Iritzia: Sarraski sinesgaitza

Asier Azpilikueta

 

Ezin sinetsita. Nafarroako gizartea halaxe dagoela adierazi zuen atzo Uxue Barkos lehendakariak, behin eta berriz, NUPeko sarraskiaren inguruko xehetasunak aipatzeko prentsaurrekoan. Agerraldia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ate nagusiaren ondoan egin zuen, dozenaka kazetariren aitzinean, atzoko hilketa masiboa bukatu eta bi ordura.

Oraindik ere odol arrastoak ikus zitezkeen Barkosek mintzatzeko erabili zuen atriletik gertu. Foruzaingoko buru Torcuato Muñozekin batera mintzatu zen lehendakaria eta hainbat alditan bere mintzaldia eten behar izan zuen, negar malkoak idortzeko. “Ezin sinetsita gaude”, adierazi zuen. “Nork pentsatuko zuen halako zerbait gurean ere gerta zitekeela”.

NUPeko sarraskiaren ustezko egilea, Christian Huarte Mendoza, duela egun batzuetako Roseburg hiriko (Oregon, AEB) sarraskia imitatu nahi izan duela uste du Foruzaingoak. “Arrosadia izeneko campusa izateko zorte txarra izan dugu”, azaldu zuen Muñoz foruzainak. “Hala, gaur goizean, 09:17ak aldera, ustezko hiltzailea unibertsitateko gelategiko ate nagusitik sartu da, soinean bortz pistola eta errifle bat zituela. Sartu eta berehala atezain batek ikusi du eta garrasika hasi da, eta hark jaso ditu lehen tiroak. Gero, ustezko hiltzailea ikasgela batean sartu da eta irakasle bat eta hamahiru ikasle hil ditu. Hori eginda, ondoko komunean sartu da, juramentu militarren bat oihukatu du, komun-ontzi batean eseri da, eta bere buruaz bertze egin du erriflearekin buruan tiro emanda”.

Armen kontrolaz

“Nahi izanen banu ere, ez nuke jakinen zer egin behar den armen kontrola zorrotzagoa izan dadin”, desenkusatu zen Barkos lehendakaria, Javier Esparza UPNkoak hainbat minutu lehenago eginiko adierazpenei erantzunez. Izan ere, oraindik gorpu guztiak altxatuta ez zituztelarik, Esparzak gogor kritikatu zuen Gobernua, sarraskia “agintari berrien inakzioari” egotzi zion eta Barne departamentuko buru Maria Jose Beaumonten dimisioa eskatu zuen.

“Susmagarriak 6 arma erabili ditu gaur, eta etxean bertze zazpi aurkitu dizkiogu”, esplikatu zuen Muñozek. “Arma guztiak legearen barruan erosi zituen, eta horiek erabiltzeko beharrezko baimenak zituen. Munduko bertze zenbait herritan ez bezala, nik uste hemen ongi kontrolatzen ditugula armak eta haien jabeak. Baina, jakina, edozein tokitan atera daiteke ero bat eta halako zerbait egin. Hori saihetsezina da”.

Atzo eguerdian bidalitako prentsa ohar batean, Adecana Nafarroako ehiztarien elkarteak eskatu zuen NUPeko sarraskia “ez erabiltzea armen kontrol zorrotzagoa onartzeko”. Ehiztarien aburuz, “mundu osoko kontrolik zorrotzenak” jasaten dituzte arma jabeek “Espainian”. Kontrako bidean, EH Bilduk iragarri zuen laster lege proposamena aurkeztuko duela Parlamentuan, etxean suzko arma duen edozeinek azterketa psikologiko bat gaindi dezan ezarriko duena.

“Ohituta gaude halakoak telebistan ikusten”, bukatu zuen Barkosek. “AEBetan-eta, badakizue, eguneroko kontua da. Baina sinesgaitza da hemen, gure Nafarroa maite honetan, halako sarraski bat gertatu izana”.