasunarekin lotutako oinarrizko beharrak asetzeko; beste erdia, berriz, Nafarroako udalek kudeatuko dute, lan merkatuan enplegua lortzeko zailtasunak dituztenei emanez. Ildo horretan, ezohiko deialdi bat egin nahi dute, babestutako lanpostu berriak berehala sortzeko. Bi kasuetan urtea bukatu baino lehen martxan jartzea aurreikusten dute.

Epe luzeagoko neurrien poltsan, Gizarte Inklusiorako Errentan hobekuntzak egitea aipatu dute. Era berean, Laparrak argi utzi du herritarren parte hartze eredua aldatu nahi dutela, orain arteko sistemak ez baitu inolako adostasunik lortzeko balio izan. Etorkizunean lurralde osoko eragileekin nahiz norbanakoekin zuzeneko tratua sustatu nahi dute, herritarren egiazko behar eta eskakizun nagusiak atzemateko. Areago, bilera ofizialetatik at ere parte hartzea indartu nahi dute.

Lidia Almirantearenak, pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako sareko lehendakariak, itxaropena adierazi du gobernu berriarekin izandako lehenengo kontaktuaren ostean. Presidenteak aitortu du, azken egunetako gorabeheren harira, garai korapilatsu samarra dela; dena den, baieztatu du onuragarria dela lan ildo berriak sortzea.

Hemendik aurrera lan handia eta gogotsu egin beharko dutela jakin arren, bi aldeek erakutsi dute epe luzean elkarlanean aritzeko konpromisoa eta ilusioa.